Mendian beheiti abian da Korrika!

  • Abian da. Laster. Arratsaldeko 5etan: 19. Korrika jagoitik. 1. Korrika 1982an izan zen, Oñatitik Bilbora. Lekukoak lelo hau zeraman barruan: “Zuk ere esan bai euskarari”. Oraingoan, berriz, korrikalariek eskutik eskura pasako duten lekukoaren leloak Euskahaldun! dio.


2015eko martxoaren 19an - 03:19

Hots, gaur egun ere herritarrok euskal ahaldundu behar dugu, ahalegindu behar dugu euskaldun osoagoak bilakatzen. Euskaldun ahal dugu da garai honetako lema nagusia inondik inora ere.

Euskaldunok nola, Korrikak bere nondik nora: Urepeletik Bilbora. Inoiz baino jende gehiago bildu da bide horren alde, han goiti Urepelen! Ekitaldiaren egitarau hau ere lekuko:

– 11:00etan: Gaiteroek, Ziganteek, Zabaleta anaiek eta Ostatu ibiltariak girotuko dute herria. Haurrentzako Txokoan tailerrak eta Oreka zirkoa ere izanen dira.

– 12:00etan, bazkari herrikoia frontoian: Nat eta Watson. Ibarreko Jean Louis Laka, Mixel Aire eta Battitt Crouspeyre bertsolariak. Kantariak berriz, Xendarineko ahizpak, Astezkenekoak eta Menditarrak.

– 16:00etan: Aire ahizpak kantariak, eta Mixel Aire, Maddalen Arzallus eta Aimar Karrika bertsolariak.

– 17:00etan abiatuko da Korrika, AEK-ko kideen Aitzina Korrika deiadarrak akuilaturik.

Korrikalari andana joanen da ibarrean beheiti: Aldudetik Bankara lehenik, eta Baigorri, Donibane Garazi eta Maulen gaindi gero. Ibarrean geldituko direnek badute festaz gozatzen segitzea: Urepelen Zuek Ere musika taldearekin, gauez berriz, Baigorri herrian, Klik txaranga eta Aguxtin Alkhat DJarekin.

Hain ziur ere, Hegoaldeko jende anitz ibiliko da Iparraldean. Honatx, bidean bide joateko hainbat ezagupen: Baxenabarren 28.000 biztanle doi bizi dira. Baigorri ibarrean 5.963 eta Urepelen 316.

“Airez aire, hi haiz lehen Ferdinand Aire”, idatzi zuen Elizalde Zerbitzari apezak, Xalbador artean haurra zelarik. Leloak, lemak eta bizitzeko kuraia airez aire atxiki dituzte tokiko euskaldunek. Xalbador handiak utzi zuen ondarea ez da desagertu, ez horixe! Izen ezagunen ondoan –Aire, Laka edo Alkhat– izen berriak jalgi dira plazara: Crouspeyre, Arzallus edota Karrika.

Konparazionera, Xole Aire: 1973 urtean sortua. Xalbadorren seme Daniel kantariaren alaba. AEK-n eta Seaskan irakasle izana, egun Xalbadorrenean laborantzan plantatua. Xolek hiru urte zituen Xalbador zendu zelarik. Aitatxiren “hemen badago ama bat bere haurrek hila” irakurri zuen lehen aldian negar egin zuen: “Gure ama hizkuntza gu ari garela galtzen”, erran digu berriki.

Alta bada, euskarak bizirik dirau Urepelen. Tokiko bizilagunek Belaun kooperatiba sortu dute Aldudeetan –Urepele, Aldude, Banka– . Ardiak, behiak eta euskal txerria hazten dituzte. Haragia haiek transformatzen dute, beraiek merkaturatu eta mozkindu. Euskaldun biziko badira, berezko eta tokiko ekonomia sustatu behar baitute. Hala berean, Adur elkartea ere sortu dute azken urteetan, jendartea, kultura eta euskara bereziki sustatzen dituena. Hara, Fernando Aireren espiritua bizi da, Xalbadorren arrastoa airean dabil oraino: “Mendian goiti! Airez aire, Xalbador Aire!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Eguneraketa berriak daude