Onkologikoa azpierabilita dagoela salatu eta erabakiguneetan parte hartzea eskatu dute pazienteek

  • “Txorakeria dirudi, baina onkologoaren kontsultatik hurrengo hitzordua finkaturik ateratzeak balio du lo lasai egiteko”, adierazi dute erabiltzaileek, eta berdin tratamenduaren plangintza zehaztuta dagoela jakiteak. “Inprobisatu egiten denaren sentsazioa ematen du; gaur egun ginkana bat da minbizia edukitzea, pasa behar diren tramite guztiengatik”.

"Telefono deiaren zain egoteak baino estres gehiago ezer gutxik eragiten du". Olatz Mercader eta Sandra Barkaiztegi, astelehen goizean Gasteizko Legebiltzarrean egin duten agerraldian. (Argazkia: Eusko Legebiltzarra)

2023ko martxoaren 06an - 12:45

“Donostiako Onkologikoak utzi egin dio zentro monografiko eta erreferente izateari”, salatu dute Onkologikoa Ospitaleko Paziente eta Erabiltzaileen Batzordeak. Lehen eskutik kasuak kontatu eta kezkak, premiak eta beharrizanak azaleratu dituzte Olatz Mercader eta Sandra Barkaiztegik Eusko Legebiltzarreko Osasun batzordean egin duten agerraldian, EH Bildu talde parlamentarioak hala eskatuta.

“Onkologikoa ezagutu dugu ospitale monografiko bezala: zentro bizia zen, sarbide errazarekin, arreta primerakoa, epeak azkarrak eta aproposak... Baina jada ez dago halakorik; ez da zentro monografikoa eta erreferentzia galdu du”.

Mercaderrek eta Barkaiztegik behin eta berriz azpimarratu dute azken urteetan erreferentzialtasuna galdu duela Onkologikoak. Mercaderrek aipatu du bere amari duela hamar urte minbizia atzeman ziotenean, funtzionamendu, zaintza eta epeei dagokienean oso ezberdin jarduten zela, berari 2020ko irailean diagnostikatu ziotenean bizitakoarekin alderatuta, bederen. “Bost zentroetan hara eta hona ibili behar izan dut, telefono deiaren zain, eta plangintza ongi zehaztuta ez zegoen sentsazioarekin. Estres handia eragiten du horrek. Hiru orduko itxaronaldiak egin ditut medikuaren kontsultara sartzeko; ez da langilearen errua, kontua da ez daukatela denborarik. Langileak falta dira, eta antolakuntza egokia”.

Paziente baten testigantza jaso dute gutun bidez batzordean, eta seinalatzen zuen Onkologikoan ez direla gaitasun eta baliabide guztiak erabiltzen. Haren arabera, Onkologikoko ospitalizazio gunearen %90a hutsik dago, biltegi gisa erabiltzen da, eta Donostia Ospitaleko ospitaleratzeak gainezka egoten dira.

Parte hartze aktiboa

Orientaziorik ez daukatela ere azpimarratu du Onkologikoko Erabiltzaile eta Pazienteen Batzordeak –“ezer gutxi, ileordea non erosi ez bada”–, eta horregatik “pazienteak erdigunean jarriko dituen funtzionamendua” beharrezkoa dela nabarmendu dute Mercaderrek eta Barkaiztegik.

Legebiltzarreko alderdiei eskatu die beraien “ertzetik lanari ekiteko”, eta Euskadiko Plan Onkologikoan jasota dagoen bezala, parte aktiboa izan nahi dutela nabarmendu dute. Pazientea erdigunean jartzea nahi dute, entzunak izan daitezen. Aurten iraungiko da indarrean dagoen Plan Onkologikoa; hurrengoa 2029ra arte egongo da indarrean, eta garatu egin beharko da aurten.

[Entzun: minbizia pairatu duten hainbat emakumek (Min)Bizi podcast saioa egiten dute ARGIAn.]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Minbizia
2024-01-14 | Leire Artola Arin
Minbiziaren ginkanan, pertsona zelulen aurretik jartzeko aldarria

Minbizia. Mediku bat zuri begira hitz hori ahoskatzen entzuten duzunean amildegi bat zabaltzen zaizu erraietan. Aldakek dar-dar eta aldaketarako indar falta”. Izan Iñurri elkarteko kideak horrelaxe hasten dira definitzen gero eta ohikoagoa den gaixotasunak... [+]


Eguneraketa berriak daude