"Artistak bere mendearekin haserre bizi behar du"

  • 88 urte eta geroari so.

Nestor Basterretxea bere irudiaren txotxongiloarekin
Nestor Basterretxea bere irudiaren txotxongiloarekinDani Blanco

Ai, artista eta bere mundua.

Fatalitate bat. Artista artista bada sortzailea da, eta sortzailea ez bada arte egile bat baino ez. Artearen itsaso zoragarriari zure mililitroa aportatzen saiatu behar zara. Ahaleginaren ondorioa: artistak gizarteari aurre hartzen diola beti.

Kontuz, dena dakienak gezurrak ere jakiten ditu eta!

Nola azaldu Van Goghek, bizi zeno, deus ez saldu izana? Ez hori bakarrik, zure eskulturen aurretik pasa, eta “hori nire semeak ere egingo likek!” egiten dizute iseka. Nik beti zoriontzen ditut horrelako seme bat izateagatik.

Eskerrak kritikariek gure gustuak bideratzen dituzten...

Kritikariekin gutxi fio. Esaterako, oraindik ez dut ulertzen nola dauzkaten batzuk olinpoan. Hor dago Botero, ipurdiak marraztu eta marraztuz super milionario eginda, nik sekula hain gauza tonto eta baldarrik ikusi ez dudan arren.

Kritikariek egiten ez badute, politikariek salbatu beharko dute artea.

Politikarien %99k ez du arteaz piperrik ulertzen. Badirudi politikari karneta eskuratzeko baldintza bat arteaz paso egitea dela! Hori bai, gero euren bulegoetan jartzeko lanak erosten dizkizute, lagunen aurrean moderno eta kultu agertzeko.

Agertzen duzun panorama agertuta, eskerrak arteak heriotzan ez pentsatzeko balio dizun.

Ezinbestean sarri-sarri oroitzen naiz heriotzaz, baina arteak horretan pentsatuz porrot ez egiten laguntzen dit. Dena den, eskerrak ez dagoen beste mundu edo dena delakorik, ze berriz faxista madarikatu horiekin topatu beharrak nire onetik aterako ninduke!

Mamuak beti mamu, dio nire psikoanalistak.

Etsairik izan gabe bizitzeko pretentsioa izan dut, eta baneuzkala ohartu nintzenean, jota gelditu nintzen. Kabroiak! Orain, Bildukoa izateagatik jende batek agurra ukatzen dit, baina ze arraio, bere konbikzioekiko zintzoa ez dena txotxongiloa baino ez da.

Anaiarteko gerrak omen dira baretzen zailenak.

Ni abertzale guztiak batzearen aldekoa naiz. Denak batuz gero, badakizu zein erraz irabaziko genituzkeen hauteskunde oro eta zenbat sufrimendu aurreztuko genukeen? Baina ez, bakoitza berera. Pentsa, zatiketa honen erruz, orain ezingo genuke Ama Lur egin.

Alegia, politika ez, artea eta lana direla zure ama lurra!

Lan serioa oso intimoa da, zure burua etengabe proban jartzea, zure intimitatea jorratzea. Munduari leihotik begiratu behar diozu, baina leihoak itxita, hainbeste informaziorekin besteena errepikatzen itota amaitzen duzulako. Horregatik, artistak bere mendearekin haserre bizi behar du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nestor Basterretxea
2022-01-31 | Leire Artola Arin
Euskaldunen kontrako pintaketak egin dituzte Baionako Nestor Basterretxearen eskulturan

Eskuin muturreko ekintzaileei leporatu diete eskultura bandalizatu izana: Hau kaka euskalduna da idatzi dute frantsesez, eta Heil pepito agur nazia margotu. Jean-René Etxegarai auzapezak jakinarazi du salaketa jarriko dutela. Gainera, Frantziako Alderdi Komunistaren... [+]


Basterretxean barrena

Gasteizko Foru enparantzan metalezko eskultura berri bat agertu da, Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) erakusketara ongi etorria ematen duena. Eremu anitzetan jardundako artistak sortutako 300 artelan baino gehiago biltzen ditu esposizioak, hala... [+]


Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez
Bizitza iruditan

Badira erakusketa madarikatuak. Horietako bat izan zitekeen Nestor Basterretxeari Donostiako Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Artegunea aretoan eskaintzen zaiona, inauguratu eta handik astebetera itxi behar izan baitzituen ateak. Ekainaren hasieratik urrira bitartean baina,... [+]


2014-08-19 | Judith Perez
Zarautzeko Photomuseumak Nestor Basterretxea omendu du

Argazkigintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen du Zarautzeko Photomuseumak gaur, abuztuaren 19an. Aurten Nestor Basterretxea omendu dute, artistari buruzko dokumentalaren proiekzioarekin.


Eguneraketa berriak daude