Neurri zehatzak dituen bidezko irtenbide baten alde


2020ko ekainaren 05an - 11:33

Bi hilabete eta erdi igaro dira alarma egoera ezarri zenetik. Covid-19ak sortutako krisi globala shock bat izan da jada krisian zeuden ekonomia eta sistema kapitalistarentzat (krisi ekonomikoa, soziala, ekologikoa, humanitarioa eta patriarkala). Ondorio larriena birusaren ondorioz bizia galdu duten edo galduko duten pertsonen kopurua da, estatistika ofizialetan jasotakoak baino dezente handiagoa.

2008ko krisiaren eta aurrekoen ondoren gertatu zen bezala, krisi hau mota guztietako murrizketak eta herritarron kontrako neurriak hartzeko aprobetxatu nahiko dute, shock egoerak baldintzatuta jendeak errazago onartuko dituelakoan. Iñigo Urkullu lehendakariak Vocento taldeari egindako adierazpenak norabide horretan doaz: sektore publikoan lan egiten dutenak pribilegiatutzat jo ditu eta sakrifizioak egin beharko dituztela iradoki du. Badirudi 20:00etan txalo egitetik osasun-langileen eta arlo publikoan lan egiten duten gainerakoen soldatak murriztera pasatu nahi dela.

Krisiari emandako erantzuna ez dator bat ditugun beharrekin. Gizarte-ezkututzat jotzen diren neurri batzuk hartu dira, baina oso urriak izaten ari dira eta, oso garrantzitsua dena, denboran eta kausan mugatuak (koronabirusa). Jarduera ekonomikoaren beherakadak diru-sarrera publikoen murrizketa handia ekarriko du (kalkuluen arabera %20 eta %25 artean, 3.000 milioi euro inguru EAEn eta 800 Nafarroan). Ogasunen diru-sarrerak nabarmen handitzea ekarriko duten berehalako neurriak hartzen ez badira, defizitaren eta zor publikoaren igoera handia gertatuko da, eta etorkizunean murrizketak egiteko preludioa izango da.

"Europak norabidea gero eta galduagoa du. Europako Banku Zentralak (EBZ) gobernuei zuzenean dirurik eman gabe jarraitzen du, eta horrek espekulazio mota guztiak ahalbidetzen ditu, arrisku sariarena kasu"

Europak norabidea gero eta galduagoa du. Europako Banku Zentralak (EBZ) gobernuei zuzenean dirurik eman gabe jarraitzen du, eta horrek espekulazio mota guztiak ahalbidetzen ditu, arrisku sariarena kasu, bereziki Europa hegoaldeko gobernuak arriskuan jarriz. Gainera, helburu nagusia bankuak salbatzea da. Horretarako, azken urteetako neurri berberetan sakondu du: 3 bilioi “mailegu” bankuei, %0,75eko interes-tasa negatiboan, eta zor publiko edo pribatuko aktiboak bankuei erosteko programa berriak. Ezer berririk ez koronabirusaren eguzkipean.

Europako gobernuen artean lortutako akordioak ere, orain arte, mailegu mota desberdinak besterik ez dira (interesekin itzuli behar dira). Gainera, mailegu horiek politiketan baldintzapekotasuna dakarte (beltzezko gizonen bertsio deskafeinatua). Ardatz frantziar-alemaniarraren (Macron-Merkel) proposamenak argi uzten du baldintzapekotasuna, eta aurrekontu zuzena handitzeko tarteren bat egon daitekeela adierazten duen arren, ez zaio inolaz ere erantzungo krisiaren larritasunari, ez eta neurriek behar duten presari ere.

Orain arte gertatutakoari buruzko hainbat ondorio: lehenik, 2008ko krisiari eman zitzaion irteera ez zen bidezkoa izan. Bestetik, koronabirusaren krisiak agerian utzi du pertsonen bizitza bermatzen dutena funtsezko zerbitzuak direla, zerbitzu publikoak, komunak. Hirugarrena, prestazio eta eskubide sozialen sistema hobetu egin behar dela, inor atzean ez uzteko. Halaber, badirudi produkzio-sistemaren eraldaketa sozial eta ekologikoaren beharra ere partekatzen dela, are gehiago funtsezko sektoreen kanpo-mendekotasunaren aurrean.

Horrek eskatzen du 2008ko krisiaren ondoren hartutako austeritate-politikak alde batera utzi behar direla, eta Europa mailan, zein estatu bakoitzean, konstituzionalizatu nahi izan den aurrekontu-doikuntzarekin amaitu behar dela: zorraren, defizitaren edo gastu-arauaren mugekin amaitu behar da; Konstituzioaren 135. artikulua atzera bota behar da; baita bertatik datozen aurrekontuen egonkortasunari buruzko legeak eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Espainiako Estatuarekin sinatutako akordioak, austeritatearekin jarraitzea baitakarte.

"Konstituzioaren 135. artikulua atzera bota behar da; baita bertatik datozen aurrekontuen egonkortasunari buruzko legeak eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Espainiako Estatuarekin sinatutako akordioak"

Horrekin batera, lehentasunezko 5 esparrutan aurrera egin behar da premiaz. Lehenik eta behin, diru-sarrera publikoak handitu egin behar dira errenta altuei, enpresei eta kapitalari ezarritako zergen bidez. Sozietateen gaineko Zergan 1.750 milioi bildu ahalko lirateke EAEn eta 400 Nafarroan, kenkariak kenduz eta mozkinen %20ko errekargu berezia ezarriz 2019ko Sozietateen Gaineko Zergaren aitorpenean. Ondarearen, Aberastasunaren eta Fortuna Handien Gaineko Zergan, %1 eta %10 bitarteko errekargu espezifiko progresibo batek 2.000 milioi gehiago eskuratzea ekarriko luke EAEn eta 500 Nafarroan. Neurri horiek covid-19ak eragingo dituela aurreikusten den diru-sarreren galera konpentsatuko lukete, soberan. Euskal Herrian agintzen dutenek aho batez diote orain ez dela aldaketa fiskalak egiteko garaia. Esan bezala, hori murrizketen alde egitea da. Beharrezkoa da ere azpiegitura handien eraikuntzak gelditzea, hala nola Abiadura Handiko Trena edo Nafarroako Ubidea, hala, gainera, aurrekontu sozialetara bideratzeko diru gehiago lortuko litzateke.

Bigarrenik, sektore publikoa indartu behar da. Osasunean edo Hezkuntzan Europako batez bestekoarekiko dagoen defizit handia ezabatu behar da, azpikontratatutako sektoreak publifikatu behar dira (egoitzak, etxez etxeko arreta, anbulantziak, garbiketa…) enpleguaren kontsolidazioa bermatuz, edo aldi baterako langile guztien enplegua egonkortu egin behar da administrazioan.

Hirugarrenik, pertsona guztientzako diru-sarrera nahikoak bermatu behar dira. EAEko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta Nafarroako Errenta Bermatua (EB) Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) %100ean ezarri behar dira (1.108 euro hamabi hilabetetan), pertsona gehigarri bakoitzeko % 50ean gehituta (Eskubide Sozialen Gutunaren Herri Ekimen Legegileak eskatzen zuen bezala, nahiz eta Nafarroako zein EAEko legebiltzarrek onartu ez). Pentsioak hileko 1.080 eurora arte osatu behar dira, langabezian dauden pertsona guztiek LGSren pareko gutxieneko diru-sarrera izan behar dute eta ABEEagatiko diru-sarrerak osatzea, ere, beharrezkoa da.

Laugarrenik, bizitza eta zaintza erdigunean jartzeak esan nahi du lege bidez bermatu behar dela, besteak beste, mendekotasun-egoera guztiak sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezko baten bidez estaltzeko eskubide subjektibo eraginkorra.

"Erakundeek tresnak izan behar dituzte beren politikak aurrera eraman ahal izateko: Kutxabank esku publikoetan jarri, Nafarroan banku publikoa sortu eta pribatizatutako enpresak eta sektoreak berreskuratu"

Eta azkenik, enplegua eta sistemaren eraldaketa sozial eta ekologikoaren gaia dugu: lanaldia 35 ordura murriztu, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakalarekin amaitu. Erakundeek tresnak izan behar dituzte beren politikak aurrera eraman ahal izateko: Kutxabank esku publikoetan jarri, Nafarroan banku publikoa sortu eta pribatizatutako enpresak eta sektoreak berreskuratu. Hortaz gain, enpresak nazioartekotzeko aurrekontu-partidak birlokalizaziora eta enplegu berdeak bultzatzera bideratu behar dira.

Argi dago ez dagoela borondate politikorik norabide horretan aurrera egiteko. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da jendartearen mobilizazioa, krisia, betikoek ordaindu ordez, gehien dutenek ordain dezatela eskatzeko. Bidezkoa delako, eta ahal dutelako. Mobilizazioan sakontzen jarraituko dugu, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitutako urtarrilaren 30eko greba orokorrean egin genuen bezala. Eta, era berean, ezker politikoari eskatuko diogu aldarrikapen horiek guztiak bere eguneroko jardunaren ardatz bihur ditzala. Beharrezkoa da pedagogia egitea, proposamenak planteatzea eta horien alde mobilizatzea. Hori da gure zeregina.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Eguneraketa berriak daude