Hildakoa 23 urteko LFBC arabarra da. Arabako Salhaketak jakinarazi du heriotza. Espetxearen zuzendaritzak ez du gertaeraren inguruko informaziorik eman. Salhaketak espetxeetako heriotzekin eta zigorgabetasunarekin amaitzea eskatu du.
Uztailaren 17an hil zen Arabako Zaballa espetxean preso zegoen arabar gaztea, baina astearte honetan ezagutu da heriotza. Presoa bere ziegan aurkitu zuten hilik, eta ez dago zergatien inguruko daturik. Zaballako espetxeak edo Espainiako Espetxe Zuzendaritzak ez dute heriotzaren berri eman, eta Salhaketa-Araba elkarteak eman du berria. Hain zuzen ere, informazio eza salatu du elkarteak: “Heriotza hauek ezkutatzen al dituzte? Zergatik ez dira erantzukizunak eskatzen edo, gutxienez, ikertzen? Gauza bera gertatuko al litzateke biktimak beste batzuk izango balira? Zigor gabe onartu al daitezke heriotza horiek estatuaren erakunde batean, espetxean?”.
Espainiako Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiari, Barne Ministerioari eta Gobernuari espetxeetako heriotzen egoera “beldurgarriarekin” amaitzeko eskatu die Salhaketak. Gaineratu du heriotza gehienen kausa ez-naturala dela, eta ekiditea, aldiz, erraza: “Indarrean dagoen legeria zorrotz aplikatuz, besterik gabe”.
2019tik gutxienez sei preso hil dira Zaballan (bat ospitalean, artatzeko atera zutenean), ehunka azken urteetan Espainiako Estatuko espetxeetan: “Jakin nahi dugu benetan zenbat heriotza gertatu diren, nortzuk ziren hildakoak, zeintzuk izan ziren arrazoiak, zer prebentzio-neurri ezarri ziren, zergatik ez ziren espetxetik atera larriki gaixo zeuden pertsonak, zergatik okertzen diren bizi-baldintzak oro har eta osasun baldintzak bereziki, zer egiten ari den pilaketari dagokionez, nola litekeen espetxean hainbeste preso egotea adikzio larriekin edo buruko gaixotasun larriekin eta gehienak diagnostikorik eta tratamendurik gabe, zergatik ez duten bere legea betetzen presoaren onerako denean, eta bete baino gehiago egiten duten bere kalterako denean... Argi esan daiteke gehiegi direla erantzun gabeko galderak”, adierazi dute Salhaketatik.
Espetxeen aurkako elkarteak heriotzekin amaitzeko neurri zehatzak exijitu ditu berriz ere. Besteak beste, eskatu du Fiskaltzak heriotzak ikertzea, espetxe zuzendaritzek informazio osoa eta laguntza psikosoziala ematea senideei, preso gaixo larriak eta buruko gaixotasuna dutenak askatzea, espetxetako pilaketak amaitzea eta legedia erreformatzea zigorra betetzeko espetxetik kanpoko neurriak sustatuz.