Putinen misilak


2024ko martxoaren 06an - 12:45
Tucker Carlson

Otsailaren 9an, Tucker Carlson AEBetako kazetari ezagunak bi ordu luzez jardun zuen hizketan Vladimir Putin Errusiako presidentearekin. Gizon hori errepublikanoa da, eskuin muturrekoa, diotenez –Fox News telebista kateko aurkezle izana– eta Donald Trump ospetsuaren ildokoa. Jakin-mina pizten du jakiteak zergatik eman dion Putinek kazetari horri elkarrizketa egiteko aukera eta ez orain arte Mendebaldeko beste inori. Donald Trump presidentegaiaren konfiantzakoa izanik, ez al zion ezkutuko mezu garrantzitsuren bat ekarriko Putini?

Elon Musk

Horri denari eransteko beste elementu bat ere bada. Elon Musk aberats famatuak zergatik eskaini zion Carlson kazetariari elkarrizketa hori irekian hedatzeko aukera? Lehen Twitter zen X sareak hala zabaldu zuen elkarrizketa eta biharamunerako 200 milioi ikusle izan zituen, sekulan inork lortu dituen kopuru guztiak aise gaindituta. Carlson-Trump-Musk hirukoak eskuartean planen bat baduela pentsatzeko bidea ematen du.

Zentsura

Elkarrizketa horrek oihartzun izugarria izan zuen mundu osoan. Putinek ez zuen gauza berririk esan. Zergatik, bada, halako dardarizoa planeta osoan? Segur aski, Operazio Militar Berezia abiarazi zenetik Mendebaldeko kazetari batek Putini egiten zion lehen elkarrizketa zelako eta mundu errusiarrari egiten zitzaion bi urtetako zentsura gainditzen zuelako.

Vladimir Putin

Orain Mendebaldean jende askok Putin zuzenean entzun du eta pertsona horien iritzietan eragina izanen duela ez da zalantzarik. Gauza interesgarri asko esan zuen, pentsarazi behar digun ideia ugari. Bonbak bezala gainera erori zitzaizkigunak. Aski da elkarrizketa hori entzutea ohartzeko kultura handiko pertsona dela, politikari handia eta maila goreneko estatu-politikaria. 24 urte daramatza munduko herrialde handiena den Errusia gidatzen eta gaitasun hori oso jende kualifikatuak bakarrik izan lezake.

Misilak

Bere iritziak harrapatzen duen guztia birrintzen duen misil hipersoniko bezala iritsi zaizkigu. Elkarrizketa horretatik egungo Mendebaldearen diskurtso hegemonikoa gainditzen duten misil asko atera da gugana. Elkarrizketak AEBetatik eta EBtik egunero zuzentzen diguten mezuaren gabeziak agerian utzi ditu eta, goi mailako estatu-politikaria denez, koherentziaz azaldu dizkigu Ukrainako gudaren inguruan herritar guztiok jakin beharko genituzkeenak.

Volodimir Zelenski

Interesgarria litzateke jakitea Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak zergatik ukatu zion Carlson kazetariari elkarrizketarako aukera. Jakina da estatubatuarrak gudari amaiera emateko asmotan direla eta ez dutela Zelenski bukaera hori kudeatzeko egokitzat hartzen. Egoera horretan elkarrizketa ukatu izana ez da ustekabekoa. Bestalde, Putinen aldean edukietan eta maila politikoan eskas gelditzeko beldurragatik izan zela ere pentsatzeko bidea eman du.

PUTINEN MISILAK
Elkarrizketak AEBetatik eta EBtik egunero zuzentzen diguten mezuaren gabeziak agerian utzi ditu eta, goi mailako estatu-politikaria denez, koherentziaz azaldu dizkigu Ukrainako gudaren inguruan herritar guztiok jakin beharko genituzkeenak

1. “AEBek hasi zuten guda hau”. Putin hainbat unetan mintzatu zen elkarrizketaren muina zen horretaz. Lehen aurrekaria 1991n kokatu zuen, Sobiet Batasunak bere buruaz beste egin zuenean. Horren truke, “NATOk ekialdera ez zabaltzeko konpromisoa hartu zuen. Baina bost alditan kide berriak onartu zituen eta 2008an Ukraina eta Georgiari bazkide izateko gonbita luzatu zien. 2014an, Ukrainan estatu kolpe bat eman zuten eta konstituzioan jasota zuten neutraltasunari uko egin zioten. Janukovitx presidenteak Alemania, Frantzia eta Poloniarekin sinatua zuen plana errespetatu balitz eta estatu kolpea eman izan ez balitz, behatz bat ere ez genukeen mugituko”. Erreferentzia horiek egin ondoren, 2014an kokatzen du Ukrainako gudaren hasiera. Detonatzaile gisa aipatzen ditu NATOren base militar estatubatuar eta britainiarrak hasiak zirela lurralde ukrainarrean azaltzen, Minskeko Hitzarmena betetzeko borondaterik eza errepikatuz gobernu ukrainarra, Holland eta Merkelek egindako adierazpenak eta, azkenik, Donbass-eko zibilei egiten ari zitzaizkien bonbardaketak.

2. “Badakit AEBek guda amaitu nahi dutela eta ez dakitela nola”. Errusiari ezin zaiola porrot estrategikorik eragin esanez, guda hau Errusiak irabazia duela adierazten du. Putinek ez du uste AEBak mundu mailako guda batean –nuklearrean, alegia– inplikatuko direnik. Mezua biribiltzeko honakoa eransten du: “Guda aste gutxitan buka daiteke. Aski da AEBek arma gehiago ez bidaltzea”.

3. “Negoziatzeko prest gaude”. Jarraian hainbat aldiz azaltzen ditu negoziazio-prozesuaren pauso esanguratsuenak: 1991tik aurrera, NATO kide berriak hartuz joan zen bitartean Errusia “ez egin halakorik” esatera mugatu zen. 2014 eta 2015ean Minskeko Hitzarmenak sinatu zituen. 2022ko martxoan, Istanbulen ados jarri zen Ukrainaren ordezkariekin OMB Operazio Militar Bereziari amaiera emateko. Borondate ona erakusteko, 2022an Errusiak Kievetik erretiratu zuen armada. Akordioa sinatu berritan Boris Johnsonek Zelenski konbentzitu zuen gudari berriz ekiteko. “Beraiek konpondu beharko dute akats larri hori. Gu negoziatzeko prest gaude. [OMB] guda bukatzeko urratsa izan zen”.

4. “Ez dugu inbaditzeko asmorik. Jendea izutzeko mezua da”. “Zer irabaziko dugu, ba? Ez dugu inolako interesik. Nahiko lur daukagu eta jende gutxi. Planeta osoa arriskutan jarriko lukeen mundu mailako gudak ez du zentzurik. Soilik erasotzen badigute joko dugu erasora. Beldurra zabalduz, Ukrainarako armak erosteko dirutza handiak bideratzea errazago onartuko dute. Onura sozialen kaltean, noski”.

5. “Ukraina estatu artifiziala da. Guda zibila da hau”. Lehen ordu erdi luzea Errusiaren historia azaltzen eman zuen Putinek, eta Ukraina eta Errusia historikoki lotuta egon direla azaldu zuen. Ondoren, hau erantsi zion: “Ukraina izena 'o Krai' esamoldetik dator eta muga inguruko jendea esan nahi du errusieraz. Ez zuen adierazten etnia edo kultura desberdineko jendea. Estatu baten lehen itxura Stalinek eman zion errepublika sobietarraren estatusa eman zionean. Bitartean Errusiaren beste zati bat besterik ez zen izan”. Putinek konfrontazio hau guda zibiltzat jotzen du. Eta beren arteko harremanak berreskuratuko direla ziurtatzen du, prozesu luzea izanen den arren.

6. “Legez nazismoa debekatzea sinatu zuten ukrainarrek gurekin batera”. Nazismoaren inguruko tartea luzea izan zen. Izan ere, II. Mundu Gerran nazien basakeriekin izugarri nola sufritu zuten azaldu zuen hainbat aldiz. Putinek Ukrainan beste inon ez dagoen arazoa dagoela azpimarratu zuen. Herrialde guztietan azaltzen da halako ideologia duen jendea, baina inon ez da ontzat ematen. Ukrainan, berriz, onartua ez ezik, maila gorenera eramana dago eta heroi nazional gisa dituzte milaka guda-krimen egin zituzten Estepan Bandera eta Román Shujevitx. Hortaz gain, monumentuak eraikitzen dizkiete eta ikur naziak nonahi erabiltzen dituzte. Onartezintzat jotzen du 2023ko irailean Kanadako Parlamentuan Yarsolav Hunka 98 urteko naziari eginiko omenaldia. Hitlerren kolaboratzaile handia izan zen eta judutarrak, poloniarrak eta errusiarrak hil zituen gizona horrela txalotzea ez dela onargarria dio. “Hitler hil zen, baina haren ideologia oso bizirik dago Ukrainan. Guda amaitzeko Istanbuleko 2022ko hitzarmenean jasota dago nazismoa legez debekatzea Ukrainan”.

7. “Onura ekonomikoa BRICSen bidetik dator”. Eduki hauek jorratu zituen Putinek munduaren egoera ekonomikoaz: azken urteetan, [estatu kapitalista aberatsenak biltzen dituen] G7 taldearen indize ekonomikoak beherantz doaz eta une honetan munduko BPGaren %30 biltzen dute, duela urte gutxi batzuk %42 zuten. BRICS komunitatearena, orain %40, duela urte batzuk %16 zela. G7ren beheraldia eta BRICSen goraldia mantendu eginen dira. Dolarra eta euroa indarra galtzen ari dira, eta berekin Mendebaldearen ekonomia. BRICSen liderrak Txina eta Errusia dira eta lehena munduko potentzia ekonomiko handiena da eta Errusia Europakoa. G7 eta BRICSek norabide berean jardun beharko lukete, buruan garunaren bi zatiek bezala, baina ez da hala eta horregatik munduak gaitz larria du. “Mendebaldean elite ekonomikoek agintzen dute eta garaiak eskatzen duenaren aurka ari dira. Politikoek neurri egokiak hartzeko espezialisten aholkuak behar dituzte”.

8. “AEBek ezartzen dituzten zigorrak ilegitimoak dira NBEren arabera”. Kontzeptu hauek garatzen ditu atal honetan: dolarra arma bezala darabilte eta akats larria da. Etengabe presioa egiten ari dira mundu osoan eta kezka zabaldu dute leku guztietan. Zigor ekonomikoak ilegitimoak dira Nazio Batuen Gutunaren arabera. Zentzugabekeria da, beren burua ere kaltetzen baitute. “Nazioarteko politikaren arauak NBEak finkatu beharko lituzke”.

9. “Kontinente arteko misil hipersoniko onenak dauzkagu”. Arma nuklearrekin arazorik ez izateko, misilen aurkako babes-sistema elkarrekin antolatzea proposatu zion Putinek Bush presidenteari. Arrisku nuklearra munduan ezabatuko lukeen proposamen hori ere ukatu egin zioten. Ondorioz: “Kontinente arteko misil hipersonikoak sortu genituen eta une honetan denen aurretik gaude”.

10. “Nord Stream 2ko hodi bat onik dago, baina Alemaniak ez du zabaldu nahi”. Beraz, gasa Europaren mendebaldera bihar bertan has daitekeela berriz bidaltzen dio Putinek. Nord Stream hodi horretaz gain, Poloniatik beste bide bat  igarotzen dela eta Ukrainatik beste bi. Hortaz, zer zentzu du gas merkeena eta onena erosteari uko egiteak? “Alemaniako jendea oso inkonpetentea da. Gasa orain hiru aldiz garestiago erosten ari dira”.

11. “Zuek pragmatikoak zarete; guk garrantzia handia ematen diegu balio etiko eta moralei”. Pragmatiko hitza erabiliz Mendebaldean diruari gehiago begiratzen zaiola esan nahi du Putinek. Eta Errusian, berriz, kultura, artea, erlijioa… eta horien inguruko balio ez-ekonomikoek garrantzi handia hartzen dutela. “Berdinak dirudigu, baina gure mentalitatea desberdina da”. Bizitzeko bi modu desberdin hauek kontutan hartuta bakarrik ulertuko dugu Ukrainako gudan bi aldeek izan dituzten jarrera kontrajarriak.

Joan Mari Beloki Kortexarena

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
"Etxebizitza Turistikoaz eta klase borrokaz" edo nola antolatu jendea kapitalaren aurka, ustez, gatazkarik ez den lekuan

Orain dela egun batzuk Bilboko metropoliko AZET sindikatuak hitzaldi batean parte hartzera gonbidatu gintuen. “Turistifikazioaren aurkako tresnak eta borrokak aztergai” zioen solasaldiak, eta hantxe izan ginen gure ekarpen xumea egiten.


Eguneraketa berriak daude