Zinemaldiaren hirugarren egunean, Yeohaengjaui Pilyo (Bidaiari baten beharrak) Hong Sang-soo zuzendari seuldarraren luzemetraia izan da egunari hasiera eman diona. Berlinalen epaimahaiaren sari nagusiaren zilarrezko hartza irabazi du aurten Perlak saileko lan honek, eta beraz, aukeraketa egokia zirudien nire begietan. Aurreiritzia okerra izan da, ordea, batzuetan gertatzen den bezala.
Istorio honetan, Iris (Isabelle Huppert) izeneko emakume bat ezagutuko dugu Seulen. Frantsesezko klase bat ematen ariko da pelikularen hasieran, era guztiz ez-ortodoxoan. Konturatuko gara ez dakigula ezer Irisen inguruan, baina hasieratik jokabide arraroak erakutsiko ditu; ez oso modu agerikoan, baina gero eta argiago ikusiko da pertsona berezia dela. Tramak aurrera jarraitzen duen heinean, pertsonaia berriekin izango dituen hizketaldietan argitzen joango zaigu bere izaera, baina inoiz ez erabat. Amaiera aldean, eszena luze batean azalduko da lanaren ideia nagusia.
Pelikula oso geldoa da. Dudarik gabe, hori zen zuzendariaren intentzioa: kamera estatikoek eta mozketarik gabeko plano luzeek argi eta garbi adierazten zuten. Intentzioak intentzio, ordea, oso astuna egin zait ordu eta erdia, eta ez dut lortu pelikularen monotonotasun horretan murgiltzea. Pertsonaien arteko elkarrizketak itxura guztiz naturala emateko zeuden idatzita, egunerokotasunean izan ohi ditugun elkarrizketen forma hartuz. Aktoreen interpretazioak ere bide horretatik zihoazela uste dut, eta batzuetan sentsazio hori sortzea lortu badute ere zuzendariak arrisku handiko apustua egin du, eta ni behintzat galdu egin naiz.
Pelikularen amaieran izan dudan sentipena hau izan da: ez dakit ez ote naizen gai izan lerro artean irakurtzeko, edo desberdintasun kulturalengatik ez ditudan ulertu Hego Koreako konbentzio edo ohiturak, baina film hau ez zen niretzako; geldoa eta aspergarria iruditu zait.
Nola sentitu deseroso zinemako butaka bigunean
Lagunekin kafe bat hartu eta goizeko pelikularen inguruan hitz egin ostean, arratsalde-gau partean Simón de la Montaña luzemetraia ikusi dut, Principe zinemako hamargarren aretoan. Ez nintzen sekula areto horretan izan, eta oso erosoak iruditu zaizkit butakak, pantaila piztu aurreko minutuetan. Gero, Federico Luisek zuzendutako filma hasi da, eta butaka harrizkoa bihurtu balitz bezala, amaierara arte ezin izan dut esertzeko postura egokia aurkitu.
21 urteko gaztea da Simón, eta lehen eszenan mendixka bat igotzen ikusiko dugu, gazte talde batekin. Lasaia behar lukeen jarduera anarkiko bihurtzen da arin: hondar ekaitz bat altxatzen da bat-batean, eta gazteek ez dakite ondo zeri heldu edo zer egin. Taldea monitorea galdu duen behar bereziko jendeak osatutakoa da, eta egoeraren kaosa ezin baretu geratuko dira, eszena amaitu eta guztia konpontzen dela jakingo dugun arte. Baina jada landatuta geratu da ezinegonaren hazia ikuslean, ia-ia ohartu gabe.
Aurrerago, bide beretik jarraituko du filmak, gazte horien eta beste batzuen bizitza erakutsiz, coming-of-age pelikula baten gisan. Simonen jokabidea ez dugu oso ondo ulertuko hasieran, lagunekin dagoenean erakusten duen izaera bere amak ulertzen ez duela ikusiko dugu. Ezin naiz zehaztasun gehiagotan sartu istorioa kontatu gabe, baina zerbait ez dagoela ondo ohartuko da ikuslea. Bere lagun edo taldekoek ere berataz zer pentsatzen duten ez dakigu, eta gidoian aurrera egin ahala, benetako intentzioak eta jokamoldeak ulertzen hasiko gara.
Pelikula arraroa, deserosoa iruditu zait. Esan behar dut gustatu zaidala, baina ez dakit ondo zergatik. Denbora beharko nuke ikusi dudana hausnartzeko, gorputzaldi arraroa utzi didalako. Ziur nago denboratxo batean buruan bueltaka izango dudala Simón de la Montaña.
Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]
Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.
Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]
Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]
Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]
Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.