Urkullu, Torra, Feijo eta beste zenbait erkidegoetako presidente larrialdi egoera luzatzearen aurka azaldu dira presidenteen arteko bideobileran. Espainiako presidenteak salbuespeneko erreminta “juridiko-instituzionala” beharrezkoa duela adierazi die.
Espainiako eta erkidegoetako presidenteen arteko bilerak aurrekoen gidoi antzekoa jarraitu du, zortzigarren igandez. Espainiako Gobernuko presidenteak larunbat arratsaldetako prentsaurrekoan jakinarazten ditu egun bat beranduago erkidegoetako presidenteei azaltzen dizkien erabakiak. Hainbat erkidegotako presidentek jokatzeko modu hori aurpegiratu izan diote bileretan, eta aste bat beranduago egoera errepikatu egiten da.
Igande honetako bileran hainbat presidentek hitz egin dute larrialdi egoera luzatzearen eta salbuespen legediaren aurka, besteak beste Quim Torrak, Iñigo Urkulluk, Alberto Núñez Feijóo galiziarrak, edo Isabel Díaz Ayuso madrildarrak. Sánchezek erantzun du bere asmoa erkidegoekin batera gobernatzea dela, baina larrialdi egoera beharrezkoa zaiola "mugikortasun eta konfinamendu murrizketak planteatzeko”. Asteazkenean bozkatuko da Espainiako Kongresuan Sánchezen gobernuak proposaturiko hamabost eguneko luzapen berria. Kataluniako presidente Quim Torrak jakinarazi du JxCatek aurka bozkatuko duela.
Urkulluk legedi arruntera bueltatzearen alde argudiatu du: “Beharrezkoa da ohiko legezkotasuna berreskuratzea, osasun publikoa bermatzeko, bai eta pixkanaka normaltasun instituzionalera itzultzea ere”. Krisia kudeatzeko modua “birformulatzea” eskatu dio Sánchezi, “erkidego bakoitzean Estatuaren ordezkaritza osatzen dugunon arteko adostasuna finkatzeko”. Ez du argitu asteazkenean zer bozka emango duen EAJk. Nafarroako Gobernuko presidente María Chivitek, aldiz, Espainiako Gobernuari babesa adierazi dio.