Milaka lagunek bat egin zuten Vianan ikastolen eta euskararen alde

  • Milaka lagun bildu ziren igandean Vianan “Hartu, tira, tenka” lelopean, bertako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastolek antolatutako Nafarroa Oinez arrakastatsuan.


2016ko urriaren 17an - 07:14
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Antolatzaileek balorazio oso positiboa egin zuten egunaz eta dena aurreikusi bezala atera zela azpimarratu zuten. Lortutako irabaziak bi ikastolek dituzten maileguak arintzeko erabiliko dira eta  horrela maileguetara bideratutako dirua ikastolen eguneroko jarduna sendotzeko baliatuko dute.

Uxue Barkos lehendakaria, Ainhoa Aznarez Legebiltzarreko lehendakaria eta Jose Luis Mendoza Hezkuntza Saileko kontseilaria izan ziren irekiera ekitaldian, Nafarroako ordezkaritza instituzional oso zabalarekin batera. Barkosek ikastola biak zoriondu zituen egindako lanagatik eta aurrera egitera animatu zituen, “oraindik asko dagoelako egiteko”. Gizarte osoak eta Gobernuak ere lanean jarraitu behar dutela azpimarratu zuen, “euskarari dagokion prestigioa eta sostengua emateko”.

Euskararen alde ausardia eskatu diete nafar erakundeei

Viana eta Lodosak euskararen alde egindako ibilbidea azpimarratu eta politikariei ausardia eskatu zieten ikastolako arduradunek, euskararen alde "Erriberako guraso eta irakasleek izan duten ausardia bera", ekimen zehatzen bitartez bi ikastola hauen hezkuntza proiektua sendotzeko, "inguruko euskarazko kalitatezko hezkuntzaren erreferenteak izaten jarraitzeko".

Aurtengoa izan da bi ikastolek elkarrekin antolatu duten lehen Nafarroa Oinez. 3,6 kilometroko Ibilbideak Viana herria inguratzen zuen eta egunak festa giro ederrean egin zuen aurrera. Hodeitsu eta freskotik esnatu zen herria, baina eguerdi aldera 18-20 gradura hurbildu zen termometroa eta eguna gozatu zuen. Gisa honetako jaietan ohikoa bilakatu den gisan, gazteen gunea izan zen jendetsuena eta biziena.

Lesakako Tantirumairu ikastolak hartu du Nafarroa Oinezaren lekukoa.

 

 

 

Ez zen ohiko haria moztu Vianako irekiera ekitaldian eta, ikastoletako eta Nafarroako erakundeetako ordezkaritza instituzional zabalak sokari heldu zion, "Hartu, tenka, tira" leloari eutsiz. (Argazkia: Nafarroa Oinez).

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroa Oinez
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!