Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du akordio bat egingo dela suteek kaltetutako lurraldeak hondamendi-eremu izendatzeko.
Nafarroako Gobernuaren arabera 10.000 hektarea inguru erre dira suteen ondorioz. Horregatik luzatu zitzaion Espainiako Gobernuari kaltetutako lurrak hondamendi-eremu izendatzeko eskaera. Ekainaren 22an adierazi du Pedro Sánchezek eskaera onartua izan dela eta akordioa berehala egingo dela.
Uztailaren 4ean elkartuko da Maria Chivite Nafarroako lehendakaria kaltetutako udalerrietako alkateekin, suteek hondatutako lurrak suspertzeko lanei ekiteko.
Suteen egoera
Ekainaren 22an beste hainbat sute piztu dira, adibidez: Eritze inguruan, Tutera inguruan eta Albesen trenbide inguruan. Itzalita ez dauden sute gehienek kontrolpean jarraitzen dute, aipatutakoak barne. Sortu diren azkeneko sute gehienak trenbide inguruetan piztu dira, trenek sortzen dituzten txinparten ondorioz.
San Juan suak
Nafarroako Gobernuak herritarrei kontuz ibiltzeko gogorarazi die, izan ere San Juan suak ekainaren 24an ospatzen dira baina debekatua dago lurzoru urbanizaezinetan suak piztea 222/2016 Foru Aginduaren arabera. Foru Aginduaren 11. Artikuluak dioenez, erromeri eta herri jaietan “debekatuta dago, oro har, jarduera horretarako sua erabiltzea udaldian” —hau da, ekainaren 15etik irailaren bukaerara arte—.
Ekologistak Martxan, Sustrai Erakuntza eta Lurra taldeek ohar bateratua kaleratu dute eta nabarmendu dute Nafarroako Gobernuaren neurriak berandu datozela eta ez direla nahikoak.
Euskal herritarrei ekarpena egiteko eskatu die. Errigorak beren konpromisoa erakusteko 10.000 euro jarrita abiatu dute kanpaina.
Nafarroako Gobernuak suteen kudeaketa defendatu du eta Javier Remirez lehendakariordeak bere karguan jarraituko duela ziurtatu du.
Suak kalteturiko laborantza lur gehienak zerealari eskainitako lurrak dira. Erretako baso eremua berriz, 12.000 hektareatik gorakoa dela aurreikusten da.
Egoerak hobera egin du eta suteak egonkortu dira, gainera makinariarekin uzta biltzeko debekua bertan behera geratu da baina herri batzuk oraindik hutsik daude.