"Toponimia aberastasun ikaragarria dugu Araban eta zer gutxi errespetatzen den!"

  • Bizialdia darama Gasteizko toponimia ikertzen. Bateko eta besteko toki izenak jasotzen, forma zuzena eskaintzen... Eta toponimiaz galdezka hasi, eta bizi-historia kontatu digu, Gasteiz eta Nuarbe (Azpeitia) loturik, Alizia ahizparen eta Anjel Otaegiren ama Maríaren heriotzekin batera.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Elena Martínez de Madina Salazar. Gasteiz, 1962

Filologoa, toponimia du ikerketa arlo, eta ikerketarekin batera, dibulgazioa. 1996az gero Onomasticon Vasconiae izeneko lanean ari da, Gasteizko eta udalerriko herri, kontzeju, auzo, kale, ibai, etxe eta gainerakoen izenak jasotzen, ikertzen eta forma egokia ezartzen, eta lanari buruzko liburua publikatzen bi urtez behin, Euskaltzaindiarentzat. Prentsa, irrati eta telebistan kolaboratu ohi du. Euskaltzain izendatu zuten 2013an.

Zerk jarri zintuen toponimiaren bidean?

Garaian, ez nekien ezer toponimiaz… Zientziak ikasi izan nituen beti, baina ahizpa hil zitzaidan, irakasle zen, eta nik ere irakasle ikasketak egitea erabaki nuen. UBIko hirugarren mailan ari nintzela hil zen ahizpa... Zientzietako adarrean ikasi nuen irakasle, baina, ordurako, ahizparen bidez-eta, euskara ikasten hasita nengoen, eta, irakasle ikasketak bukatu eta euskaraz ikastera joan nintzen Hondarribira, HABEren barnetegira. 1983 zen. Urrian hasi eta Aste Santu arte egon nintzen han. Etxeko egoera hala moduzkoa zen: ahizpa hila, gero aita ere bai, aitona… Ama, amona eta hirurok ginen etxean, anaia zaharra mediku ikasketak egin eta bere bidea egiten ari zen. Hondarribira joateko dudatan nengoen, baina amak joateko esan zidan.

Sei hilabetean ikasi zenuen euskaraz?

Aurretik zerbait banekien, eta Hondarribitik Gasteiza itzuli eta hemengo HABEn hasi nintzen. Baina greba izan zen, eta beste barnetegi batera joan nintzen, Negurira, Ulibarri Euskaltegiaren eskutik. Etxe bat hartua zuten errentan, eta hantxe. Ordurako, lanean ere hasita nengoen, gauez, Gasteizko Jesus Langile ikastetxean, eta zenbait egunez eskolak ematen nituen han. Joan eta etorrian ibili nintzen, alegia, barnetegitik Gasteizera. Gero, uda etorri zen, euskara titulua ateratzeko azterketa egin, eta gainditu nuen! Hondarribian urrian hasi, hirugarren mailan edo, eta hurrengo udan titulua neukan!

"Nire iritziz, 'intelektualitateko' goi mailako jendeak beti uste izan du dibulgazioa herri xehearen gauza dela”

Zerbait bazenekien, beraz, Hondarribian hasi zinenean…

Zer edo zer! Ahizpak irakatsi zidana! Hura hil zenean, bere lagun batek irakatsi zidan beste pixka bat. Interes handia nuen, baina Hondarribiko urtea gabe ez nuen burutuko. Uztailean euskara titulua atera, eta irailean Euskal Filologia ikasten hasi nintzen. Gauez, eskolak ematen segitu nuen Jesus Langilen: fisika, matematika, kimika… irakasten nituen.

Eta zer dela-eta egin zenuen zientzietatik letretara?

Interes asko ditut, eta diferenteak. Jakin-min handia ere badut. “Fernandoren egia”, aditu, eta horrek zer esan nahi ote zuen bila hasten nintzen, adibidez. Musika kontserbatorioan ikasi nuen, piano karrera osatu, txistulari izan naiz txikitatik… 11 urterekin, txistulari alardeetan parte hartzen hasi nintzen, Brusa egunean, ez neskarik ez umerik irteten zen garaian, anaiarekin-eta. Bestalde, mendizale handiak izan gara, gai sozialei buruzko kezka bizi dut, irakaskuntzari buruzkoa…

Zerk jarri zintuen sasoi hartan euskaraz ikasten?

Anaiak, eta, batez ere, ahizpak. Irakasle ikasketak bukatu, eta Nuarbera joan zen, 1977an.

Ahizpari izena jarri beharko diogu…

Alizia zuen izena. Lau neska joan ziren, irakasle ikasitakoak. Alizia, Bego, Esther eta Itziar [Puelles]. Bego eta Esther irakasle izan dira Gasteizen, Barrutia ikastolan, eta Itziar, berriz, nuarbetar batekin ezkondu, eta Azpeitiko ikastolan gelditu zen andereño. Arabako Diputazioak Euskara zerbitzua-edo sortu zuen, Visitación Oiartzabal zen buru, eta hark egin zuen plana. Nire ahizpa-eta lehenak izan ziren hara joaten, esperientzia pilotua izan zen: baserri banatan jarri zituzten, ez laurak etxe batean. Gogoratzen naiz autoa hartu eta ahizpa Nuarbera eraman genuela. Eta, hala ere, Nuarbera joan behar zuela etxean esan zuenean, galdera bera egin genuen denok: “Eta non dago, bada, Nuarbe hori!?”.

Hantxe, beti egon izan den tokian…

...Lohisoro baserrira eraman genuen. Kortatarrak ziren haiek. Lau seme-alaba zituzten: Jose Inazio, Juan Karlos, Xabier eta Josune… Lohisoro Nuarben dago, baina ez Nuarbeko kalean ere, aurrerago joanda baizik, aparte! Ikasturte hasiera izango zen, iraila-edo, eta euria ari zuen, egun iluna… Lohisoron oso ondo hartu gintuzten, baina, hala ere! Gu Gasteiz-Gasteizen bizi ginen, Probintzia plazan! Lohisoro, berriz, baserri bakartua zen! Gogoratzen naiz, itzuleran, amak esan ziola aitari: “Ai, Antonio, baina non utzi dugu gure alaba?”. Ahizpak hantxe egin zuen urtea, euskara titulua atera zuen gero, eta Olabide Ikastolan hasi zen ondoko kurtsoan. Bi urte egin zituen Olabiden, 1980an hil zen-eta, abuztuaren lehenengoan, trafiko istripuan. Nuarbetik Azpeitira joan zen María Otaegi [Anjel Otaegiren ama] eramatera, eta itzuleran, istripua izan zuten. Biak hil ziren.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Horrek esan nahi du bi urte igarota ere, Nuarben egindako loturari eutsi ziola zuen Aliziak...

Nuarbeko Lohisoron egon zen urtean, Aliziak sekulako harremana egin zuen han! Aliziak, eta gure familia osoak! Urte hartan, iganderen batean han izan ginen, bisitan, eta Lohisorokoak ere Gasteizera etorri ohi ziren, Santiago egunean, jai handia beti Gasteizen. Ohitura horrek hogeitaka urte iraun zuen, hango familia osoa etorri ohi zen gurera, bazkaltzera, kasik 2017 arte, gure ama hil zen arte! Esan nahi dudana da lehenengo urte hartan izugarrizko harremana sortu zela bi familien artean, eta horrek iraun egin zuela denboran, Alizia hil eta gero ere.

Zer oroitza duzu Aliziaren heriotzaz?

Ni udako kanpamenduetan nengoen, Korresen, eta, bitartean, Lohisoroko bi seme nagusiak, Jose Inazio eta Xabier, Gasteizera etortzen ziren, bateko Gamarrara eta besteko piszinara. Urte hartako uztailaren 27an, Santiago eta gero, beraz, ni nengoen kanpamendura etorri ziren –Alizia eta Nuarbeko bi umeak-eta–, ni agurtzera, Nuarbera zihoazen-eta, Azpeitiko festetara. Orduan hil zen Alizia, Otaegiren amarekin. Berez, Bego bizi zen Maríarekin [Otaegi], ez Alizia, baina Begok eta Aliziak, Nuarben elkar ezagutu eta konplizitate handia izan zuten lehen unetik. Ni neu ere hainbat aldiz joan nintzen Nuarbera, ezagutu nituen María [Otaegi], eta Mertxe, ahizpa zuena. Honek, nire adineko alaba zuen Mari Mertxe [Urtuzaga, ikus ARGIA 2.476 zbkia] eta haren lagun egin nintzen.

1980ko abuztuaren lehena, trafiko istripua, hil ziren zure ahizpa Alizia, eta María, Anjel Otaegiren ama...
Maria Otaegik bisitaren bat izan zuen, edo zerbait egin beharra Azpeitian, festetan, eta Aliziak eraman zuen. Egitekoa egin eta, itzuleran, istripua izan zuten Nuarbera heltzen ari zirela, bihurgunean. Eta hil ziren… Kanpamendutik etxera etorri berria nintzen, eta etorri biharamunean, piszinan lagunekin nengoela, txorizo-tortilla jaten eguerdian... abisua megafoniatik, Elena Martínez de Madina piszinako sarrerara joateko. Etxera joateko esan zietela. Etxera heldu, eta gurasoek esan zidaten Aliziak istripua izan zuela eta oso larri zegoela. Ordurako hilda zegoen baina. Aita oso urduri zegoen, autoa hartzeko gauza ez, eta taxia zuen lagun bati deitu behar izan zion. Eta abiatu ginen, kezkatan. “Ai, eta nolako ospitalea edo zer izango ote dute han?”.

Azpeitira heldu zineten.
Eta osasun zentrora-edo heldu ginen. Eta esan nien gurasoei: “Lasai, galdetuko dut nik”. Eta autotik atera eta sartu nintzen dena delako sendategira. “Zera nator… istripu bat… Gasteizko neska bat...”, eta hangoak: “A, gaur eguerdian hildako neska!”. “Adios! Hilda dago?”. “Bai, eta gorpua Nuarbera eraman dute”. Eta autora sartu, eta gurasoei “berri ona” eman behar izan nien. Eta Lohisorora. Hantxe zegoen gure Alizia, hilkutxan sartuta. Hurrengo eguna arte ezin izan genuen Gasteiza ekarri, gure ama hantxe utzita, beilan.

“EiTBn Azazéta, Lazarrága, Ilardúia… baina gure hizkeran Azázeta, Lazárraga, Ilárduia ditugu. Arabako hizkera ondokoena bezain ona da"

Zure bizitza markatu duen mugarrietako bat dugu, duda gabe. Haatik, zure toponimia lanak ekarri gaitu zugana. Filologia ikasten ari zinela jo zenuen toponimiara?
Ez! Filologian ez da toponimiarik ikasten! Euskara titulua atera, eta lanean hasi nintzen. Jesus Langilen ari nintzen, baina Udaberria Euskaltegian ere euskara eskolak eman nituen, funtzionarioentzako ikastaro trinkoak-eta, eta ez zegoen ikasleei huts egiterik. Bestalde, besterik egin behar bazen, egiten nuen! Oso lo gutxikoa naiz, eta, gauez, estudiatu egiten nuen. Fakultatera joaten hasi nintzen, baina laster ohartu nintzen kasu askotan ez zuela joatea merezi, hobeto zela artikuluak irakurtzea. Ez nuen denbora alferrik galtzen ibiltzeko asmorik.

Zientziak ikasia zinen ordu arte. Nola moldatu zinen filologian?
Laguntzaile bat hartu behar izan nuen latina ikasteko. Egokitze mailan ginen, ehunka lagun, gehienak lanean ari ginen, eta inork ez zuen latina gainditzen. Eta, aldiz, latina izan zen nik gainditu nuen lehen gaia! Neure bideari segitu nion, neure saltsa guztiekin aurrera, eta filologia bukatu nuen. Ordurako, ikaragarri gustatzen zitzaidan ikerketa. Behin, Patxi Goenaga eta Henrike Knörri joan, eta esan nien: “Ikerketa egin nahi dut!”. “Zer ikertu nahi zenuke?”, haiek. “Ez dakit, berdin dit!”… Halako batean, ikerketa talde bat osatu zen, Henrike Knörr tarteko zela. Galdetu nion: “Zertaz ikertuko dugu?”. Eta Henrikek: “Toponimiaz”. Bibliotekara joan behar izan nuen toponimia zer den begiratzera, toponimiaz idatzitakoa biltzera… Ez nekien ezer! Eta, bestalde, ni hiritarra naiz, kalekumea!

Baina hirian ere bada toponimia.

Bai, baina hori deskubritu egin behar da, eta horretan saiatzen naiz, horixe irakasten. Irratsaio batean parte hartzen dut, eta “Basoa kalea”, eman dezagun. Horixe da toponimoa, “Basoa”, eta horretarakoxe da toponimia, gure hizkuntza zein izan den erakusteko, besteak beste. Toponimian denetarik gertatzen da, izen batzuk mantentzen dira, beste batzuk desagertzen, batzuk itzultzen, eta beste batzuk desitxuratzen. Eta ezer ez nekiela hasi nintzen, eta horretan ari naiz oraintxe ere.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Zein da toponimia ikertzailearen lehen lana?
Lehena, metodo zientifikoaz jabetzea: metodoa, sistema… Ikertzen ikasi behar du ikertzaileak. Nire kasuan, Gasteiz udalerria aztertu dut, sakon, hau da, 63 herri! Horrek esan nahi du joan den bost mende honetako dokumentazioa aztertu behar izan dudala, orriz orri, toponimoak jasoz. 1996an-edo hasi ginen lan horretan, baina garai hartan ohi zenez, edozein modutan. Gaur bestela egingo genukeen. Gaur egun, 500.000 erregistro ezberdin baino gehiago ditut, toponimoak denak, nahasturik. Horiek ordenatzea sekulako lana da. Hasieran, historialariz osatutako talde batekin egin nuen lan, neu nintzen filologo bakarra. Eta izen nahaste-borrastea ordenatzeko programa diseinatu behar izan nuen. Urteak behar izan ditut izen-marabunta hori ordenatu, eta ikertzen hasteko.

Eta ikertzen hasi eta, zer?

Eta ikertzen segi! Eman dezagun, Jeniturri, hemen Gometxako toponimoa. Jeniturri… iturri duzu, behintzat. Badirudi ura dagoela. Eta jen hori, zer da? Eta, are, non dago leku hori, zehazki? “Halako lekutik bi balezta-tirotara...”, edo “halako lekurekin mugakide da...”. Alegia, halako azalpenak ageri dira dokumentuetan, askotan zehaztasunik ez dute, edo erreferentziak ez daude ondo jasoak, edo eskribauak –hura ere ez baita hemengoa izan–, ez du dena delako tokiaren izena ulertu eta ahal duen moduan idatzi du. Eta hasten zara hipotesiak egiten, edo puzzlea egiten!

Eta zer da dena delako Jeniturri toki izen hori?

Entzun: bazen “aditu” bat, gizonezkoa, nola ez –gizonezkoek dena dakizue-eta, nonbait–, halako hipotesi bat zuena, artikulu bat egiteko prest zegoena –utzi egin behar nion artikulua publikatzen, zeharo aldrebes zebilen-eta–, baina halakorik ez idazteko esan nion. Jeniturri… axariturri duzu, azeri iturri! Joan eta harrapatu!

Zein gauza eder!

Bai, oso ederra, baina inork ez du kasurik egiten! Kar, kar... Jendearen sentsibilitatearen arabera da hori, eta, adibidez, Gasteiz oso toponimo-gordezalea izan da, kale izenak ikusi besterik ez dago. Halako lekuri izen bat jarri aurretik, askotan egin izan didate kontsulta: “Elena, begiratuko didazu hiriko alderdi horretan zein toponimo ditugun?”. Halaxe etorri dira izen asko: Zabalgana, Salburua, Borinbizkarra… Eharin, Boronbizkarra esaten dute, eta bertara joan behar izan nuen, izena azaltzera, gauzak azaldu egin behar baitira! Zertarako ikertzen dugu, bestela?!

"XX. mendean, ematen du dibulgazioa bigarren mailako gauza zela. “Ez dute ulertzen...”, dio ustezko intelektualitateak, eta nik esaten dut: “Bada, azaldu beste modu batera, jendeak ulertzeko moduan!”

Ez dela azalpenik ematen, esan nahi duzu?

Nire ustez, oso gutxi. Nire iritziz, “intelektualitateko” goi mailako jendeak beti uste izan du dibulgazioa herri xehearen gauza dela. Ez gure inguruan bakarrik. Unibertsoa ulertzeko, adibidez, hortxe Carl Saganen lana. Haren bidez ez dugu dena ikasiko, baina zenbait beldur uxatuko ditugu, behintzat. Carl Sagan ez zen herrena! Eta, aldiz, XX. mendean, ematen du dibulgazioa bigarren mailako gauza zela. “Ez dute ulertzen...”, dio ustezko intelektualitateak, eta nik esaten dut: “Bada, azaldu beste modu batera, jendeak ulertzeko moduan!”.

Dibulgazio zalea zara zu.

Ahal dudan dibulgazio lan guztia egiten dut! Hamasei urte daramatzat Radio Vitorian, eta zazpi urtez hartu dut parte Egun on, Euskadi telesaioan. Eta inoiz ez zait inor etorri nik esandakoa zuzentzeko esatera. Berdin, egunkarian idazten ditudan kolaborazioen kasuan: inoiz ez dut koma bat aldatu behar izan, ondo pentsatuta idazten ditut gauzak. Hitz egin bai, solasaldietan parte hartu bai, baina zorroztasunez, beti. Horixe da dibulgazioa, nire ustez. Aurten, udarako ere deitu didate, irratsaio batean parte hartzeko, baina ezetz esan nien, Gasteizko toponimiari buruzko hurrengo tomoa bukatu behar dut! Eta ni, zer esango dizut, bada, autonomoa naiz. Toponimia lan hau datorren urtean bukatuko da, eta ikusiko dugu gero zer datorren… Baina, horixe, ezer ez nekiela hasi nintzen toponimian, baina izugarria da, hor gure hizkuntza dago eta!

Hori poza zurea!

Bai, bada! Eta irratian, eta jendeak deitzea, halako izen edo halako deituraz galdezka, eta azalpena ematea, eta entzuleak ulertzea… Poza, ez txikia! Izen hauek gure-gureak dira, gure hizkuntza da. Izen batzuk desitxuratu dira; beste batzuk, aldiz, bere horretan gorde dira. Izugarria da! Hizkuntza, toponimia… izugarria da dena! Toponimia aberastasun ikaragarria dugu Araban eta, berriz, zer gutxi errespetatzen den! Zer gutxi errespetatzen diren Arabako toponimia, Arabako hizkera, Arabako kontuak.  Hortxe beti EiTBn Azazéta, Lazarrága, Ilardúia… baina gure hizkeran Azázeta, Lazárraga, Ilárduia ditugu. Arabako hizkera ondoko herrialdeetakoa bezain on eta zuzena da!

Errespetu eske ari zara.

Bai, bada! Arabako hizkerak aspaldiko euskararen azentua gorde du. Hemen Bírgara da, han Bergára. Errespetu gutxi haiek [bizkaitar eta gipuzkoarrek], eta konfiantza gutxi, berriz, guk, arabarrok. Aberásturi, hemen; Aberastúri Bizkaian. Zuzenak dira biak, baina Araban garai bateko doinuari eutsi diogu, eta gainerakoetan, aldiz, ez. Ez da bata bestea baino hobea, zuzenak dira biak, eta kito, baina ez inorena bertakoen gainetik jarri! Hemen Azázeta, Ilárduia, Aberásturi… dira, Arabako hizkera errespetatu behar da!

TARTEKIAK

Anjel Otaegi

“Harreman handia egin genuen Maríarekin [Otaegi], ez ziren urte asko semea fusilatu zutela, bi urte besterik ez, eta galderak eta egun hari buruzko galderak egiten genizkion Begok, Aliziak, nik neuk... Nola izan zen, noiz harrapatu zuten, fusilatzea… Gogoz kontatzen zituen gauzak. Eta María hil zenean, haren ahizpak kontatzen zizkigun, Mertxek. Eta hantxe zegoen Xexilio [Alegria] ere, otarregilea. Aliziak Xexiliorekin egindako zumitzezko euritakontzia gure etxean dago oraindik. Eta pintza-otarrea! Harremana!”.

                                                                                    *          *          *

Euskal Herria

“Gure gurasoak garai hartakoak ziren, klasikoak, baina buru-irekiak. Ez dago besterik: kultura zaletasuna zuten, eta batera eta bestera ibili beharra. Adibidez, gure etxean ez genuen txango edo irteerarik galduko, eta inoiz zigorren bat jasotzen bagenuen ere, sekula ez ziguten txangoa galaraziko. Eta, esate baterako, autoa hartu eta ez ginen inoiz Mediterraneora joan, baina Euskal Herria, bai, osoa korritu genuen! Jarrera ireki horixe zuten!”.

Euskaldun berria

“Euskaldun zaharrek eskerrak eman behar lizkigukete euskaldun berrioi. Eta zer esfortzu egin dugun gure seme-alabei euskaraz hitz egiteko. Eta zenbat jendek egin duen lana, euskaraz ez jakin arren, umeak euskaraz ikasteko, haiei etxeko lanetan laguntzeko. Esfortzu handia izan da, eta sekulako apustua. Eta oraindik mespretxua jaso beharra ere! Galanta da, horratik!”

AZKEN HITZA

Unibertsala

“Ordu gehiegi kendu dizkit toponimiak, eta disgustuak eman, ez gutxi. Horrekin batera, mundu berri bat eman dit, gure lurrarena, denona. Eta erakutsi dit denok ere, han eta hemen, normalak garela. Munduan pixka bat ibili, eta ikusiko duzu erreferentziak beti berak direla mundu osoan: erreka, errekatxo, errekatxiki, errekarte… Unibertsalak!”


Azkenak
Anne-Marie Lagarde. Matriarkatuaz (eta biziaz)
"Zukak puruki ezabatzen du sexu identitatea eta, hikak, aldiz, eraikitzen"

Matriarkatuaz doktore tesia egina da Anne-Marie Lagarde eta, gurean, gaiari buruzko espezialista egina da. Batean prima, bestean kadet, gure herrietako matriarkatua zertan zen deskribatu eta interpretatu digu, munduan diren formula matriarkalen berri emanez, eta bere historia... [+]


2024-05-19 | Lander Arretxea
Musika iruditan (II)
Bideoklipak: aurpegia ala gurutzea

Musikariaren lana musika sortzea eta jotzea da. Baina soilik hori? Irudiak eta sustapenak gero eta pisu gehiago dute alor gehienetan, eta musikariak ere ez dabiltza zurrunbilo horretatik aparte. Bideoklipa bilakatu da abesti edo disko bat kaleratzeko euskarri (ia) ezinbestekoa... [+]


Australiako aborigenen buztingintza

Australiako ipar ekialdean dagoen Jiigurru uhartean duela 2.000-3.000 urteko zeramika zatiak aurkitu dituzte James Cook unibertsitateko eta Australiako Ikerketa Kontseiluko kideek. Australian orain arte aurkitutako zeramika arrastorik zaharrenak dira. Arrastoen azterketa... [+]


Erroldan zentsuratuak

Erroma, K.a. 443. Lehenengoz zentsoreak aukeratu zituzten. Handik bi mendetara Errepublikako magistraturarik garrantzitsuena izango zen zentsurarena. Bost urtean behin bi zentsore aukeratzen zituzten, kontsul izandako senatarien artean.

Erantzukizun handiko kargua zen:... [+]


Eguneraketa berriak daude