“Inortxok ere ez du Mozal Legea defendatu, polizien sindikatuak edo Carmelo Barriok salbu”

  • Martxoaren 13an epaituko dute Axier Lopez, ARGIAko lankideekin batera erabaki eta gero Mozal Legearen ondorioz jarri zioten isuna ez ordaindu eta haren kontra egitea. Zumaiako Baleike-k elkarrizketatu du kazetaria.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko martxoaren 02an - 08:23

Nahiz eta Espainiako Arartekoak esan zuen isuna inkonstituzionala zela, Espainiak EAEn duen ordezkariak isuna bere horretan mantendu du. Nola bizi izan dituzue azken pauso hauek?

Batetik, ondo egon da guk ez dugulako hori bultzatu. Espainiako Arartekora ez genuen guk eraman, Espainiako zenbait hedabidek osatutako PDLI-k (Plataforma en Defensa de la Libertad de Informacion), baizik. Azken bizpahiru urtetan Mozal Legea onartu zenetik aktibo izan dira. Motu propio erabaki zuten kasua Espainiako Arartekoari bidaltzea. Bai kasu hau, eta baita beste bi kazetarirena ere, bata katalana, beste madrildarra. Mundiala izan da. Elkartasun oso praktikoa, gainera. Baina, espero ez genuena Arartekoaren iritzia izan zen. Hangoa, hemengoa bezala, gobernuan dagoen alderdiak jarritako da. Espaniakoa Soledad Becerril da: Alianza Popularrekoa izandakoa, nobleziakoa, Sevillako alkate ohia, etab. Hark esatea poliziak delegaziora bidalitako txostenean argudioak falta zirela eta eskubideak ez bermatu izanagatik isuna inkonstituzionala zela, handia izan da. Halako instantzietatik hori entzutea ez nuen espero. Gero, Espainiako Gobernuak eman duen erantzuna... Gobernuak ez die kasurik egiten Mozal Legearen aurka agertu diren alderdikideei. Noski, ez genuen beste erantzunik espero.

Baina, jakin zenuenean Arartekoak inkonstituzionaltzat jo zuela isuna, pentsatzen dut esperantza minimoa izango zenuela.

Espainiako Gobernuaren aldetik ez. Gehienbat Mozal Legearekin tematuta dagoelako. Espainiako estatuko historia hurbilean Mozal Legeak lortu duen bezalako aurkakotasunik pentsatzen dut ez duela ezerk lortu, ezta Lomcek ere. Arku politiko osoa, herri mugimendua, ez da kazetari bat bera ere agertu horren alde. Ikaragarria izan da lortutako erantzuna. Baina, Raxoik oso ondo ezan zuen: “ni ez naiz hona etorri azken urteotan onartu dugun ezer birplanteatzera”. Beraien kasuan atzera egitea izango litzateke. Guretzako oso ondo egonda, argi genuelako auzi politiko bat zela. Politikariek sortutako arazo bat da eta horri konponbide politikoa eman behar zaionez, lehenbizi salaketa publikoa egin dugu eta orain salaketa judiziala egingo dugu. 

Nola planteatzen duzue bide hau?

Mozal Legeak jartzen dituen isunak administratiboak dira, trafikoko isunak diren bezala. Isuna jartzen badizute, ordaindu behar duzu. Gero, salaketa jar dezakezu hor eskubide urraketa egon dela argudiatuz. Normalean beti onartzen dituzte epaiketak. Isuna jaso eta segituan jarri genuen errekurtsoa eta hilabete dezente pasa denean, ia urtebete, jakin dugu martxoaren 13an egingo dela epaiketa, Gasteizen. 

Gurekin harremanetan jarri direnen artean espero ez genuen jendea izan da. Tartean, abokatu talde batzuk. Kazetaritzarekin lotutako Espainiako lehen kasua denez, interesgarria egiten zaie bide judizialetik joatea. Ikusten dute legea atzera botatzeko zirrikituak aurki daitezkela. Hemengo instantzietan ezetza jasoz gero, hau da, isuna bere horretan uztea onartzen badute, Europara eraman daitekeela diote. Baina, aurretik hemengo instantzia guztiak pasa behar dira eta hori oso luzea da. Gero, gainera, dirua dago. Baina, aukera badugu, ahal dugun lekuetara joango gara. Ez isunagatik bakarrik, baina horregatik ere bai, baizik eta eskubide urraketa dagoenez, eredu izan behar delako lehen unetik. Soinua egitera atera gara lehen unetik. Ez genuen inola ere espero gai hau New York Times batean agertzea, edo Eusko Legebiltzarrera joatea hitz egitera; legeak egiten diren leku batean lege bat desobeditzeaz hitz egitea eta hori onartzea, nahiz eta gero beraien hitza bete ez duten, Ertzaintzak jarraitu izan duelako horren ostean mozal legea aplikatzen. 

Kazetaritzaren gremioak aho batez zuen alde egin du. Askotan masailekoka egoten dela ikusita, nabarmentzekoa da.

Horiei esker, eta hori koordinatzen dabilen Alex Silva kazetariari esker, lortu zen estatu mailako kazetari elkarte guztiek gure aldeko atxikimendua ematea. Inor, inor ez da agertu publikoki lege hau defendatzera, polizien sindikatua edo Carmelo Barrio ez badira. Nafarroako parlamentuan parte hartu genuenean ez PPkoak ez UPNkoak ez ziren agertu.

Epaiketari begira aukerak nola ikusten dituzue?

Zailak. Epaiketaren data jasotzearekin batera, Polizia Nazionalak epaiketari begira egindako txostena jaso dugu. Beraien ikuspegi guztia eta gure argudioak nola desmuntatu nahi dituzten dago hor. Ematen dituzten bi argudio nagusiak dira beraiek ez zirela txanoekin estalita joan; ez zituztela aurpegiak estali, hau bezalako lege bat dagoelako. Lege honekin jendea salatu dezaketela badakite. Orduan, zertarako jantziko dituzte txanoak. Beste argudioak dio, eta hau da larriagoa, argazkiek zabalpena izan zutela batez ere hedabide abertzaletan, eta aipatzen ditu Topatu, Ahotsa eta Argia, hedabide abertzale bezala. Horren segidan diote ETA oraindik indarrean dagoela, ETA ez dela desegin eta badaudela Ospa eta Alde hemendik bezalako mugimenduak, beraien bizitzak arriskuan jartzen dituztenak. Betiko argudioa da, baina, kasu honetan, hedabide bat sartuta. Oso bitxia da nola azpimarratzen duen uneoro “medio abertzale”, ostean dena batera sartzeko.

Argazkietan ez zaie aurpegia ikusten. Ezin dira identifikatu.

Hori esan izan da askotan. Egia esan, aurpegiak parez pare izango baziren ere berdin-berdin argitaratuko nituzke. Funtzionario publikoak dira, espazio publiko batean, kalean, beraien lana egiten. Egiten duten lan horretaz lotsatzen badira, ez badute beraien burua ezagutzera eman nahi, egin dezakete Euskal Herrian egin diren atxiloketa guztietan egin dutena, hau da, beraien aurpegia estaltzea. Naroa [Ariznabarreta] atxilotzekotan zeuden. Argazkitan pertsona batzuk kotxe batean sartzen ikusten da. Nire eskubidea eta nire eginbeharra da, inkluso haien onerako: gertaera hura guztia jasotzea, atxiloketa normal joan zela, eta tratu ona eman zitzaiola. Beraiek diote guk ondoren irudiak ezabatu genezakeela. Nik esaten dudana da ez dagoela hori zertan egin beharrik. Baina, streaming moduan ematen egongo banitz zer? Edo momentuan twiteatzen? Zigortzen dutena ez da argazkiak ateratzea. Han bertan ez zuten ezer esan. Zabaltzea zigortzen dute. Horrek esan nahi du nire argazkiak erabili zituzten hedabideak ere zigortu beharko lituzketela.

Inkoherentea erabat.

Inkoherentea baino, koherentea da beraien filosofiarekin. Mozal Legea 15M-aren garaian sortu zen, non Espainian aspaldi ikusi gabeko mugimenduak izan ziren. Kalera ateratzeko molde batzuk berriak ziren: etxe-hustutzeak, eskratxeak, zentral nuklearren inguruan Greenpeace-ek egiten zituenak, kazetaritza herritarra. Hau ez da kazetarion gauza bat bakarrik: edozeinek atera dezake kamera bat eta langile publikoen lana grabatu. Hori ez dago inon zigortuta. Hau atera zuten, espresuki, jokamolde zehatz batzuk edo protesta molde batzuk zigortzeko eta kazetaritza herritarra beldurtzeko. Gero gertatu dira gertatu direnak. Nire kasua da bat, baina atzetik badira beste hiruzpalau kazetariren kasuak, ustez poliziei esandako hitzei jaramon ez egiteagatik Mozal Legea aplikatu dietena. Horren aurrean ez dugu defentsarako eskubiderik. Haiek diote hala dela, eta isun administratiboa jasotzen duzu. Gero, nahi baduzu, hasten duzu prozesu guztia, horrek dakarren guztiarekin. Guk zortea izan dugu, hedabideak era kolektiboan hartu duelako. Baina ikusita kazetaritzaren egoera prekarioa, beste hedabide batek nahiago izango du, agian, 600 euroak ordaindu eta ahaztea. Horrela, hurrengo batean ez duzu berdin jokatuko. Hori da niretzat arriskutsuena.

Damutu al zara argazki horiek ateratzeaz?

Ez, oso harro nago bidegabekoa den lege bat desobeditu izanaz, jakin gabe desobeditzen ari nintzela. Orain berriro egingo nuke jakinda delitua dela, edo beraien interpretazioaren arabera hala dela jakinda. Horrelako atxiloketak, bere ataritik kotxera bidean, Poliziak pertsona bat sartzen duen momentu hori, ikusi dugu Teleberri denetan, hedabide guztietan, Rodrigo Ratoren atxiloketan, Granadako alkatearen atxiloketan edo ustelkeriarekin lotutako beste hainbestetan. Polizien aurpegiak, polizia kotxeen matrikulak, inongo arazorik gabe hedabideetan eta nazioarte mailan sona handia izan duten albistetan agertu dira. Zer kasualitatea, estatu espainolean Mozal Legearekin lotutako lehen isuna hedabide txiki, independente eta euskaldun bati aplikatu zaiola. Zer pentsatua ematen du, minimo. 

Albiste hau Baleikek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA mozalik gabe
2021-01-15 | ARGIA
Gasteizko Herritarren Defendatzaileak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea eskubidea da

Gasteizko udaltzain batek polizia operazio baten irudiak hartzea debekatu nahi izan zion mehatxuka ARGIAko kazetari bati 2020ko maiatzaren 7an. ARGIAk salaketa aurkeztu zuen Gasteizko Herritarren Defendatzailearen aurrean. Sindikoak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea... [+]


2020-06-25 | Hala Bedi | ARGIA
ARGIAk eta HALA BEDIk kexa bana aurkeztu dugu Sindikoan eta Arartekoan, Poliziaren jarrera salatzeko

Iragan maiatzaren 7an eta 8an ARGIAko eta HALA BEDIko kazetarion lana oztopatu zuen Poliziak Gasteizen, mehatxuak eta gezurrak erabilita. Bi hedabideok Ertzaintza eta Gasteizko Udaltzaingoaren jarrera salatu dugu Arartekoan eta Gasteizko Sindikoan aurkeztutako kexen bidez.


2020-05-12 | Z. Oleaga
Informazio eskubidearen aurkako erasoa
Gasteizko udaltzain batek ARGIAko kazetari bati: “Mugikorra ez erabiltzeko agintzen dizut”

Gasteizko Udaltzaingoa legea urratuz sartu zen okupatutako etxebizitza batean ostegun gauean. ARGIAko kazetari bat han zen lanean. Udaltzainetako bat, legeak dioenari muzin eginez eta gezurrak erabiliz, kazetariaren lana oztopatzen saiatu zen desalojoaren lekukotasun grafikorik... [+]


2019-11-13 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
2017ko martxoaren 19a

2017-05-15 | Axier Lopez
INFOGRAFIA
Nafarroan 3.000 aldiz aplikatu dute Mozal Legea Foruzaingoak eta udaltzainek

Libre-Eleak mugimenduari esker eskuratu ditugu Nafarroako Gobernuaren menpeko Poliziak Mozal Legeari emandako erabileraren datuak. Hala, 2015eko uztailetik eta 2016ko abendura bitartean, Mozal Legea erabiliz, 11.000 isun jarri dituzte Hego Euskal Herriko bi Polizia autonomikoek... [+]


Muzzle Law
EAJ and PSOE's attempts at reform “to leave the law as it is”

We will examine EAJ and PSOE's proposals for reforming the Citizen's Security Law – the Muzzle Law – in the following lines. As well as the the initiative against it taken by the Eleak-Libre organization.


2017-03-21 | Axier Lopez
Muzzle Law
No Joy for the Silent

There have been important results a year after we stood up to the Muzzle Law and the fine which Spanish Government


2017-03-15 | Axier Lopez
Isiltzen denak zorionik ez du

Urtebetez Mozal Legeari eta haren izenean Espainiako Gobernuak ezarri zigun isunari aurre egin izanak emaitza garrantzitsua ekarri du. Kazetaritzarekin lotutako lehen auzian Mozal Legeak atzera egin du. Eskubide urraketen aurrean isilik ez geratzea hautatu dugunok, irribarre... [+]


2017-03-13 | ARGIA
Asteko azalaren aurrerapena
Inoiz, inola, inon, ez gara isilduko

Joseba Larratxeren ilustrazioak hartu du aste honetako ARGIAren azala. Titularra, Gabriel Arestiri keinu eginez: Inoiz, inola, inon, ez gara isilduko. Asteazkenetik aurrera kioskoetan, eta Argia Jendeak etxean. Proiektua babestu nahi baduzu, hemen aukera.


ARGIAren bidetik, Mozal Legea borrokatu

Axier Lopez ARGIA-ko kazetariari epaiketaren atarian zuen isuna kentzeak Mozal Legea deuseztatzearen alde lan egiten dugun guztioi erakutsi digu posible dela lege injustuei aurre egitea. Kasu honek erakusten digu nola jokatu behar dugun injustiziaren aurrean: lehenik eta behin... [+]


2017-03-08 | ARGIA
Mozal Legearen aurkako bataila hau irabazi dugu

Lehen ere esan genuen. Ez genuela uste, jaso genuen zigorrean iradokitzen zen bezala, inori “baimenik eskatu” behar genionik gure lana egiteko.


2017-03-08 | ARGIA
Espainiako Gobernuak atzera egin du: ARGIAk irabazi du Mozal Legearen auzia

ARGIAko kazetari Axier Lopezi ezarritako isuna bertan behera utzi du Espainiako Gobernuak, Javier de Andres EAEko Espainiako ordezkariaren bitartez. Hedabide honek isunari ezarritako helegitearen ondorioz, martxoaren 13an epaiketa egitekoa zen Gasteizen. Epaiketa egin gabe,... [+]


2017-03-08 | ARGIA
The Spanish government stepped back: Basque magazine ARGIA has won the Gag Law lawsuit

The Spanish government, via its Basque Autonomous Community representative Javier de Andres, has desisted from its attempt to fine ARGIA journalist Axier Lopez. As a result of the magazine's appeal against the fine, a trial was to be held in Gasteiz on March 13th. Without... [+]


Eguneraketa berriak daude