Pilota berriz garatu nahi dute eskoletan eta euskaraz

  • Aldaketa bistakoa da Iparraldeko Pilota Batzordean azken urte hauetan. Ikastola eta eskola elebidunetan pilota animatzaile euskaldun bat ibiltzen hasia da ikasturte honetan.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2018ko abenduaren 07an - 14:21

Iraultza ttipi bat bidean da Iparraldeko Pilota Batzordean (IPB). Pilota eskoletan berriz sarraraztea erdietsi du, eta euskaraz. Hizkuntzak, hain zuzen, toki handia berreskuratu du haren komunikazioan. Atera dokumentu oro bi hizkuntzetan dira; baita euskara hutsean ere, batzuk. Sare sozialetan sartu da azkar, Facebook, Instagram eta kanton geldi-geldia elikatuz. “Gazteak dira etorkizuna. Pilotan ere. Baina belaunaldi berri hau, pilota esku batean eta mugikorra bertzean bizi da. Galdetzen du pilota berri bat eskain dezagun, gehiago bere munduarekin lotua”. Jean-Michel Garaiar IPBko lehendakariak hala dio atera duten azken aldizkarian.

Seigarren urtea du lehendakari gisa hendaiarrak, baina duela bi urte osatu duen talde berriarekin gauzak zalutu dituzte. Diagnostiko bat egin, eta ohartu ziren gazteek pilotan segitzea ez zela gehiago bermatua. Garaiar: “Lehenbizi ohartu ginen pilota kendua zutela eskoletarik. Zangobaloi, eskubaloi edo saskibaloiko baloiak badira, baina pilota galdua da”. Inkesta bat egin zuten ere pilota batasunetan. Henri Errandonea IPBko idazkari nagusiak esplikatu du ondorioa: “Hor ohartu ginen praktika ttipitzen ari zela eta pilotaren irudia, gehienetan, zela udan ikusten den zesta punta eta Elite Pro maila [esku huskako berezkoen maila]. Karraskatzen zenuelarik, ez zen deusik gibelean; amateur mundua desagertzen zen”. Alerta baten gisakoa izan da arduradun berrientzat. “Gero, ohartu gara laster, joko batzuetan, gero eta pilotari gutiago bazela: xarean, joko garbin, xisteran, atxiki handian, larruzko paletan. Badira joko batzuk arrunt gaizki direnak”. Aitzina, eskaintza hain da zabala haur eta gazteentzat, non kirol batetik bestera iragaten diren aise, gehi musika edo beste. Pilota zokoraturik bezala zegoen. Dena nahi izan dute berriz hastetik galdekatu programa oso baten zutik emateko. Errandonea: “Pentsatu genuen: pilota zer da? Ez da kirol bat bakarrik; gure ondarea, kultura da. Euskaldun guziak lotuak gara pilotari, pilota plaza bati. Herri guziak eginak dira pilota plaza baten inguruan. Bizpahiru mendez bederen izan da leku bat non elkartzen ziren gazteak eta helduak, non bestak egiten ziren, desafioak. Are gehiago, hizkuntza pilota jokoaren barnean duzu; nahiz eta frantses hutsa izan, pilotan euskaraz aritzen zara: jo, zuri, niri, azkena“.

Garaiarren talde berria sartu delarik batzordean, 2016an, Euskal Hirigune Elkargoa sortzen ari zen, eta erabaki zuten harengana joatea eskumenak trenkatzekoak zituztelarik. “Behar dugu erakutsi jende horiei ez gaituztela ikusi behar kirol gisa, baina kultura; bertsolaritza, dantza, kantua bezala garela, kultura arlo baten gisa”. Lehen solasak Daniel Olzomendi eta Bruno Karrere hautetsiekin ukan zituzten; ondotik, teknikariekin, proiektua kultura batzordearen aitzinean aurkeztu arte. Aho batez bozkatu zuen honek, ekainean, pilota ondare eta kultura arloan sartzea. Horren ondorio konkretua izan da Euskal Elkargoak bere gain hartu duela geroztik eskoletan dabilen pilota animatzailearen pagatzea; zehazki, Antton Amulet goi mailako pilotaria. “Lehen helburua zen bigarren zikloko klaseetara joatea —erran nahi baitu eskolako lehen, bigarren eta hirugarren mailak—, eta pilota erakustea, Iparralde guzian”. Galdea eta beharra halakoak baitziren, Zuberoa eta Amikuze aldean hasia da hezitzailea ibiltzen irailetik. Eremuko sei ikastola eta lau eskola elebidun pribaturekin finkatu dute hitzarmena. Publikoetan nahi lukete garatu goiz ala berant, baina mementoan ezin: “Ikastola eta eskola pribatuetan zuzendariak badu boterea erabakitzeko. Publikoan bertze modu batean antolatu behar da”. Solasean hasiak dira eskola publikoetako USEP kirol erakundearekin.

Pilota euskaraz

Helburua da eskola elebidun publikoetan sartzea ere. Argi dute hastetik, euskaraz garatuko dutela pilotaren irakaskuntza. “Lehen elementu inportanteena behar dugu defenditu eta garatu, erran nahi baitu hizkuntza. Orduan, Antton Amuletek bere klaseak ematen ditu euskaraz”. Ez da aldaketa ttipia pilota munduan, euskara bazter utzia baitzen anitz lekutan azken berrogeita hamar urteetan. Errandoneak argiki dio buru egin diotela Frantzia mailako ikuspegi inposatu horri, Iparraldeko Pilota Batzordeak duen pisutik: “Federazio mailan ligarik handiena da hemengoa. Hemen dira pilotari gehienak, botere gehiena. Hein batean, ez nuen ulertzen, azkarrenak izanez, nola beheititzen ginen, belaunikatzen frantsesez egiteko dena. Ez, ez; mendeetan euskaraz aritu gara pilotan. Azken hamarkadetan da aldatu”.

Joko desberdinen erakusteaz gain, pedagogian sartu dute ere pilota zer den esplikatzea, haren historia, tresneria, espazioak. Ondoko erronka dute, Baxenabarre eta Lapurdi guzira hedatzea eskaintza, bi edo hiruzpalau hezitzaile gehiagoren postuak sortuz. Horretarako, solasak segitzen dituzte Elkargoarekin. Eskolei, kitorik eskaintzen baitie zerbitzua. Pilota elkarteetan ere ibiltzen da animatzailea pilota jokoen erakusten. Bakantzen arteko zikloak dira.

Neska-mutikoak nahas

Haurren formakuntzan ez dute genero ezberdintasunik egin nahi. Neska edo mutiko, denei irekia da, eta joko mota oro. Horretan ere bada lan gauzen aldatzeko, gaur egun oraino, emazteak palan eta frontenisean baitira nagusiki ari. “Zendako neska bat ez da xisteran aritzen ahal, edo esku-huskan? Guk hastapenetik ireki dugu politika hori. Esku-huskako pilota eskolak izan daitezela neska-mutikoentzat. Xisterakoak berdin. Nahasiak izan daitezen”. Txapelketentzat luzeago izanen da, iduriz. Frantziako Pilota Federazioak, Olinpiar Jokoetako Batzordearen arauak segitzen baititu, eta debekatzen dute neskak eta mutikoak elkarrekin aritzea.

“Hendaian eta Amikuzen badu zenbait urte pilota eskolak egiten dituztela neska-mutikoak nahasiz. Guk hori bultzatuko dugu. Eta ttipi horiek handituko direlarik, gu prest gara lehiaketa baten muntatzeko neskentzat esku-huskan edo xisteran”, trenkatu du Errandoneak. Eta lehiaketa bat neska eta mutikoen artekoa? “Legez, ezin da, baina zendako ez? Gazteetan, bai, baina ez da txapelketa ofiziala izanen. Gurea, bai, baina Frantziakoa ez”. Errandoneak ikusten du zaila dela pentsamoldeen aldatzea, baina ez ezinezkoa: “Denbora emanen du. Belaunaldi bat beharbada, hamabost bat urte”. Garaiarrek eredua ikusten du Hego Euskal Herrian: “Han egin dute kristoren saltoa hiru urtez”. Parioa, goizik hasi formakuntzan egiten dute biek, horrek bermatuko baititu jokalari trebeak joko mota desberdinetan, neska eta mutikoentzat berdin. “Jokoa egokituz ere fisikoari, eskuei. Baina ez dugu guk inposatuko, berekin egin behar da, emazteekin”.

Erreportaje hau Ipar Eeskal Herriko Hitzak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
2024-02-25 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Naroa Iturain, pilota epailea
"Emakume epaile gutxi dago, gutxietsiak izateko beldurra dugulako"

Frontoia du habitat Naroa Iturainek (Iruñea, 1992). Pilotaria da, baita pilota epailea ere. Umetan ikusmina piztu zion palak, eta pasioari jarraika, esku-pilotan hasi zen gerora. Alabaina, ia behartuta egin zen epaile, emakumeen arteko neurketak pilotariek beraiek zuzendu... [+]


Eguneraketa berriak daude