ARGIA.eus

2022ko maiatzaren 24a

Otsaila izango da aurten bertsoaren aroa Iruñean

  • Nafarroako Bertsolari Txapelketa udazkenean jokatzeak Bertsoaroa zikloa egutegian mugitzea ekarri du. Hiriari egiten zaion bertsolaritza eskaintza orekatu nahi izan dute horrela antolatzaileek, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak. Otsailaren 10etik 24ra ospatuko da, beraz, Bertsoaroaren 31.edizioa.
Bertsozale.eus @bertsozale
2022ko urtarrilaren 28a
Albiste hau Bertsozale.eusek argitaratu du eta egilearen baimenari esker ekarri dugu.

Ohiko gisan, unean uneko bertsolaritzaren berri kalitatez eta aniztasunez ematea du helburu aurtengo Bertsoaroak ere. Sei emanaldi izango dira guztira: hiru bertso jaialdi, ‘eRRe’ eta ‘Bederatzikoa’ emanaldi bereziak eta ‘Bertso jasa, bat-bateko jolasa’ haurrentzako tailerra. Urteroko apustuari helduz, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei protagonismoa eman nahi izan diete antolatzaileek.

Antzerki Eskolan egingo diren hiru emanaldiek bosna euroko sarrera izango dute, eta hiruentzako bonoa eskuratu ahal izango da 12 eurotan (sarrerak salgai antzokiaren webgunean). ‘Bertso jasa’ tailerrerako izena eman beharko da aurrez, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita. Beste bi emanaldiek sarrera librea izango dute, aforoa bete bitarte.

Sei emanaldi guztira

Bertsoaroaren 31. aldia, ohikoa den gisan, lehen mailako bertso jaialdi batekin hasiko da. Alaitz Rekondo arduratu da gaiak prestatu eta jartzeaz, eta, haiei kantari arituko dira sei bertsolari. Oholtza berean elkartuko dira ibilbide eta herrialde ezberdinetako bertsolariak, tartean, lau txapeldun, eta denen artean osatuko dute egungo bertsolaritzaren argazkia. Otsailaren 10ean izango da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan. 

Otsailaren 15ean, toki eta ordu berean, 'eRRe' emanaldiak hartuko du lekukoa. Jendartea zatitzen duten dikotomiak eta etiketak abiapuntu hartuta, aipatu dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek. Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, eta antzerkiaz gain, helduentzako ipuin- kontaketak eta poesiak ere badute lekua. Otsailaren 5ean estreinatuko da lana Durangon, eta bigarren emanaldia izango da Iruñekoa. 

Aurten ere bertsolari gazteen saioa jasoko du zikloak. Otsailaren 17an izango da, Katakraken. Urteak badira Bertsoaroak, bere egitarauan, leku egiten diela bertsolari gazteei ere. Aurten ere helduko zaio apustuari, bertsolaritzaren orain eta etorkizun diren horiei plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emanez.

Txikienek ere izango dute haien tokia Bertsoaroan. Aurreko urteetan bezala, 'Bertso jasa, bat-bateko jolasa' tailerra eskainiko da, otsailaren 19an, larunbatarekin, Txantreako Salestarretan.  'Bertso Jasa, bat-bateko Jolasa' haur eta gaztetxoez osatutako publikoari zuzendutako bertso-saioak dira. Haurrek jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrei eskaini zaie tailerra, eta izen-ematea ezinbestekoa da, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita, otsailaren 17a baino lehen.

Otsailaren 22an 'Bederatzikoa' izeneko emanaldi berezia eskainiko da, Kondestable Civivoxeko areto nagusian. Obrak bederatzi sinfonia osatu zituen Beethovenen obra eta bizitzari egiten dio errepaso, bertsolaritzak berezkoa duen bederatzi puntuko neurriari ere erreferentzia eginez, eta neurri horretan kantatu diren bertso antologikoak publiko aurrera ekarriz. Bertsoa eta pianoaren musika nahastuko dira, beraz, oholtza berean.

Otsailaren 24an bukatuko da aurtengo Bertsoaroa, eta ohiko gisan, bertso jaialdi batek jarriko du amaiera. Oholtzan izanen dira puntako bertsolariak, ibilbide luzekoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak. Tartean, Nafarroako azken txapelketako txapeldun eta txapeldunordea. Denen artean, egungo bertsolaritzaren berri eskainiko dute, ziklo osoari amaiera biribila jarriko dion emanaldian.

 

Kanal hauetan artxibatua: Bertsolaritza  |  Nafarroa  |  Iruñea

Bertsolaritza kanaletik interesatuko zaizu...
2022-05-23 | Bertsoa.eus
Nafarroako bertsolaritzaren dokumentazio eta ikerkuntzarako hitzarmena sinatu dute Euskarabidearekin

Modu honetan, bertsolaritzak Nafarroan eragiten duen ondarea biltzeko eta ikertzaileen esku jartzeko Nafarroako Bertsozale Elkarteak urteetan egindako lanak erakundeen aitortza eta finantziazioa jasoko du lehendabizikoz.


2022-05-18 | Bertsozale.eus
Sardiniako bertso jarriak eta bat-batekoak gurean
Emanaldia maiatzaren 19an eta 20an eskainiko da Usurbilen eta Azpeitian, hurrenez hurren. Sarrerek 5 euro balio dute Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 7 gainerako zaleentzat; bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke.

2022-05-17 | ARGIA
Hauek dira Arabako Bertsolari Txapelketako finalean sartzeko lehiatuko diren hamabi bertsolariak

Apirilaren hasieran 30 bertsolarik ekin zioten Arabako Bertsolari Txapelketari eta bide hori dagoeneko finalaurrekoetan sartu da. Hamabi bertsolari hauek lortu dute finalaurrekoetara sailkatzea: Manex Agirre, Asier Otamendi, Unai Anda, Iñaki Viñaspre, Andere... [+]


2022-05-03 | Bertsozale.eus
Hauek dira aurten Txapelketa Nagusian kantatuko duten bertsolariak

2022ko udazkenean izango da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Lurraldeetako txapelketetan eskuratu dute bertsolariek Txapelketa Nagusian izena emateko aukera.


Irakurrienak
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude