"ESTRUKTURA GEOMETRIKO ETA MAGIAREN ARTEKO BATASUN HORREK BALIO DIT NIRI"

  • PERFILA. Gerra zibila lehertu zenean 13 urte zituen. Aita EAJko diputatu zen, eta Donibane-Lohizunera ihes egin zuten. Oroitzapen bakoitza lau zertzeladetan margotzen du "Jendeen kruze ikaragarri bat zen hura, aurpegi dramatikoekin, hitz egin gabe, denok baikenuen gure istorioa." Beraiei Bermeoko etxea sakeatu zieten eta 27 urtez Guardia Zibilen kuartela izan da. Gerra batetik ihesi Parisa jo, eta han handiago batek, II. Mundu Gerrak harrapatu zituen. Azkenik itsasoratu egin ziren, baina Buenos Airesera 18 eguneko bidaia espero, eta 480 pasa zituzten. "Itsasontzi barruan jendea jaiotzen eta hiltzen zen. Euskaldunak, espainolak, judutarrak... denetik zegoen. Korsoen motinak egoten ziren, eta bizi zen tentsio harekin borrokan hasten ziren..."
Argentinan mexikar pintura eskola deskubritu eta hunkitu zintuen. Gerra eta erbestean bizitakoagatik, akaso?
Argentinara iritsi arteko dena film bat izan zen, eta ni aktoreen artean nengoen. Gertakizun horiek denak pasa zirela uste nuen, baina dena buruan geratzen da. Argentinara iristean bizi izandako dena loratzen hasi zitzaidan. Ezin nuen gerrako albisterik irakurri, gaixo jartzen nintzen. Eta tranbiak pasatzean hegazkinak iruditzen zitzaizkidan. Ez zen eromena, sentsazioak ziren. Horrelako bizipen dramatikoek espresatzeko bide bat eskatzen dute. Garai hartan Espainiako Jabier Solana asko gustatzen zitzaidan, oso eszena dramatikoak marrazten baitzituen. Eta Solanak asto eta kuadroan egiten zuena muralera pasata Orozko zen.

28 urterekin itzuli zinen eta Arantzazu margotzeari ekin. Zer gertatu zen?
Oteizaren oso laguna nintzen. Berak egin behar zituen Arantzazuko eskultura guztiak, eta berak komentzitu ninduen pintura lehiaketan parte hartzera. Eta baita irabazi ere. Ondradu egin genuen lan Arantzazun, erabat horretara jarrita. Arantzazuko liburutegian sartu eta pintatu beharreko gaiak irakurtzen genituen. Guztira 500 metro karratu pintatu behar nituen, eta lanaren erdia, 11 kuadro, margotuak nituela, hasi ziren salaketa zentzugabe horiek, ateo komunistak ginela ziotenak... Gu kondenatzeagatik, ordura arte existitzen ez zen epaitegi bat sortu zuten propio. Bertako kide denak euskaldunen aurkakoak ziren. Kasua Italiako goragoko komisio batera iritsi zen. Gure lana azaldu genuen eta Erromako erantzuna bitxia izan zen gero! Zoriondu egin gintuzten istorioen ulermen eta sintesi gaitasunagatik, baina ez zuten gure estetika onartzen. Eta guztiz pintura figuratiboa zen! Eliza beti ari da naturaz gaindiko gauzak, mirariak azaltzen, eta nola liteke berritasun plastikoen aurrean eskandalizatzea? Ostia puska txiki hori Kristoren gorputza dela, eta ardo hori odola dela sinisten duenak ez dut ulertzen arte modernoaren aurrean nola izan ditzakeen muga horiek.
Kondenatu egin gintuzten. Eta hori gutxi balitz, nire aurkako eraso basati bat egin zuten. Marraztutako guztia ezabatu zidaten, gau batean, fraile eta ume koristek. Kriptara sartu, argia piztu eta hori ikusi nuenean, zur eta lur geratu nintzen. Zinemara joan eta itzultzean etxea erreta aurkitzea bezala izan zen. .

Ondoren pintatu zenituen...
Gipuzkoako Foru Aldundiko lehendakari zen Aizarnarengana jo nuen eta esan nion: "hizketan hasi aurretik badakit zer esango didazun: ez duzula dirurik. Nik behar ditudan bi languntzaileak eta materiala bakarrik ordaintzea eskatzen dizut". Irunen garaje bat alokairuan hartu eta han margotu nuen. Fraileak zer marrazten nuen ikustera etortzen ziren. "Zer, lehengoa marraztuko diguzu, ezta?", esan zidaten, baina ez. Batetik, ezabatu egin zenizkidatelako. Eta bestetik, 27 urtetan zuek ez zaretelako batere aldatu, baina ni gizaki bezala aldatu egin naizelako. Beraz, une horretan marraztu behar nuena marraztu nuen. Gurutzean, pertsonei bizkar ematen zien Kristo bat, hain zuzen. Fraileak Setieni nire lanaren berri eman zion. Setien etxera etorri zitzaidan bere kotxe ofizialean eta esan zidan :"baina Basterretxea! Jarridazu Kristo bizkarrez kriptako edozein tokitan, baina ez iezadazu aldarean jarri! Mezari uko egiten ari zaio eta!" Eta bai horixe, arrazoi zuela esan nuen. Orduan buelta eman nion. Eta Arantzazuko Kristo gorria da, indar izugarrikoa, atetik sartzen denari "kabroi alena! Hator hona!" esaten diona. .

Nola pasa zinen pinturatik eskulturara?
Sutsuki gustatzen zitzaidan marraztea. Ideien zehaztasuna, formen zehaztasunarekin lotuta. Planoan marrazten nuenean, konturatzen nintzen marrei ematen nien kurba eta formaren arabera, planoaren ideia hausten zitzaidala. Kurbaren arabera, planoa aurrera edo atzera joaten zitzaidala. Ideia mailan gertatzen zena fisikoki egin nuen: burdinezko plantxa bat hartu, moztu, eta beste batekin konbinatzean hor agertu zen hirugarren dimentsioa. Ikertu egin nuen marra eta espazioaren, planoaren edo euskarriaren arteko harremana. Beraz, ez zen berehalako aldaketa izan, bideak eraman ninduen. .

Oteizak zer eragin izan du zugan?
Ez du hainbeste eragin izan aholkutan, jarrera moralean baizik. Berak beti izan du zuzentasun hori, sekula ez da saldu, beti izan da esanekoa bere ideiekin. Hori da irakatsi didana eta behin egin zidan gogoeta ere beti barruan daramat: "Begira, Nestor. Espazioa da lehengaia. Zuk espazio hori diagramatu egin behar duzu, tentsioak bilatu, bete edo hustu... Baina ez zaitez geometria hutsean geratu. Gehitu zerbait gehiago". Oraindik orain collageak egiten ditudanean, zorroztasun geometriko handia dago, eta gero paper berezi batzuk sartzen ditut, hemen bizi diren mexikar batzuk egiten dituztenak, tomate saltsekin tintatuak... Horrek kalitate organiko bat du, sekretua, latinista... Estruktura geometriko eta magiaren arteko batasun horrek balio dit niri. .

Zer bilakaera izan du zure estiloak?
Nire kasuan olatualdi antzerako bat ematen da. Olatuak etorri eta joan egiten dira. Eta mareak daude tartean. Marea horrek batzuetan sintesi gogoa ekartzen dit, soildu eta sinplifikatzekoa. Eta bestetan olatu barrokoak harrapatzen nau. Orduan konplikatzea gustatzen zait, tramak, kolore leherketak... Sintesi eta barrokismoaren arteko muga horietan ibiltzen naiz joan etorrian. Orain purutasunaren gailurrean nago.
Figuratiboa ere oso erakargarri zait. Bidaiatzean, argazkiak egin beharrean marrazkiak egiten ditut, eta gero oparitu. .

Artea bizitzarekiko jarrera bat da?
Artistaren arazoa bizitzarekiko bere errealitatea sortzea da. Bizitza bere era partikularrean kontatzea. Horregatik, artean garrantzitsuagoa da "nola" egiten den eta ez "zer". Zer marrazten duzu, zer kontatzen duzu? Hori denok ezagutzen dugu. Baina nola kontatzen duzu? Margolari figuratiboak, normalean, "zer" horretan geratzen dira. Gorbeako ilunabarrak, itsas ertza objektiboki marrazten dute. Baina originala dena ez da "zer" horretan geratzen. Eta pintatuko dut zerua bioleta, nire koadroari hobe doakiolako kolore hori errealitateko urdina baino. Zuk ikusten duzuna beste era batera sentitzeko gai bazara, logikoa da hori artean aplikatzea. Artista gai da errealitatearen gainean zerbait asmatzeko, errealitatean ez dagoen zerbait, zugan baizik. Zuretzat zeruek ezin dute beti urdinak edo grisak izan, edo zelaiek berdeak. Hor daude zeruak eta mendiak, baina nire zerua eta nire mendiak beste batzuk dira. Artea modu pertsonalean errealitatea diseinatzeko era da. Errealitatetik abiatuta, baina inoiz imitatu eta ilustratu gabe. Zure sentimentuetatik kontatuz. .

Non dago artearen eta zirriborroaren arteko muga?
Ezagutu egiten da, noiz modeloak (margotzen duzun andre edo kaleak...) artista gainditu egin duen. Kasu horretan artistak gutxiagotasun sentimentua du, eta imitatu egiten du. Artistak jakin behar du modeloa bera osatzen, bersortzen. .

Zuk diozu herri honek hizkuntza jaso duela baina ez zaigula irudirik iritsi. Ikonografia hori heredatu ez izanak zer ondorio izan ditu?
Batetik, jainko kontuak ahozko kultura bidez azaldu izanak eragiten du gure izateko era. Gu ideia horien seme-alaba gara. Mitologia herrian oso errotuta dagoen dimentsio espirituala da, eta horrek iraun egiten du, oso moderno sentitu arren. Eta irudirik eredatu ez dugunez, asmakuntza erabatekoa izan da. Horregatik esaten dut euskal artea eskultore garaikideekin sortu zela. Ordura arte ez baitzegoen eskulturarik. .

Zuek izan zarete lehen eskulturgileak, baina beti egon izan dira pintore onak. Zergatik diozu, orduan, euskal artea eskultoreek sortu zutela?
Oso pintore onak baziren, baina kazetari antzerakoak. Alegia, azken uneko berrikuntzak eta gertakari puntualak deskribatzen zituzten pintura bidez. Hori kazetari lana da, aldiz, literaturgilea da galderak egiten dituena, intimitatean sakontzen duena. Gu literaturgileak gara. Eskultura mugimendu bat sortu zen, baina ez propio eta kontzienteki antolatu genuelako. Halabeharrez izan zen. Eta uste dut bizirauteko zentzutik asko zuela fenomeno horrek. Frogatuta dago erregimen totalitarioetan, estatuak autoritate gehiegi duenean, artistek erreakzionatu egiten dutela. Estutu, jipoitu, iraindu, mesprezatu egiten zaituztenean balio duena hazi egiten da. Eta artea da zure arma. Azkenean bizitza osoa erantzun bat da. Horregatik oso erne nago komunikabideek igortzen diguten gehiegizko informazioarekin. Nik nire espazioa, denbora eta isiltasuna behar dut gertakizun bakoitza hausnartu eta erreakzionatzeko. Bestela, beti besteen iritziekin bizi gara. .

Pintoreek ez al dute erreakzionatzen?
Hemen unibertsaltasunera erreakzionatzen ari dira, New Yorken gertatzen denerantz, aldizkarietan ateratzen denerantz, elektronikarantz... Erreakzionatu baino gehiago obeditu egiten dute. Sortzaile ere izan liteke, baina azkarregi entregatu direla uste dut. Gerra etorri zenean, orduko euskal artista onenen pintura ikusi (Arteta, Urzelai...) eta inork ez zuen gerra islatu. Zer gertatu zen? Errealitatea ikusi nahi ez eta ukatu egin zutela, agian. Bizitza den elektrokardiograman emaztea edo seme bat hiltzen bazaizu nabaritu egiten da. Ez da gauza bera bakea eta gerra. Bada euren pinturan ez da ezer antzematen. Gurea jarrera naturalagoa izan zen. .

Oteiza eta Txillidaren haserreak zer eragin izan du eskulturgileen mugimenduan?
"Orain, "Hemen", "Gaur"... taldeak Oteizak asmatu zituen. Oso ahalegin baliogarria izan zen. Baina Oteiza Sao Pauloko bienaleko lehiaketan zegoela (irabazi egin zuen), zurrumurru bat zabaldu zen, Txillidak lan horiek berari kopiatu zizkiola esan baitzuen. Oteizak deitu zidan horri buruz galdetzeko, eta Txillidari eskatu zion gutun bat idatz ziezaion dena azalduz. Txillidak maiuskulaz idatzi zion erantzuna, nire ustez nagusitasun-konplexuagatik, lasai egoteko esanez, zerbait esan zuela baina bientzat lekua bazela Euskal Herriko artisten munduan (besteontzat ez, baina bi horientzat bai). Enfrentamendu hori handitzen joan zen, eta trintxera bihurturik, batzuek Oteizaren alde egin genuen eta besteek Txillidaren alde. Horrek hondatu zituen talde denak. Gure errua izan zen, euren arazoa euren artean konpondu behar baitzuten, gu tartean sartu gabe. Gainera lanaz kanpo ere, harremanak hondatu egin ziren. Ez genion elkarri hitzik egiten... Artistok ez dugu kolektiboak sortzeko batere gaitasunik. Gizaki erabat independenteak gara. Normalean nahiago izaten dugu artista ez den jendearekin ibili. .

Zein dira euskal eskulturgileen ezaugarriak?
Bolumetria ulertzeko gure modua dugu. Guri hieratikotasuna gehiago gustatzen zaigu, eternitate gehiago ematen duelako, ez gestuala, koloretsua, mediterraneoa. Kantabrikoa estruktura hertsia, maklatua da (makla askokoa). Uste dut elkarren antza handia dugula. Tokion Txillida, Oteiza, Mendiburu eta lauron artelanak jarriko balituzte, denak eskulturgile batenak direla usteko lukete. Kontzeptuan, estiloan, keinuan antzerakoak gara. .

Zuk egin zenuen Eusko Legebiltzarreko irudia. Hor azpian Mayor Oreja exertzen bada, zer sentituko duzu?
Gainera erortzerik ere ez diot desio. Baina benetan uste dut oso dramatikoa izango litzatekeela. Orain baino pake gutxiago eta hare askatasun gutxiago egongo da. Alde guztietatik estutuko gaituzte, dagoeneko ahal dutenetik estutzen hasi baitira. .

Jendeak ulertzen zaituzte?
Hain pertsonala izaki, artea ulertzeko zaila da. Baina behin ulertuta, denboraren muga gainditzen duzu. Ezagutzak aspaldiko garaietara eta beste herrietako artera asko gerturatzen zaitu. Ameriketan nintzela maia eta inken pinturak ulertzen nituen. Gogoan dut Jose Antonio Altunarekin Ekaineko kobetara joan nintzenekoa. Zaldiak margotuta dauden frisoa erakutsi zidan. "Zaldi horiek nik marraztu ditut" esan nion. Harrituta begiratu zidan, eta "juxtu hauek ez, noski, baina horren berdin berdinak bai" esanez lasaitu nuen. Ezagutzak obra aztertzeko egilearen larruan jartzen zaitu, eta hor ez dago denborarik.
Hona ikastolak etortzen dira eta umeek galdera jenialak egiten dituzte. Irakasle gajoak, berriz, hor ibiltzen dira zutabe artean galduta. Horregatik esaten du Oteizak irakasleei irakatsi behar zaiela aurrena. Ilobak bere arreba marrazten duenean, esaterako, ez du batere antzik, baina marrazki hori beretzat Idoia da. Transformatzeko gaitasun hori edukita, arte lan moderno bat ulertzeko oso moldakorrak dira. Ez baitaude ez gaizki eta ez ondo hezita: hezi gabe daude. .

Ume batek orduan arte modernoa ulertzeko gaitasun gehiago du?
Hezi gabeko ume batek gaizki hezitako heldu batek baino gaitasun gehiago duen? Noski! .

CURRICULUMA
- Jaio:
Bermeon, 1924an.

- Eskulturgile, pintore eta zinemagilea.
- Gerra Zibila etorri zenean Donibane-Lohizunen, Paris eta Argentinan egon zen errefuxiatu.
-Argentinan: Altamira beka eta Premio Unico a Extranjeros (1.949) saria irabazi zituen.

- Zinema:
1964an Fernando Larruquetekin Frontera Films ekoiztetxea sortu zuen. "Pelotari" izan zen hauen lehen dokumentala eta honekin Bilboko Nazioarteko Zinema Dokumentalen Festibala irabazi zuen. Geroago "Alquezar" dokumentala egin zuten eta baita "Ama Lur" film luzea ere. Azken honek Donostiako Zinemaldiko Gipuzkoako Ateneo saria jaso zuen.

- Taldeak:
Equipo 57 taldearen sortzaileetako bat izan zen eta geroago Gaur taldeko kide.

- Lan garrantzitsuenak:
"Serie Cosmogónica Vasca", Arriarango presan egindako "Urbidea", Arantzazuko basilikako kripta margotu zuen, Donostiako "Bakearen Usoa", Eusko Legebiltzarraren irudia, Renon dagoen "Euskal Artzainari" eskultura...

- Eusko Jaurlaritzako arte aholkularia izan zen 1980-1983 urte artean.
- Sariak:
Donostiako bienaleko II. sariketa irabazi zuen eta Sao Paoloko bienaleko VI. sariketarako ordezkari bakar hautatu zuten.

BIZITZAREN PASARTEA
Hegan egiteari panikoa nion. Piloto eskolara joan eta "Ikastaro bat egin nahi nuke" esaterako, hegazkin barruan nengoen irakaslearekin. Aireratu orduko lur hartu behar genuela esan zidan, ez genuela gasolinarik!. Nola hala lur hartu, eta korrika atera nintzen hegazkinetik. "Aizu, Basterretxea", esan zidan, "orain joaten bazara ez zara itzuliko".
Bakarrik hegan egitera iritsi nintzen. Hegan egiteko aeroportuko dorreari baimena eskatu behar zaio irratiz eta torreak eguraldi eta trafikoaren informazioa bidaltzen du. Ikastaroan bost aldiz lur hartu eta aireratu behar genuen hegaldi bakoitzean, esperientzia hartzeko. Egun batean irratirik gabe atera nintzen. Lur hartzen hasi, eta irakaslea ikusi nuen keinuka. Berriro igo, eta bigarren aldiz lur hartzera nindoala, 15 tipo ikusi nituen eskuak astintzen. Hirugarren aldiz jaistera nindoala, lineako hegazkin ikaragarri bat gurutzatu zitzaidan. Antza denez hegazkina lur hartu nahian zebilen eta ni bere azpitik pasatzen nintzen. Eta hirugarren saiakera hartan aurre hartu edo aurretik eraman nahi izan ninduen.

BERE HITZETAN
"Remigio Mendiburu hil zenean politikoak akusatu nituen ez dagoelako eskubiderik artista bat noiz hilko den itxoitea bere obrak erosteko." (Argia, 1.990-06-17)

"Ama Lur garai hartako pelikularik zentsuratuena izan zen. Guretzat logiko eta egiazkoak ziren esaldiek erregimen frankistarentzat biraoak baiziruditen..." (Euskaldunon Egunkaria, 1.999-09-16)

"Artearen profesionalizazioa beste lanbideena baino arriskutsuagoa da. Profesionalizazioak ez dakar derrigorrez kalitatea. Talentua interes ekonomikoetatik at mugitzen da. Hori da artistak artearekin duen konpromisoa." (Euskaldunon Egunkaria, 1.999-11-13)

"Eskultura bikain bat testigantza kultural garrantzitsua da, eta bere ingurua eta ingurukoak aberasten ditu, gainera. Dena den, toki publikoetan gutxieneko sormen maila duten lanak erakutsi behar dira; izan ere, apaindura gisa jartzen dituzte hainbatek. Eskulturaren moda indartuari jarraituz, gehiegikeria jasanezinak ikusten dira. " (Euskaldunon Egunkaria, 1.999-11-14)

"Artea nolabait merkatuaren sareetan erori da. Asaldatuta nago prezioekin. Ez da posible artista baten eta besteren arteko diferentzia hori, ez da posible batzuk hain gainetik egotea".(Argia, 1.990-06-17)

BERTSOA
Doinua: aita izena
Abenturazko nobeletatik
irten den Don Quijotea
bizitzarako arma baititu
zintzel ta kaballetea
kristo bizkarrez jartzea edo hitza irudi egitea
bereizteko ez dira errezak
gezurra eta artea:
barne mundutik realitatea sortzera dagon tartea

Jexux Mari Irazu

ARGAZKI ZAHARRA
Azalpenetan eskulturei bizia emanez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nestor Basterretxea
2022-01-31 | Leire Artola Arin
Euskaldunen kontrako pintaketak egin dituzte Baionako Nestor Basterretxearen eskulturan

Eskuin muturreko ekintzaileei leporatu diete eskultura bandalizatu izana: Hau kaka euskalduna da idatzi dute frantsesez, eta Heil pepito agur nazia margotu. Jean-René Etxegarai auzapezak jakinarazi du salaketa jarriko dutela. Gainera, Frantziako Alderdi Komunistaren... [+]


Basterretxean barrena

Gasteizko Foru enparantzan metalezko eskultura berri bat agertu da, Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) erakusketara ongi etorria ematen duena. Eremu anitzetan jardundako artistak sortutako 300 artelan baino gehiago biltzen ditu esposizioak, hala... [+]


Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez
Bizitza iruditan

Badira erakusketa madarikatuak. Horietako bat izan zitekeen Nestor Basterretxeari Donostiako Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Artegunea aretoan eskaintzen zaiona, inauguratu eta handik astebetera itxi behar izan baitzituen ateak. Ekainaren hasieratik urrira bitartean baina,... [+]


2014-08-19 | Judith Perez
Zarautzeko Photomuseumak Nestor Basterretxea omendu du

Argazkigintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen du Zarautzeko Photomuseumak gaur, abuztuaren 19an. Aurten Nestor Basterretxea omendu dute, artistari buruzko dokumentalaren proiekzioarekin.


2014-07-20 | Estitxu Eizagirre
Nestor Basterretxea
Artistaren mila aurpegiak

Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko zurezko zuhaitza, Donostiako Bakearen Usoa, Renoko (Nevada, AEB) Euskal Artzainari monumentua… ikustean etorriko zaio herritarrari Basterretxearen izena burura.


Eguneraketa berriak daude