Lau lagun eta Parisko azken atentatuen ustezko erasotzaileak hilda polizia operazio bortitzean

  • 17:00ak inguruan bi eraso abiarazi ditu aldi berean Frantziako poliziak, bata Dammartin-en-Goële herrian, non gotortuta baitzeuden ustez Charlie Hebdoko sarraskia burutu zuten bi ekintzaileak, eta bestea Parisko Vincennesko komertzio juduan, bertan blokatuta zeukaten hirugarren ekintzailearen kontra, hau poliziaren arabera atzo Montrougen udaltzain bat hil zuena. Hiru gizonak hil dituzte poliziek lehergaiz eta tiroka egindako erasoan. Bahitutako lau pertsona ere hil dira.


2015eko urtarrilaren 09an - 13:57
Azken eguneraketa: 2015-01-12 10:20:01
Frantziako polizia Parisko azken atentatuen ustezko egileen bila sartu den unea.

Cherif eta Said Kouachi anaiak dira poliziak Dammartin-en-Goëleko inprimeria txiki batean hil dituenak. Vincennesko koxar magasinean hil duten hirugarrenaren izena Amedy Coulibaly da.

Minutu gutxitan burutu du eraso bortitza aspaldian Frantziako estatuan ikusi ez bezalako polizia eta militar sail zabalak. Polizia sartu aurretik, Coulibalyk BFM telebista katearekin hitz egin du 15:00etan. Bahitzaileak berak baieztatu du lau lagunak berak hil dituela. Bahitutako pertsona batek ere berretsi du bertsio hori.

Charlie Hebdoren aurkako erasoaren biharamun beldurgarria

Charlie Hebdoko sarraskiak biharamun beldurrezkoa ekarri du Parisera eta minututik minutura informazio berri eta kontraesankorrak zabaldu dira.

15:00etan Parisko prefetak iragarri du ordura arte hilik ez zela Porte de Vincennesko plazan ezezagun batek tiroka asaltatutako komertzioan, horrela gezurtatuz lehentxoago Le Monde egunkariak konfirmatua, bi pertsona gertatu zirela hilik erlijio judukoentzako koxer elikagaiak saltzen dituen saltoki batean.

Egunkariak aipatzen zituen iturri judizialek, ordea, zioten bi hildako agertuko zirela. Hyper Cacher magasinean gotortu da poliziaren ustez atzo Montrougen udaltzain bat hil eta bestea zauritu zuen gizona eta zenbait langile edo bezero zeuzkaten bahituta.

Aldi berean, Dammartin-en-Goële herrian, Frantziako segurtasun indarrek inprimeria batean inguratu zituzten ustez herenegun Charlie Hebdon 12 pertsona hil eta beste andana bat zauritu zituzten bi susmagarriak, bahitu bat beren mende hartuta.

Gainera, goizean zehar jakinarazi du poliziak atzo arratsaldean Montrouge auzoan beste polizia bati heriotza eragin zion tiroketa ere lotuta zegoela Charlie Hebdokoarekin; poliziak aditzera eman du bere ustean Montrougeko tiratzailea, iturri beraren arabera koxer masinean blokaturik dagoena, Charlie Hebo eraso zutenen aspaldiko laguna da.

Eguerdi-arratsaldean Porte de Vincennesen bezala Dammartin-en-Goëlen segurtasun indarrek lekuak hertsirik eduki dituzte, inguruetako eskoletako ateak itxita, garraiabideetan nahasmen handiak Pariseko periferikoa moztuta egon delako... Minutuka joan da aldatzen egoera urtarrilaren 9 honetan, eta azkenean 17:00etan ekin dio poliziak aipatu balantzea utzi duen azken operazio bortitzari.

Militar frantses bat gaur eguerdian Porte de Vincennesen zainketan. (Argazkia: Matt Frei, Twitter bidez)

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Charlie Hebdo atentatua
2020-09-03 | Mikel Eizagirre
Charlie Hebdoren aurkako atentatuaren epaiketa hasi da

Bost urteko ikerketaren ostean, Parisko Epaitegi Judizialak ustez erasoan lagundu zuten hamalau lagun epaituko ditu. Bien bitartean, adierazpen askatasunaren inguruko eztabaida berpiztu da Frantziako Estatuan.


2020-03-31 | ARGIA
"Charlie Hebdo"-ren aurkako atentatuaren epaiketa udazkenera atzeratu dute

Maiatzaren 4an hasi eta uztailaren 10era bitarte egitekoa zen. Epaitegiko lehen auzialdiko presidenteak adierazi du ez dagoela baldintza egokirik horretarako, osasun krisia dela-eta.


Atenasko porrotetik Parisko sarraskietara, garai konplikatuak Europako ezkerrentzat

Ezkerraren itxaropen zaharberrituekin ekin urte berriari eta alde guztietako kontserbadore eta inmobilistek aldarrikatutako Zibilizazioen Talkaren edizio odoltsuekin burutu, horra zein izan den 2015 honen patua. Disney World edo Port Aventurako txirrista erraldoietako batean... [+]


2016-03-06 | Sustrai Colina
Alfonso Zapico, komikilaria
"Bigarren eskuko arropa bezalakoa naiz"

Hitza eta marrazkia. Marrazkia eta hitza. Hitzak marraztu eta marrazkiak esan. Ahotik lapitza atera eta mingaina eskuan hartu. “Santa Barbara bendita, tralaralaralaralai...”.


Dena ez da Charlie: prekarietateak ere hiltzen ditu komikiak Frantzian

500 komikigilek manifestazioa egin dute Anguleman euren erretreta osagarriaren kotizazioa neurtzerakoan egin azken aldaketez kexu.


Eguneraketa berriak daude