PSOEk irabaziko lituzke hauteskundeak Hego Euskal Herrian, eta eserleku batera legoke EH Bildu

  • EiTB Focusen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, EH Bilduk nabarmen estutuko lituzke aldeak EAJrekiko. UPNk ez luke ordezkaririk eskuratuko, eta Sumar ezkerreko plataforma berriak Bizkaian soilik lor dezake diputatua.

Rebeka Ubera legebiltzarkidea, Iñaki Ruiz de Pinedo Arabako zerrendaburua Espainiako Kongresurako eta Mertxe Aizpurua Gipuzkoakoa pasa den astean Elgoibarren, kanpaina ekitaldian. (Argazkia: EH Bildu)

2023ko uztailaren 17an - 11:30

Hiruko berdinketa aurreikusten du EiTB Focusen inkestak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Espainiako Diputatuen kongresurako hauteskundeetan. EAJren diputatu kopurua seitik bostera jaitsiko litzakete, eta lautik bostera igo EH Bildurenak eta PSOErenak. PPk bat gehiago eskuratuko luke, guztira bi.

Gehien galduko duena Espainiako ezkerreko koalizio berria izango da: Sumarrek diputatu bakarra eskuratuko luke –Bizkaian–; 2019an, Podemosek hiru bereganatu zituen. Urrun geratuko dira, edo gera daitezke, duela zazpi urteko emaitzak –Podemosek EAJri "sorpassoa" egin zionekoa, Gorka Bereziartuak kronika honetan zioen moduan–.

2016ko Espainiako hauteskundeetako mapa.

Mapa horretatik aldenduko da Nafarroa ere: urdinez beharrean, EiTB Focusen arabera betiere, gorriz tindatuko da. Berdinketa aurreikusten da Espainiako bi alderdi nagusien artean, PPren eta PSOEren artean, eta diputatu bat gutxiagorekin legoke EH Bildu: bi PSOEk, bi PPk eta bat EH Bilduk.

Hego Euskal Herriko mapa hartuta, PSOE litzateke garaile zazpi diputaturekin –gaur egun baino bi gehiago–; sei eskuratuko lituzke EH Bilduk –bat gehiago–; EAJk bost –bat gutxiago–; PPk lau –Navarra Sumarekin bi eserleku zituen eskuinak–; eta Sumarrek bakarra –Podemos aurkeztu zen azkeneko aldian lau diputatu eskuratu zituen Hego Euskal Herrian–.

Nafarroa: UPN desagertuko da

Beste titular posiblea da PSOEk jango duela Podemosena zen diputatua, eta lehen indarra bihurtuko dela Nafarroan.

Izan ere, Navarra Suma koalizioa desagertu zenetik eta bai UPN eta bai PP bereizita aurkezten direnetik, PPren aldera joko du balantzak Espainiara begira –aldiz, bistan geratu da, boto emaile horiek UPNren alde egiten dutela Iruñean eta Nafarroan–.

Araba: EAJ hirugarren indarra izatera

Gasteizen udal hauteskundeetan gertatu denaren tankera hartu du Arabako lurraldeak Espainiako hauteskundeei begira. EAJk indarra galduko du, boto asmoan hiru puntu galduko baititu. PSOEk, berriz, hiru puntu egingo ditu gora, eta lehen indarra izango da. Igoerarik handiena, dena den, EH Bildu izango da: ia bost puntu. Galtzailea, bide batez, Sumar; sei puntu galduta Podemosek zituenekiko.

 

2019ko azaroaren 10ean egin ziren hauteskundeetako emaitzak, diputatutan, lurraldeka. (Iturria: Argia)

 

Bizkaia: EAJ garaile, baina asko galduta

Azpimarratzekoa da EH Bilduk izango duen igoera historikoa, sei puntutik gora irabaziko baititu 2019ko hauteskundeekin alderatuta.

Diputatu kopurutan erdira jaitsiko litzateke EAJ; PSOEk bere bi diputatuak mantenduko lituzke; EH Bilduk bat irabaziko luke; eta EAJren galdutako bestea, PPk erdietsiko luke.

 

2019ko azaroaren 10ean egin ziren hauteskundeetako emaitzak, diputatutan, lurraldeka. (Iturria: Argia)

 

Gipuzkoa: EH Bildu lehen indarra

Alde esanguratsua aterako lioke EH Bilduk EAJri, lau puntutik gorakoa. Hain zuzen, EAJk hiru puntu galduko lituzke, eta EH Bilduk berriz ia sei irabazi. Horrek esan nahi du, Podemosi botoa eman zioten zati batek EH Bilduri emango diola oraingoan –Sumarrek, Podemosekin alderatuta, lau puntu t'erdiko galera luke–, eta EAJren zati bat EH Bildurenera joango litzatekeela.

Dena den, boto asmoan aldaketak egon arren, diputatuetan ez litzateke islatuko. Podemosen eserlekua jango luke PSOEk.

 

2019ko azaroaren 10ean egin ziren hauteskundeetako emaitzak, diputatutan, lurraldeka. (Iturria: Argia)

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako hauteskundeak 2023
Espainiako erregeak Feijóo aukeratu du inbestiduran presidente hautagai izateko

Espainiako Gobernurako presidentegaia aukeratzeko elkarrizketak egin ditu Espainiako errege Felipe Borboikoak. Francina Armengolek, Espainiako Kongresuko Mahaiko presidenteak, jakinarazi du erregeak Feijóo aukeratu duela.


2023-07-26 | ARGIA
Zein izan da lehen indarra herriz herri?

Mapa honetan ikus daitezke emaitzak udalerriz udalerri.


2023-07-24 | ARGIA
Santiago Abascal, Vox
"Sánchez inbestitua izan daiteke komunismoaren, separatisten eta terrorismoaren babesarekin"

Eskuin muturreko ordezkariak adierazpen hauek egin ditu:


2023-07-24 | ARGIA
Andoni Ortuzar, EAJ
“Emaitzen balantze ona egiten dugu, helburua lortu dugu

“EAJk balantze ona egiten du gaurko Hauteskunde Orokorretan lortutako emaitzen inguruan”, hasi du hitzartzea EAJko lehendakari Andoni Ortuzarrek. Adierazi du helburu nagusia lortu duela EAJk.


Eguneraketa berriak daude