Milaka ikasle batu dira IKAS eta IAren mobilizazio deialdietara

  • 'Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña!' aldarrikatu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta hamahiru eskualdetan. Osteguneko manifestazioek "hezkuntzako egoera tamalgarria salatu eta autoritarismoa ahalbidetzen duen bitarteko ororen deuseztapenean aurrerapausoak emateko" balio izan dutela azaldu du IKASek. Plataformak "indarrez eta determinazioz" jarraituko du ikastetxeetan lan-ildo eta borroka zehatzak jorratzen.<

Iruñeko manifestazioaren amaiera. Argazkia: Ikas
Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko martxoaren 26an - 08:32
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ostegun honetan, martxoaren 25ean, ikasle mugimenduaren manifestazio zabalak izan dira Hego Euskal Herrian barrena. Milaka ikaslek egin dute bat IKAS (Ikasle Autodefentsa Sarea) plataformak eta Ikasle Abertzaleakek deituriko mobilizazioekin, Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña! lelo hartuta. IAren esanetan, guztira 4.000 pertsonatik gora elkartu dira gaurko mobilizazioetan.

Manifestazioen amaierako hitzartzeetan tokian toki martxan jarritako borroken funtsak azaldu dituzte ikasleek, baina horretaz gain, "dinamika abiaraztearen ondorioz pairatutako erasoak" ere izan dituzte ahotan. IKASen hitzetan, "indarrez eta determinazioz" erantzungo dute, berdin erronka berrien zein jarduera politikoaren aurkako oztopoen aurrean.

Ondoko hiriburu eta udalerrietan izan dira mobilizazioak gaurkoan: Bilbo (Bizkaia), Gasteiz (Araba), Donostia (Gipuzkoa), Iruñea (Nafarroa), Laudio (Araba), Azpeitia (Gipuzkoa), Beasain (Gipuzkoa), Bergara (Gipuzkoa), Eibar (Gipuzkoa), Hernani (Gipuzkoa), Hondarribia (Gipuzkoa), Irun (Gipuzkoa), Tolosa (Gipuzkoa), Basauri (Bizkaia), Durango (Bizkaia), Gernika (Bizkaia) eta Ondarroa (Bizkaia).

Ikas sarearen argazkiak:

Azpeitia

Gasteiz

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikasle mugimendua
Eguneraketa berriak daude