Pilotarien Elkartea gidatuko dute Olaizola, Urrutikoetxea, Ezkurdia eta Altunak; ikusteke dago gainerako pilotariek bat egingo duten

  • Pilota profesionalak bizi duen egoerari "irtenbidea bilatzen saiatzeko", Pilotarien Elkartea sortzea erabaki dute Joseba Ezkurdia, Jokin Altuna, Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxeak. "Esku-pilota profesionalaren sektorean etorkizunean sor daitezkeen puntu garrantzitsuak elkarte honek negoziatzea nahi dugu", adierazi dute ohar batean.


2020ko urriaren 20an - 10:21
Altuna eta Olaizola, artxiboko irudian / Aspepelota.eus
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"Elkartea gu laurok gidatuko genuke eta jardunean diren EPEL ligako pilotariek soilik parte hartuko dute", azaldu dute Joseba Ezkurdia, Jokin Altuna, Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxeak. Pilota profesionalak bizi duen egoerari "irtenbidea bilatzen saiatzeko" sortu dute Pilotarien Elkartea. Hainbat eskaera egin diote Enpresen Ligari:

Batetik, duela gutxi kontratuak berritu ez zituzten pilotariekin negoziatzen has daitezela. Zentzu horretan, azaldu dute EPELek onartu duela enpresak horietako batzuekin hitz egiten hastea. Eta bestetik, buruz-buruko txapelketa astebete atzeratzea, zeina EPELek onartu egin duen.

Lau pilotariok iragarri dutenez, Ligako pilotari guztiei eskaini zaie elkarteko kide egiteko aukera. "48 orduko epea dute erantzun bat emateko", diote.

Greban diren pilotariak eta Baiko gaur dira biltzekoak

Pilotarien Elkarte sortu berriaren jardunaz gogor mintzatu da greban den Baiko enpresako Ibai Zabala pilotaria: "Ni ez nau azken bost hilabeteetan beren eskubideen eta pilotaren alde borrokan aritu den pilotari taldea baztertu eta alboratu duen inork ordezkatuko", idatzi du Twitterren. "Are gutxiago, mugimendu horiek greban dauden pilotariekin hitz egin gabe egiten direnean".

Hain justu, Baiko enpresako arduradunak eta greban dauden hamabost pilotarien ordezkariak Bilbon bilduko dira gaur arratsaldean, negoziazioetan aurrera egitea xede, duela bi asteko bilerak fruiturik ez eman ostean.

Ingurumari gatazkatsuan egingo dute bilera. Pasa den igandean, Agirre eta Albisu ez ziren aurkeztu Ezkurdia-Martijaren aurkako binakakoaren finalerdietako partidara, eta Enpresen Ligako epaileak galdutzat eman zien partida (22-0), Julen Etxeberria kazetariak nabarmendu duen bezala Berria egunkarian. ELA sindikatuak, ordea, erabakiaren aurkako salaketa jarri zuen greba eskubidea "urratu" zuelako. Kautela neurriak eskaturik, EAEko Auzitegi Nagusiak neurriok onartu eta finala bertan behera utzi du.

Datorren asteburuan da hastekoa banakako txapelketa, baina zer gertatuko den ez dago argi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!