Nolako aldartearekin doaz ekoizleak Ziburuko Azokara?

  • Ekainaren 4an egingo da Ziburuko 3. Liburu eta Disko Azoka, eta bertan izango dira 33 argitaletxe, diskoetxe eta auto-ekoizle. Horietako batzuekin mintzatu gara, ikusteko zer aldarterekin hurbiltzen diren aurten Ziburura.


2022ko maiatzaren 26an - 10:16
Azken eguneraketa: 11:22
Argazkia: Dani Blanco

Maiatz argitaletxea hirugarrenez egongo da Ziburuko Azokan, eta Luzien Etxezaharreta editoreak dioenez, urte hasieran Sarako Azokan aurkeztutako lanak eramango dituzte orain ere Ziburura: "Gure liburuak aurkezteko baliatu behar dugu azoka, eta Ziburukoa berezia da alde horretatik, hura euskara hutsezko azoka da eta". Han izango dituzte, besteak beste, Marikita Tambourinen Bizirik iraun, Itxaro Bordaren Uhartearen mugetan edota Jean Louis Davanten Vasconiako notiziak, Iparretik ikusiak.

Irakurle euskalduna hurbilduko dela azokara, eta Etxezaharretak dio baikor doazela Lapurdiko letren hiriburu historikora. Azokan, gainera, beste argitaletxeak ere han egongo direla dio, eta beraz, topagune dela eta elkarlanerako giroa ere izango dela: "Literaturak garrantzi handia du hizkuntza batentzat eta une honetan euskal letrak garai ona bizitzen ari dira".

"Bada euskarazko komiki gosea"

Xabiroi aldizkariaz arduratzen da Dani Fano komikigile eta editorea, Ziburuko Azokaren lehen edizioan egon ziren, iaz ere bai eta hirugarrenera ere pozik doaz: "Lehenengo edizioan bero zapa egin zuen eta motelagoa izan zen, baina aukerak ikusten zitzaizkion azokari: giro ona, antolakuntza ona... Eta iazko edizioan baieztatu ziren lehenengoan ikusi genituen espektatibak. Oso giro ona egon zen, jendetza bildu zen eta gainera ongi saldu genuen". Ziburutar bati entzundakoa ere baliatu du sentsazioak azaleratzeko: "Baina zer da hau, Ziburun hainbeste euskara entzutea!".

Aurtengoan ere pozik joango direla dio, eta gainera bi berrikuntzarekin eta lau egilerekin: batetik Arranotxu, Zaldi Eroarena; eta bestetik, Sasi artean Elgeta, Koldo Izagirre, Garluk eta Dani Fanoren artean jositakoa.

Azken urteetan euskal komikiak garai onak bizi ditu eta azoketan ongi mugitzen ari direla dio Fanok: "Gutxienez, bada euskarazko komiki gosea". Bere esanetan, harreman polita sortzen da gune horietan, lanak sinatzen dira, irakurlearen aurrean marraztu... "eta giroa ederra da". Pozik iaz eta itxaropenez aurten: "Salmenta ona egin genuen iaz eta aurten ere ongi ibiltzea espero dugu".

Euskal komikiaren osasuna azpimarratzeaz gain, Ziburukoa komikilarientzat plaza berezia dela dio: "Ongi zaintzen gaituzte. Jakina, hor daude antolakuntzan Adur Larrea eta Ladix Arrosagarai, biak ere komiki munduari lotuak. Beraz, leku on batera joango gara Ziburura".

Diskoetxeen zailtasunak

Baga-Biga diskoetxea iaz egon zen Ziburuko Azokan eta aurten ere han izango da, temati. Diskoetxeko Ritxi Aizpuruk dioskunez, iaz ez zuten saldu: "Esperientzia txarra izan zen alde horretatik, baina diskoetxeek eta argitaletxeek halako ekimenak bultzatzen ez baditugu nork sustatuko ditu?". Ziburuko Azokak Durangokoarekin zerikusirik ez duela dio, baina azoketan egon egin behar dela: "Kulturak behar ditu halako ekimenak. Joan den astean izan ginen Sormenek Galdakaon antolatutako disko eta liburu azokan, eta han ere ez genuen saldu, jende gutxi ibili zen".

Ezaguna den gisan, CDen salmentak gainbehera handia bizi du aspalditik, "2010etik-edo gero eta gutxiago saltzen da", diosku Aizpuruk. Diskoetxeek euren burua berrasmatu behar izan dute eta horregatik, "Baga-Bigan behartuta gaude 360ºko begirada izatera, artistari eta kontsumitzaileari ahalik eta zerbitzurik egokiena emateko". Egoera asko aldatu da eta diskoetxeek gaur egun egiten duten zeregin handiena kontzertuen kudeaketa da: "Diskoa batez ere aurkezpen txartela da, gastuen ikuspegitik ez du bere burua estali ere egiten".

Aurten Baga-Biga produkzioak berrikuntza bat eramango du Ziburura, Pantxoa Carrereren Esperantzan, kantariaren bigarren bakarkako diskoa. Ipar Euskal Herrikoa denez, hobeto salduko den esperantzarekin doa, "baina ikusiko dugu, Kalakan taldearen disko berria eraman genuen iaz eta ez zen saldu, horiek ere Iparraldekoak izan arren".

Garai zailak bizi ditu musika ekoizpenaren salmentak, eta sektorean ere adi dira, "musika zein euskarrirantz joango den ikusteko". Baina ez dira Ziburu edo Galdakao bakarrik, orokorragoa dela dio Aizpuruk eta, adibidez, iaz Durangoko Azokan egin ziren jende murrizketekin, musikak ez zuela saldu azaltzen du Aizpuruk, "eta hala ere, egon egin behar da".

Euskaltzaindia ere bai

Hirugarren edizio honetara lehenbiziz joango direnen artean dago Euskaltzaindia, eta gogotsu doazela dio Jasone Irozek, akademiako Baionako bulegoko langileak: "Bi azoka besterik ez ditugu Ipar Euskal Herrian, Sarakoa eta orain Ziburukoa, beraz, egon behar da. Iparraldean, gainera, Hegoaldean baino ospe gutxiago du Euskaltzaindiak, eta Ziburuko Azokak lagunduko digu gure produktuak ezagutzera emateko. Ez naiz segur, baina agian azoka horrek Sarakoak baino publiko gazteagoa du eta, beraz, Sarakoaren osagarri izango da. Ziburukoa, halaber, bakarrik euskaraz da eta hori balioan jarri behar da".

Irozen esanetan, ez dute ezer berririk aurkeztuko, hori duela gutxi Sarako Azokan egin zutelako. Ez dute aurkezpenik egingo, beraz, baina Saran aurkeztutako hiru lan berriak Ziburun izango dira: batetik, Txomin Peillenen olerki liburua, Ene bertsoen bilduma / Recueil de versification. Sans rimes ni raisons.1951-2021); bestetik, Jean-Louis Davantek landutako Nafarroako Blanca Trajeria; eta, azkenik, Jean Elizalde Zerbitzari idazle azkaindarraren Antologia, azken hori Jabier Kaltzakortak landutakoa.

Gero eta argitaletxe eta diskoetxe gehiago hurbiltzen dira Ziburuko Azokara, eta eguraldia lagun, ekainaern 4an Ziburun gustura egotea opa behar zaie ekoizleei, eta horretarako txukun saltzea ezinbestekoa da haientzat. Baina saltzea baino askoz gehiago ere bada halako gune bat, besteak beste harreman gune, zubi eta kultura baten erakusleiho, edo aste honetako aldizkari honetako erreportaje nagusiak dioen moldez, egun bat euskararen errepublikan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
“Maite dut Iparraldean antzerkia egitea, uste baitut hemen kodeak ulertzen direla”

Azkainen aurkeztu du Ander Lipusek bere ibilbide artistikoaren inguruko gogoeta jaso duen liburua: Antzerkiaren labirintoan I. Bigarren partea ere badu liburuak, “antzerkilariei gehiago zuzendurikoa” dena bere esanetan, baina Azkaineko irakurle taldeak lehenbizikoa... [+]


2024-05-07 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Liburu eta Disko Azokak aurten Daniel Landart omenduko du

Ziburuko Baltsan elkartean aurkeztu dute antolatzaileek euskara hutseko liburu eta disko azokaren 5. edizioa. 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehienak), 120 metro erakusmahai beteko dituzte denen artean (inoizko gehienak) euskarazko irakurgai eta musikarekin eta... [+]


Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


40 argitaletxek eta diskoetxek parte hartuko dute Ziburuko Azokan

Ekainaren 1ean iraganen da azokaren bosgarren edizioa. Liburu aurkezpenak, kontzertu ttipiak zein bestelako ekitaldiak, egitarau oparoa osatzen dabiltza Baltsan elkartea eta ARGIA.


Eguneraketa berriak daude