Presak kenduta, izokinak Elizondoraino ailegatu dira eta Leitzaranen gero eta gehiago ikusten dira

  • LIFE-Irekibai proiektu europarrari esker, Bidasoan eta Leitzaran ibaietan izokinen ibilbidea oztopatzen zituzten presak kendu dituzte azken urteotan eta, horren ondorioz, «izokina Bidasoan goiti Elizondoraino ailegatzen ahal da eta Leitzaranen duen presentzia sendotu da».

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko azaroaren 27an - 08:46
Guztira hamaika presa kendu dituzte Bidasoan eta Leitzaranen. (Argazkia: Erran)

Ondorio horiek eta bertze batzuk aurkeztu dituzte gaur goizeko prentsaurrekoan, proiektuaren azken mintegia asteazken honetan itxi ondotik. Prentsaurrekoa Donostian egin dute, eta bertan izan dira Pablo Muñoz Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko zuzendari nagusia, José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Herri Lan Saileko diputatua eta Antonio Aiz URA Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia. 2016az geroztik egindako ekintzen balantzea egin dute. 

Jardueren hiru ardatz nagusiak

Proiektuaren ekintzak hiru jarduera-ardatz nagusiren inguruan antolatu dituzte. Batetik, ibaiak lehengoratzea, inbertsioaren zatirik handiena hartu duen zatia da hori; bertzetik, ibai-arroen kudeaketari eta lehengoratzeari buruzko ezagutza hobetzea; eta, azkenik, gure ibaiek ematen dituzten ingurumen-balioei eta -zerbitzuei buruz gizartea sentsibilizatzea.. 

Horretarako, LIFE-Irekibai proiektuak 3 milioiko aurrekontua izan du. Kopuru horretatik %60 LIFE programarenak ziren eta Natura 2000 Sareko eremuetan garatu da: Leitzaran ibaia, Baztan ibaia eta Artesiaga erreka, Belate, Bidasoa ibaia, Artikutza eta Bertizko jaurerria.

Laburbilduz, arrain-faunaren joan-etorri askea eragozten zuten 11 presa kendu dituzte (horietako batzuk presa handi gisa katalogatuta zeudenak, Leitzaranen Inturiaren kasua esaterako), duela gutxira arte gaindiezinak ziren paretak igarotzeko pasabideak egokituz. Gainera, ibaietan enborrak paratu dituzte, bisoi europarra babesteko, izokin atlantikoaren habitata hobetzeko edo ibaiertzetako higadura murrizteko. Proiektu honen baitan eta ibai hauen lehengoratzeari esker, gaur egun, Bidasoan Elizondoraino ailegatzen ahal dira izokinak, Txinguditik 64 kilometro goiti egin ondotik. Leitzaranen gauza bera egin dezakete 61 km-ko tartean.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Natura
Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


2024-03-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Ospea ez da beti ona

Euskal Herriko muskerren artean ez da handiena, baina ziur asko, bai ezagunena. Musker berdeak, izenak dioen moduan, gorputz berdea du oso, eta ugal garaian, buru eta lepo aldea urdinduak izan ohi ditu. Gainontzean, puntu beltz txikiz osaturik izaten du gorputza, baina bere... [+]


Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Kanpaiak nonahi

Taxonomia, espezieen ezaugarri txikienak kontuan hartuz bata bestearengandik bereiztea eta identifikatzea helburu duen zientziaren alorra da. Mila jatorri, mila izen arrunt, eta izen zientifiko bakarra baino ez. Lan zail bezain garrantzitsua da izenak adostea, espezie jakin... [+]


Eguneraketa berriak daude