Ez dut sekula pelikulekin negar egiten

'En fanfare / The marching band', Perlak sailean.

2024ko irailaren 28an - 06:30
Azken eguneraketa: 12:01

Ez dut sekula pelikulekin negar egiten. Pelikula gogorrak ikusi ditut, istorio tristeak, heriotzaz beteak, gizakiaren alderik zatarrena erakusten dutenak, barkamenik eskatu gabe, gainera. Pelikula ederrak ikusi ditut, dotoreak, monumentalak, mirarien gainean hitz egiten dutenak, sakonak. Eta, hala ere, ez dut pelikulekin negar egiten. Negar egitea kostatzen zaigunok ongi dakigu ez dela nahikoa lan bat bikaina izatea, konexio emozional berezia egon behar izaten delako puntu horretara iristeko.

En fanfare / The marching band (fanfarrearekin) luzemetraia Emmanuel Courcol frantsesak zuzendu du. Bertan, Thibaut (Benjamin Lavernhe) da protagonista, mundu mailako orkestra zuzendaria, eta, leuzemia detektatu diotenez, bizkarrezur-muin emaile bat beharko duena. Horrela konturatuko da, gurasoek inoiz esan ez badiote ere, adoptatua dela eta anaia bat duela. Jimmy (Pierre Lottin) anaiari bizkarrezur-muina emateko eskatuko dio, eta horrela hasiko da bien arteko erlazioa. Jimmyk eskola bateko kafetegian egiten du lan, eta tronboia jotzen du musika banda batean. Agerikoa denez, bi anaien bizitzak, klase sozialetik hasita, guztiz ezberdinak dira, baina musikak elkartzen ditu biak.

Lan honetan, bi anaien erlazioa aztertzen da: bizitza ezberdinak edukitzeko arrazoiak (egoera ekonomikoa, esaterako), Thibauten errudun sentimendua eta Jimmyren erremina. Eta beste mila kontu ere bai, noski. Adibidez, klase borrokaren inguruko ideiak ere tratatzen dira, itxi behar duten enpresa bateko langileen borroka erakutsiz. Baina erabaki dut En fanfare-k nigan izan duen eragina azaltzen saiatzeko, analisi teknikoa beharrean, analisi fisiologiko laburra idaztea.

Pelikularen amaieran, bihotza izugarri azkartu zait, bularretik atera behar zitzaidala uste izan dut. Filmean zehar lasaia eta erritmikoa zen arnasa ere azeleratu egin zait, eta uste dut nire alboan eserita zegoena, bat-batean, nire arnasa entzuten hasi dela. Erdi arnasestuka, erdi emozionatuta, betaurrekoak lurrundu zaizkit. Ez dut sekula pelikulekin negar egiten, egiten dudanetan izan ezik.

Quizás es cierto lo que dicen de nosotras, Horizontes Latinos sailean.

Nola zaindu erruduna dirudiena

Ez dut gezurrik esango: En fanfare ikusi ondoren, oso lan zaila zeukan hurrengo pelikulak. Hasi aurretik, sudoku bat egiten jarri naiz; ardo-dastatzaileek dastaketen artean ura erabiltzen duten moduan erabiltzen ditut nik sudokuak pelikulatik pelikulara. Eguneko bigarren filma Quizás es cierto lo que dicen de nosotras izan da, Sofía Paloma Gómez eta Camilo Becerrak zuzendu eta idatzia.

Argumentua bitxiagoa eta ilunagoa da hemen: Ximena (Aline Küppenheim) psikiatraren etxera aspaldian ikusi ez duen alaba agertu da, Tamara (Camila Roeschmann). Tamara denbora oso luzez sekta batean sartuta egon da, eta bat-batean iristea ez da kasualitatea izan. Izan ere, ailegatu eta gutxira bi polizia agertu dira etxean, haur bat desagertu dela eta, salaketa batek pizturiko ikerketa prozesu batengatik. Tamararekin eta sektarekin zerikusi handia du horrek, noski, eta prozesu judizial gogorra hasiko da.

Filmak ondo aztertzen du ama baten rola halako egoera beldurgarrian. Dudarik gabe, oso egoera espezifikoa da, ia irreala, albisteetan oso noizbehinka entzuten den horietakoa, baina, hala ere, nola jokatu beharko luke ama batek kasu horretan? Zer da Tamara, biktima soilik ala delitugilea ere bai? Horiek horrela, batez ere zaintzaren eta babesaren dinamika horiek aztertzen dira, baina ez da askorik sakontzen sekten funtzionamenduan. Pixka bat faltan izan dut hori, baina aldi berean ulertu dut ez zela pelikularen helburua. Hori bai, pelikulan agertzen den beste alabaren funtzioa ez dut oso argi ikusi, eta, agian, interesgarriagoa izango zen denbora hori beste zerbaiti eskaintzea.

Muturreko egoera batek sortutako mina eta izugarrikeria ondo erakusten du, bestalde. Ez dut prozesu judizialaren emaitza edo eboluzioa azalduko, baina ongi planteatzen dira Tamarak bizitzeko izango dituen zailtasunak. Batez ere, aktoreen interpretazioek lortzen dute hori, eta ilea laztu didan eszena bat edo beste ere izan du pelikulak. Nahikoa gustura ikusi badut ere, ez nuke berriro aukeratuko, ez dit bereziki atentziorik eman gidoiak, eta esango nuke badaudela antzeko gaiez hitz egiten duten lan interesgarriagoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2024
2024-09-29 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. Azken eguna.
Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


Zezenaren tortura babesten duen dokumentalak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


ARGAZKIAK | Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Zinemaldian

Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.


2024-09-25 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 5. eguna
Zinea ala antzerkia?


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


Eguneraketa berriak daude