Mercedeseko langile ohi batek hondeamakina bat lapurtu eta enpresako 69 furgoneta txikitu ditu

  • Abenduaren 30eko gauean gertatu zen erasoa. Langileak Legutioko lantegi batean hondeamakina lapurtu zuen, eta 21 kilometro gidatu ostean Mercedeseko atea erauzi eta furgonetak apurtu zituen. Epaile aurretik igaro ostean kargupean aske geratu zen langilea, kalteak eragitea leporatuta.


2021eko urtarrilaren 04an - 14:32
Erasoan kaltetutako furgonetetako bi. Langile batzuek zabaldutako irudia.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abenduaren 31n baieztatu zuen gertaera. Sailaren esanetan, 01:00ak aldera Mercedesko segurtasun langile baten deia jaso zuen Ertzaintzak, gizon batek hondeamakina batekin Mercedeseko atea erauzi eta barruko aparkalekuko luxuzko furgonetak apurtzen ari zela-eta laguntza eskatuz. Zenbait hedabidek ziurtatu dutenez, zaindariak tiro egin zuen pistolarekin hondeamakinako gidaria gerarazi nahian, baina ez zuen lortu. Ertzaintzak Miranda de Ebroko (Burgos) 38 urteko gizona atxilotu eta epailearen aurrera eraman zuen. Epaileak kargupean aske utzi zuen gizona 31ko arratsaldean, kalteak eragitea leporatuta.

Erasotzailea, Mercedeseko langile ohia

Mercedes multinazionalaren aurkako erasoa burutu duen gizona enpresako langilea izan zen 2016-2017 urteen artean, enpresak berak baieztatu duenez. Kontratua amaitu zitzaionean ez zioten berritu. Gertakaria langile eta zuzendaritzaren arteko tentsio garai batean heldu da. Azaroan Gasteizko Mercedeseko zuzendaritzak iragarri zuen urtarrilean aldi baterako 500 langileren kontratuak eteteko asmoa duela, eta langile finkoei enplegua erregulatzeko espedientea ezartzea “arrisku erreala” dela. Egun batzuk beranduago, langileen enpresa-batzordeak zuzendaritzaren plana auzitara eramateko erabakia jakinarazi zuen.

Hondeamakina Legutio (Araba) ondoko Gojain poligonoko enpresa batean lapurtu zuen gizonak, bertan ere kalteak eraginez. Poligono horretako enpresa batetik kaleratua izan zen berriki gizona, iturri batzuen arabera lapurreta burutu zuen enpresa beretik, hain zuzen ere.

5 milioi euro kaltetan

Abenduaren 30eko erasora bueltatuz, Mercedeseko arduradunek 5 milioi eurotan baloratu zituen langile-ohiak eragindako kaltea. Azaldu zutenaren arabera, txikitutako furgonetak Gasteizko lantegian ekoizten diren garestienetakoak dira, 80.000 eta 100.000 euro artean saltzen direnak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mercedes
Hauteskunde sindikalak Gasteizko Mercedesen
Mercedeseko langileek greben aldeko sindikatuak saritu dituzte, eta aurkakoak zigortu

Ekaineko eta uztaileko greba egun historikoen oroimena bizi-bizi dagoela heldu dira Arabako lantegi nagusiko hauteskunde sindikalak. Enpresa batzordearen osaera irauli dute emaitzek: grebak bultzatu zituzten sindikatuen blokeak (ELA-LAB-ESK) %24,5eko igoera izan du bozetan, eta... [+]


Mercedes Benz-eko langileak itzuli dira lanera

Astelehenean itzuli dira lanera Gasteizko Mercedes Benz fabrikako langileak. 5.000 langile zuzen eta 30.000 zeharkako langile ditu enpresak eta 2026ra arte dago onartuta lan-hitzarmena.


Mercedeseko langileak “engainatu” dituztela salatu du LABek

“Oso larritzat” jo ditu Bingen Zupiriaren adierazpenak LABek. Behin aurreakordioa onartuta iragarritako 1.200 milioi euroko inbertsioa egin dezan Mercedes “konbentzitzeko” ordua dela esan du Jaurlaritzako bozeramaileak. Inbertsioa aurreakordioarekin lotu... [+]


2022-07-19 | ARGIA
Mercedes: langileen gehiengoa hitzarmenaren alde

Mercedes-Benz enpresako langileen %57ak hitzarmenaren alde bozkatu duen arren, hitzarmen berriaren baldintzak jasango dituen taldean (tailerreko langileak) ezezkoak irabazi duela nabarmendu du ELAk.


Eguneraketa berriak daude