Mikel Zabalzaren hilketa gogoratuko dute autobus ibiltari baten bidez, 40 urteren ondoren

  • 1985ean Guardia Zibilak Mikel Zabalza bahitu, torturatu eta hil zuela 40 urte dira aurten. Hori dela-eta, ekimen berezia antolatu dute hainbat eragilek: autobus ibiltari batek erakusketa eramango du herriz herri, kasuari buruz oraindik erantzunik gabe dauden galderak plazaratzeko asmoz.

Mikel Zabalza 40 urte gogoan egitasmoaren aurkezpena Iruñean Mikel Zabalza 40 urte gogoan

2025eko irailaren 24an - 09:46
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Mikel Zabalza hogei egunez egon zen desagertuta, 1985eko azaroaren 26an Guardia Zibilak atxiki zuenetik. Hogei egun horietan, Donostiako autobus publikoko lankideek protesta ikoniko bat egin zuten: autobus bat eraman zuten Donostiako udaletxe atariraino, “Hemen ez dago gidaria, non dago?” galdetzen zuen pankarta erraldoiarekin.

Gorpu torturatua Bidasoako uretan aurkitu zuten, baina 40 urte geroago beste galdera asko airean daude oraindik: “Zer gertatu zen zehazki, non, nork, nola... erantzunen bila goaz”, azaldu dute Mikel Zabalza 40 urte Gogoan egitasmoko kideek. Altza, Aezkoa eta Bortzirietako herri ekimenak, Dbuseko langileak, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak abiatu dute elkarlanean egitasmoa.

Donostiako autobus publikoko lankideek duela 40 urte egindako ekintza berreskuratuko dute eta autobus batek Orbaitzeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuko ditu, barruan Zabalzaren kasuaren nondik norakoak azaltzen dituen erakusketa ibiltaria duela

Asteazkenean agerraldia egin dute Iruñean, orbaizetarraren hilketaren 40. urteurrena gogoratzeko martxan jarriko duten ekimena azaltzeko. Donostiako autobus publikoko lankideen ekintza hori berreskuratuko dute, eta, azaroaren 26tik –Zabalza desagerrarazi zuten egunetik– abenduaren 14ra autobus batek Orbaitzeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuko ditu, barruan Zabalzaren kasuaren nondik norakoak azaltzen dituen erakusketa ibiltaria duela. Abenduaren 14an Donostian egingo den ekitaldi nagusi batekin emango diote amaiera ibilbideari.

“Memoriaren haritik tiraka” sorturiko egitasmoa dela azaldu dute. Izan ere, Zabalzaren desagerpenak eta hilketak eztabaida politikoa eta “mobilizazio sozial erraldoia” sortu zituen 1985ean, manifestazioak eta greba orokor bat egiteraino, gogorarazi dutenez. Hala, “hari” hori gaur egungo belaunaldienganaino luzatu eta orduan gertaturikoa transmititzeko konpromisoa dutela berretsi dute.

Zabalza estatuko indarkeriaren biktima gisa aitortua dago Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aldetik –Espainiakoak, alta, oraindik ez du halakorik egin–, baina “aitortza instituzional horiek ez dute kontakizun osoa plazaratu”, diote, eta hortik herriz herri arestiko galderak eramatearen beharra: zer gertatu zen, non, nork eta nola. Aitortza bai, baina egia eta justizia ere bai, “Euskal Herrian milaka lagun eta torturatu indar polizialen eskuetan jasandakoa ahanzturaren zakuan galdu ez dadin”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatuen biktimak
Eguneraketa berriak daude