Miren Agur Meabe euskaltzain oso izendatu dute

  • Miren Agur Meabe idazleak Xabier Kintanaren hutsartea beteko du Euskararen Akademian. Bera izango da sorreratik akademiak izendatutako 95. euskaltzain osoa.


2022ko otsailaren 25an - 18:06

Euskararen Akademiak euskaltzain berria izendatu du gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian egin den Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Xabier Kintana emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Miren Agur Meabek erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengoa.

2021eko urrian euskaltzain emeritu izendatu zuten Xabier Kintana euskaltzain osoa. 2022ko urtarrilaren 28an amaitu zen hutsune hori betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek —Miren Agur Meabe, hain zuzen— eta ostiraleko bilkuran idazle bizkaitarraren aldeko hautua egin dute.

Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du euskaltzain lekeitiarrak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera-ekitaldia egingo diote.

Irakasle-ikasketak eta Euskal Filologia ikasi zituen Miren Agur Meabek, eta irakaskuntzan eta testu-liburugintzan aritu zen urte askoan. Gaur egun, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa bai poesia. Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuengatik; eta Euskadi saria hiru aldiz erdietsia da, Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazte-nobelei esker. Mila magnolia-lore albuma 2012ko IBBYren Ohorezko Zerrendan ageri da, eta 2021ean Espainiako Poesia Saria irabazi zuen, Nola gorde errautsa kolkoan lanagatik. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2006an, ibilbide oparo horren esker onez.

1918tik 2022ra, 95 euskaltzain oso

Gaur egun, hogeita lau euskaltzain osoz, zazpi euskaltzain emerituz, ia 150 bat euskaltzain urgazlez eta 68 ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia. 95 dira Akademiak 1918tik gaurdaino izendatu dituen euskaltzain osoak.

Hona hemen gaur egungo hogeita lau euskaltzain osoen zerrenda: Sagrario Aleman, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Goenaga, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Andoni Sagarna, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Ana Toledo, Miriam Urkia, Andres Urrutia, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta eta Mikel Zalbide.

Eta hauexek dira egungo emerituen izenak: Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Txomin Peillen, Patxi Uribarren eta Ibon Sarasola.

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaltzaindia
2023-07-12 | ARGIA
Mikromatxismo, egia berdadero, afariketan… Euskaltzaindiaren Hiztegiak 646 forma berri jaso ditu

Euskaltzaindiak Hiztegia sarean eguneratu du: 646 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta 1.130 forma moldatu edo findu. Lehendik dagoena txukuntzeari ere garrantzia eman diote. “Adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasunari dagozkionak: emakumeen... [+]


Elena Martínez de Madina. Egiazko izenen bila
"Toponimia aberastasun ikaragarria dugu Araban eta zer gutxi errespetatzen den!"

Bizialdia darama Gasteizko toponimia ikertzen. Bateko eta besteko toki izenak jasotzen, forma zuzena eskaintzen... Eta toponimiaz galdezka hasi, eta bizi-historia kontatu digu, Gasteiz eta Nuarbe (Azpeitia) loturik, Alizia ahizparen eta Anjel Otaegiren ama Maríaren... [+]


2023-06-09 | Eta Kitto
Manu Ertzilla eta Oskar Arantzabal
"Federico Krutwig Mendebaldeko kulturaren pertsona osoa zen"

Nabarralde Fundazioak Federico Krutwig Sagredoren bizitza, pentsaera eta lanak jasotzen dituen liburua argitaratu du. Krutwigen Lagunak elkarte edo kolektiboko 13 lagunek idatzi dute bertan, tartean Manu Ertzillak eta Oskar Arantzabal eibartarrak. Hain zuzen ere, bi hauek egongo... [+]


Giza katea egingo dute Errenteriatik Donostiara, euskara batuari gorazarre egiteko

Martxoaren 24an izango da, eta 8.000 pertsonak emango diote eskua elkarri. Ikastolen Elkarteak eta Euskaltzaindiak antolatu dute ekimena. "Euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa" azpimarratu nahi dute, eta euskara batuaren sorrera bultzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude