Osakidetzan logopeda euskaldunak behar ditugu! Sinatu eta zabaldu!

  • Abenduaren 14an logopedentzako lan-deialdi publikoa argitaratu zuen Osakidetzak, lehenengoa azken 15 urteotan. Logopeda lanpostu guztiek derrigortasun data iraungita ez dutenez, euskararen ezagutza ez da ezinbesteko baldintza lanpostu horietan guztietan aritzeko. Hamarkadak dira euskaraz hein batean edo bestean dakien logopeden paziente asko eta askoren osasun- eta hizkuntza-eskubideak urratu egiten direla, eta deialdi hori egoerak hobera egin dezan baliatu beharrean, Osakidetzak bere horretan mantentzea erabaki du. Harrigarria eta onartezina da hizkuntzarekin erabat lotuta dauden lanpostu horietan behar den euskara aintzat ez hartzea.

Gainera, errealitatearen aurka doa: EAEn biztanleriaren % 55 elebiduna da hein batean edo bestean, horrek esan nahi du logopeda-lanbidean jarduteko hizkuntza jakitea unibertsitateko titulazioa bezain beharrezkoa dela.

Horregatik, OEEk helegitea jarri, eta izenpe-bilketari ekin dio, logopedia lanpostu horiek profesionaltasunez betetzeko eta arreta pazienteek behar duten mailan emateko hizkuntza biak ondo ezagutzea ezinbestekoa baita. Euskaldunon eskubideak urratzen dituelako, bai osasun-eskubideak, bai hizkuntza-eskubideak. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ere helegitea jarri dute.

Gure elkarteak kezkaz bizi du egungo egoera, hainbat lanpostutarako esleipenetan gauza bera ikusten ari garelako behin eta berriz: ez dira jartzen beharrezko hizkuntza eskakizunak. Horrek Osakidetzako Euskara Plana bete-betean kaltetzen du, eta beraz, kaltea eragiten digu euskal hiztunoi, eta gure gizarte elebidunari. Eskubideak sistematikoki urratzen ditu, eta erakusten digu, logopedian bezala beste hainbat espezialitatetan, ez dugula urratsik eman Osakidetza orain dela 38 urte sortu zenetik hona. 40 urte pasa dira, eta oraindik ez da betetzen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea, administrazio guztiekin euskaraz ahoz eta idatziz zerbitzuak jasotzeko eskubidea aitortu ziguna.

Logopeda elebakar batek eragin dezakeen kalte medikoa
40 urte pasa dira, eta oraindik ez da betetzen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea, administrazio guztiekin euskaraz ahoz eta idatziz zerbitzuak jasotzeko eskubidea aitortu ziguna

Logopeda elebidunak ez bermatzea oso larria da eta etika medikoaren aurka doa: pazienteak sendatzea oztopatzen du, okerreko diagnostikoen eta infra-diagnostikoen bidez.

Osakidetzan nabarmena da logopedaren praktika klinikoan mintzaeraren eta hizkuntzaren patologiek dakarten asistentzia-karga. Kasu horietan, hizkuntza ez da soilik komunikazio-tresna bat, azterketaren, diagnostikoaren eta interbentzio klinikoaren muina baizik. Iktusa izan duten pazienteak kontuan hartuta soilik, EAEn urtero 1.500 afasia-kasu berri edo oinarri neurologikoko lengoaiaren nahasmendu berri daudela kalkulatzen da, eta horietatik 650 euskara-gaztelania elebidunak dira. Ebidentzia zientifikoak erakutsi du hiztun elebakar eta elebidunek desberdin prozesatzen dutela hizkuntza. Afasia duten elebidunengan, hizkuntza-arazoak ez dira beti gaixoaren hizkuntza guztietan azaleratzen, ezta larritasun berean ere. Beraz, ezinbestekoa da pazienteak hitz egiten dituen hizkuntza guztiak aztertzea eta tratatzea.

Ebidentzia zientifikoak erakutsi du hizkuntza bakarrean egindako esku-hartze logopedikoak ez duela onurarik sustatzen tratatu gabeko hizkuntzan edo horiek oso mugatuak direla. Hala da bereziki hizkuntzak tipologia desberdinetakoak direnean, euskara eta gazteleraren kasuan gertatzen den bezala. Horrek eragin zuzena dauka ez soilik euskara hizkuntza nagusi duten paziente elebidunetan, baizik eta gaztelania nagusi dutenen elebidunetan ere bai, hizkuntz gaitasunen susperraldi onena lortzea oztopatzen baitu. Izan ere, frogatuta dago interbentzio logopedikoaren azkartasuna funtsezkoa dela terapiak arrakasta izan dezan, eta hobetzeko gaitasuna nabarmen murrizten dela patologia kronifikatu ahala. Osakidetzako logopedak profesional erabat elebidun gisa (gaztelania-euskara) jardun ezin izateak mugatu egiten du pazienteak neuroplastizitaterako eta funtzioen berrantolaketarako funtsezkoa den denbora-tartean hobetzeko duen gaitasuna.

Osakidetzak eskura dituen baliabide guztiak jarri behar ditu ziurtatzeko logopeda guztiek euskaraz zein gaztelaniaz diagnostikatzeko eta tratatzeko beharrezko hizkuntza-trebetasunak dituztela, eta pazienteari zuzenean edo zeharka atzera-bueltarik gabe kalte eragiten dion edozein prozedura saihestu behar du. Justizia medikoaren printzipioa betez, Osakidetzak ziurtatu behar du tratamendu logopedikoaren onura berdin banatzen dela gizarteko talde guztietan, elebakar zein elebidun izan.

Lanpostuen egoera 40 urte eta gero: ilaran azkena

Logopediaren kategoria profesionala oso talde profesional txikia da kopuruz Osakidetzan. Gaur egun, zortzi logopeda daude guztira Gurutzeta, Basurtu, Gorliz, Eibar eta Donostiako ospitaleetan banatuta. Deialdi berri honetan lau plaza eskaintzen dira logopediarako, eta horietako hiru gaur egun kontratatutako profesionalen erretiroak betetzeko erabiliko dira.

Pareko gizarte-errealitatea duten hainbat lurraldetan arazo barik eskatzen dira lanpostuek behar dituzten trebeziak. Hemen zergatik ez?

Profesional horien hizkuntza-gaitasuna eskasa da gaur egun. Logopeda elebiduna izateko lehen urratsa eta bistakoena gaztelania eta euskara jakitea da. 1. HEak (B1) ez ditu logopedak gaitzen euskarazko praktika profesionalerako. Euskararen 2. HEak (B2, ingelesezko First certificate) ere ez du ziurtatzen hizkuntza-gaitasuna nahikoa denik kalitatezko praktika logopedikorako, eta beharrezkoa da 3. HE eskatzea (C1 edo EGA, ingelesezko Advanced), Espainiako estatuko beste lurralde elebidun batzuetan (adibidez, Katalunian) edo hizkuntza koofizialak dituzten Europako beste herrialde batzuetan gertatzen den bezala (adibidez, Belgika, Holanda, Tirol italiarra, Gales, Norvegia). Pareko gizarte-errealitatea duten hainbat lurraldetan arazo barik eskatzen dira lanpostuek behar dituzten trebeziak. Hemen zergatik ez?

Logopediako diplomadunen lanbide-kategoria txikia denez, ez du aukerarik neurri alternatiboak hartzeko, hala nola bideratzeak edo euskarazko arreta-zirkuituak sortzea, kasu gehienetan logopeda bakarra baitago ospitale bakoitzean. Eskakizuna behar-beharrezkoa da.

Materialik ez

Afasia detektatzeko behar diren test egokiak eta antzeko materialak oraindik orain gauzatze fasean eta modu boluntarioan daude. Hau da, logopedek lan egiteko behar dituzten oinarrizko materialak ez daude eskura eta prest 40 urte eta gero.

Pazienteen bi hizkuntzetan artatzea erabakitzen badute, logopedek euskarazko ebaluazioa era kualitatibo eta informal batean burutzen dute, edo norberak garatutako edo itzulitako testak erabilita. Bilboko kazeta medikoan iaz agerturiko ikerketa batek dioenez, elkarrizketatutako profesionalen %98,5ek afasia aztertzeko euskarazko tresna gehiagoren beharra adierazi zuen.

Osakidetzak tresna horien beharrari erantzuteko baliabiderik ez jartzea ez da onargarria.

Deialdi honek aukera paregabea eskaintzen du neurriak hartzeko eta gaixo elebidun euskaldunek Osakidetzak eskaintzen duen arreta logopedikoan jasaten dituzten bereizkeriak zuzentzeko.

Sinatzeko hemen da lotura. Sare sozialetan, Twitterren eta Facebooken ere ari gara kanpaina egiten.

Sinatu eta zabaldu!

 

* Karlos Ibarguren Olalde Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen Lehendakaria da, Agurne Gaubeka Erauskin Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren Zuzendaria eta Iraitz Lazkano Garitaonaindia UEMAko Lehendakaria

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude