Nestor Basterretxea, berriz arte

  • Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko zurezko zuhaitza, Donostiako Bakearen Usoa, Renoko (Nevada, AEB) "Euskal Artzainari" monumentua ikustean etorriko zaio herritarrari Basterretxearen izena.


2014ko uztailaren 13an - 00:00
Azken eguneraketa: 11:27
Nestor Basterretxea azken mendeko Euskal Herriko artista garrantzitsuenetakoa izan da. Hilaren 12an hil zen Hondarribian.

Ama Lur (1968) film mugarriari edo Pelotariri (1964) atxikia ere oroituko du bide-urratzailearen lorratza. Eta kartel zein logotipotan aurkituko du artista konprometituaren zigilua: Bai Euskarari-ren logotipo zaharra, 2012ko Durangoko Azokaren kartela, 1512-2012 Nafarroa Bizirik egitasmorako kartela edo Gure Esku Dagoko logotipoa adibide.

Arteak gaindituko ditu herritar eta artistaren arteko denborak,  ARGIAn kontatu zuenez: "Jose Antonio Altunarekin Ekaineko kobetara joan nintzenean, zaldiak margotuta dauden frisoa erakutsi zidan. 'Zaldi horiek nik marraztu ditut' esan nion. Harrituta begiratu zidan, eta 'juxtu hauek ez, noski, baina horren berdin berdinak bai' esanez lasaitu nuen. Ezagutzak obra aztertzeko egilearen larruan jartzen zaitu, eta hor ez dago denborarik".

"Heriotzak lanean harrapa nazala"

1924an Bermeon jaioa, bi gerrek harrapatu zuten gaztetan: 1936ko gerra lehertu zenean 13 urte zituen. Aita EAJko diputatu izanik, Donibane-Lohizunera ihes egin zuten. Oroitzapen bakoitza lau zertzeladetan kontatu zuen ARGIAn 2001eko elkarrizketan: "Jendeen kruze ikaragarri bat zen hura, aurpegi dramatikoekin, hitz egin gabe, denok baikenuen gure istorioa".

Bermeoko etxea arpilatu zieten eta 27 urtez Guardia Zibilen kuartela izan zen. Gerra batetik ihesi Parisa jo, eta han handiago batek, II. Mundu Gerrak harrapatu zituen. Azkenik itsasoratu egin ziren, eta Buenos Airesera iristeko 18 eguneko bidaia behar zuena, 480 egunekoa bihurtu zitzaien. "Itsasontzi barruan jendea jaiotzen eta hiltzen zen. Euskaldunak, espainolak, judutarrak... denetik zegoen".

Gertakizun haiek markatu zuten bere artea eta heriotzarekiko perspektiba ARGIAko 1990eko elkarrizketan kontatu zuenez: "Gai dramatikoak margotzen hasi nintzen, figura beltzak, gorriak, grisak, nire barruko sufrimendu guztiak kanporatu nahian edo. Konturatu gabe sufritu nuen, urteak eta urteak sufritzen pasa nituen. Asko sufritu dut heriotza dela medio".

Artearen bidez errealitate gordinari aurre egitea izan zuen hautu, baina errepresentazio hutsera mugatu gabe: "Zuk ikusten duzuna beste era batera sentitzeko gai bazara, logikoa da hori artean aplikatzea. Artista gai da errealitatearen gainean zerbait asmatzeko, errealitatean ez dagoen zerbait, zugan baizik. Zuretzat zeruek ezin dute beti urdinak edo grisak izan, edo zelaiek berdeak. Hor daude zeruak eta mendiak, baina nire zerua eta nire mendiak beste batzuk dira. Artea modu pertsonalean errealitatea diseinatzeko era da. Errealitatetik abiatuta, baina inoiz imitatu eta ilustratu gabe. Zure sentimenduetatik kontatuz".

2012ko elkarrizketa honetan heriotzaz trufatzera iritsi zen: "Ezinbestean sarri-sarri oroitzen naiz heriotzaz, baina arteak horretan pentsatuz porrot ez egiten laguntzen dit. Dena den, eskerrak ez dagoen beste mundu edo dena delakorik, ze berriz faxista madarikatu horiekin topatu beharrak nire onetik aterako ninduke!".

Gaur taldea: Kosmogonia, Basterretxearen ekarpena

"Nik uste dut Oteiza, Txillida, Mendiburu eta nire arteko jarreretan adostasun bat egon zela, aldez aurretik pentsatu gabea, euskaldun bezala bermatu nahiaren borondatetik sortu zena. Bakoitzak soluzio diferentea eman zion borondate horri, eta nirea euskal kosmogonia berreskuratzetik etorri zen, Barandiaranen ikerketek lagunduta. Gure kulturan ez genuela imaginik heredatu ediren nuenean nire buruari proposatu nion imajinak sortzea. Oteizaren kasua intelektualagoa izan zen, espazioen analisi sakon batetik etorri zena, konkrezio biblikoa kasik berea, arras inportantea pentsamenduari buruz Oteizak egin duen obra. Mendiburu beste erresorte batzuez, lurra, basoa. Txillida berearekin... Lauok euskaldun bezala bermatu nahian aritu ginen, eta gara".

Oteizaren eta Txillidaren arteko haserrearen ondorioz taldea hautsi izanaz galdetuta, argi agertzen zen Oteizaren ondoan baina liskarrarekin kritiko: "Argi hitz eginda esan beharra dago maisua Oteiza dela, eta hori ukatzea gezurretan aritzea da. Berak zentratu gaitu, koordenadak ezarri ditu, baina dibismo jarrera batzuk sortu dira hor, ni zu baino hobea naiz eta holakoak, eta horiek umekeria baino ez dira izan. Gerora ez gara gai izan orduko hura, tertulia, komentario giro hura, berreskuratzeko. Zatiketa hark artista dezente ukitu gintuen, alde batera edo besterako jarrera medio, eta gerora ixtera jo dugu, bakoitza berera. Hurrengo belaunaldientzat ekintza eredugarria gerta zitekeenak beraz ez zuen fruiturik eman".

Arantzazuko basilikako Kristo gorria

28 urterekin itzuli zen Euskal Herrira eta Oteizak animatuta Arantzazuko basilika margotzeko lehiaketan parte hartu eta irabazi egin zuen. Lana ondradu egin zuela kontatu zuen ARGIAn, baina "Guztira 500 metro karratu pintatu behar nituen, eta lanaren erdia, 11 koadro, margotuak nituela, hasi ziren salaketa zentzugabe horiek, ateo komunistak ginela ziotenak... Gu kondenatzeagatik, ordura arte existitzen ez zen epaitegi bat sortu zuten propio. Kasua Italiako goragoko komisio batera iritsi zen. Gure lana azaldu genuen eta Erromako erantzuna bitxia izan zen gero! Zoriondu egin gintuzten istorioen ulermen eta sintesi gaitasunagatik, baina ez zuten gure estetika onartzen. Eta guztiz pintura figuratiboa zen! Kondenatu egin gintuzten. Eta hori gutxi balitz, nire aurkako eraso basati bat egin zuten. Marraztutako guztia ezabatu zidaten, gau batean, fraide eta ume koristek".

Auzia zenbait urte geroago konponduta, Basterretxeak berriz izan zuen Arantzazuko margoak egiteko aukera. Baina lehendik egindako lanak berreskuratu ordez, berriake giten hasi zen Irungo garaje batean: "Fraideak zer marrazten nuen ikustera etortzen ziren. 'Zer, lehengoa marraztuko diguzu, ezta?', esan zidaten, baina ez. Batetik, ezabatu egin zenizkidatelako. Eta bestetik, 27 urtetan zuek ez zaretelako batere aldatu, baina ni gizaki bezala aldatu egin naizelako. Beraz, une horretan marraztu behar nuena marraztu nuen. Gurutzean, pertsonei bizkar ematen zien Kristo bat, hain zuzen. Fraideak Setieni nire lanaren berri eman zion. Setien etxera etorri zitzaidan bere kotxe ofizialean eta esan zidan: 'baina Basterretxea! Jarridazu Kristo bizkarrez kriptako edozein tokitan, baina ez iezadazu aldarean jarri! Mezari uko egiten ari zaio eta!' Eta bai horixe, arrazoi zuela esan nuen. Orduan buelta eman nion. Eta Arantzazuko Kristo gorria da, indar izugarrikoa, atetik sartzen denari 'kabroi alaena! Hator hona!' esaten diona.

Azken agurra ekitaldi zibilean

Nestor Basterretxeari azken une bat agur esateko baliatu nahi duenak, kultur ekitaldi zibilean izango du aukera hilaren 14an, 20:00etan Donostian, Zorroagako eliza zen eraikinean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nestor Basterretxea
2022-01-31 | Leire Artola Arin
Euskaldunen kontrako pintaketak egin dituzte Baionako Nestor Basterretxearen eskulturan

Eskuin muturreko ekintzaileei leporatu diete eskultura bandalizatu izana: Hau kaka euskalduna da idatzi dute frantsesez, eta Heil pepito agur nazia margotu. Jean-René Etxegarai auzapezak jakinarazi du salaketa jarriko dutela. Gainera, Frantziako Alderdi Komunistaren... [+]


Basterretxean barrena

Gasteizko Foru enparantzan metalezko eskultura berri bat agertu da, Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) erakusketara ongi etorria ematen duena. Eremu anitzetan jardundako artistak sortutako 300 artelan baino gehiago biltzen ditu esposizioak, hala... [+]


Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez
Bizitza iruditan

Badira erakusketa madarikatuak. Horietako bat izan zitekeen Nestor Basterretxeari Donostiako Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Artegunea aretoan eskaintzen zaiona, inauguratu eta handik astebetera itxi behar izan baitzituen ateak. Ekainaren hasieratik urrira bitartean baina,... [+]


2014-08-19 | Judith Perez
Zarautzeko Photomuseumak Nestor Basterretxea omendu du

Argazkigintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen du Zarautzeko Photomuseumak gaur, abuztuaren 19an. Aurten Nestor Basterretxea omendu dute, artistari buruzko dokumentalaren proiekzioarekin.


2014-07-20 | Estitxu Eizagirre
Nestor Basterretxea
Artistaren mila aurpegiak

Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko zurezko zuhaitza, Donostiako Bakearen Usoa, Renoko (Nevada, AEB) Euskal Artzainari monumentua… ikustean etorriko zaio herritarrari Basterretxearen izena burura.


Eguneraketa berriak daude