Martxoaren 8ak bizitu egin du borroka feministaren garra

  • Milaka emakumek hartu dituzte kaleak Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako Martxoaren 8ko mobilizazioetan. Zaintza sistema publikoa, eta antolakuntza eta borroka feministaren beharra izan dira aldarri komunak.


2022ko martxoaren 09an - 08:55
Azken eguneraketa: 10:04
Argazkia: Dani Blanco

COVID-19aren agerpenaz geroztik, espazio publikoa hartzea ez da egiteko erraza izan. Horregatik, aurtengo martxoaren 8an, testuinguru laxatuagoan berriz elkarrekin batera kalea hartzeak zirrara eragin du. Hala antzeman zitekeen Bilboko manifestazioan, pankarta zeramaten emakumeak martxan jartzearekin batera txistu, txalo eta "Gora borroka feminista!" oihuen eztanda jazo baitzen. "Feminismoa da gure garra" hartuko zuten aldarritzat Euskal Herriko hainbat txokotan, eta garra indartu izanaren sentipena dakar biharamunak.

Martxoaren 8an kaleak hartzeko azken bi urteetako zailtasunak eta mugak atzean uzten hasita, hutsetik hastetik urruti, orain artean egindako bideari lotu zaio mugimendu feminista. Hainbat tokitan seinalatu dutenez, koronabirusaren agerpena aurretik seinalatutakoa begi bistan geratu da pandemiaren eraginez: zaintza krisia. Hala bada, azken urteetan kalera ateratako salaketari heldu zaio aurten ere. “Zainketen etengabeko krisian bizi gara, eta osasun-krisiak ikusarazi besterik ez du egin mugimendu feminista aurretiaz salatzen ari zena”, zioen Bilboko manifestazio bukaerako irakurketak.

Zaintzen krisiaren salaketarekin batera, zaintza sistema publikoaren aldarrikapena egon da presente Hego Euskal Herriko mobilizazio feminista guztietan. Bilbon aldarri hori hartu dute ardatz nagusitzat, antolakuntzaren eta borrokaren beharrarekin batera. Hortik manifestazioaren goiburua: Antolakuntza feministaz zaintza sistema publikoa borrokatu. Donostian, Iruñean eta Gasteizen, ostera, beste bat izan da lelo nagusia: Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra. Gasteizko mugimendu feministako kideek Hala Bediko Suelta la olla saioan hala azaldu zuten aurtengo planteamendua: "Zaintza lanekiko begirada galdu gabe, antolakuntzara deitu nahi izan dugu. Gure apustua izan da mahai gainean jartzea antolatuta egongo den mugimendu feminista eraikitzearen beharra". Besteren artean, feminismoa borrokalaria dela eta konfrontazioa bilatzen duela ageriko egin nahi izan dute.

Ipar Euskal Herrian, ostera, Baionan eta Hendaian egin dituzte mobilizazio nagusiak. Patriarkatua sutara irakur zitekeen Hendaiako manifestazioaren pankartan. Baionako merkatu plazan egindako elkarretaratzean, ostera, indarkeria pairatu duten emakumeen babesa eta harrera eskubidea aldarrikatu zituzten Baionako merkatu plazan, Berriak jaso duenez.

 

Aurten ere, azken urteetan egin bezala, borroka feministak antikapitalista eta antiarrazista izan behar duela azpimarratu da. Ildo horretan egin dira hainbat aldarrikapen, eta adibidez, Bilboko amaierako ekitaldian zaintza-beharrak emakume migratzaile eta arrazializatuen prekarietateak eta emakumeek historikoki aitorpen sozial eta ekonomikorik gabe egindako lanak sostengatzen dutela seinalatu dute. "Emakumeok gure bizkarretan daramagu zaintza lanen zama. Lehen lerroan gaude horri guztiari eusten, eta horregatik, antolakuntza feministaz aldaketarako eta borrokarako indarra ere bagara. Gure artean politika egiten eta pentsamendu kritikoa eraikitzen jarraitu behar dugu", egin zuten irakurketa.

Hiriburuetako mobilizazioez gain, herrietan ere egin dituzte deialdiak, eta orotara milaka izan dira martxoaren 8 honetan kalera irtendako euskal herritarrak. Oro har, denetan izan dituzte aldarri komunak, baina tokian tokiko eskakizunei ere egin diete tokia. Bilbon Koloretxe emakumeen etxea eskatu dute "aliantzak ehuntzeko eta komunitate feminista elkartu eta indartzeko", eta Baionan ere behar berdina agertu dute. Ildo berean, Gasteizen etxeko langileentzat gune propio bat eskatu dute, eta Donostian aldiz, daukatena baino espazio handiagoa izatea.

Mobilizazioetan une gogoangarriak egon ziren, Bilboko hau kasu. Mobilizazioa ixteko Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko kideek osatutako Gure Golé koruak hiru abesti kantatu zituzten, horietan artean "Zutik emakumeak":
 

Itaia, bere aldetik

Aipatu deialdiez gain, Itaia Emakume Sozialisten Sareak ere deitu ditu mobilizazio propioak. Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki! aldarriaz, 32 herrietan atera dira kalera, Gedar kazetak jaso duenez. Bertan irakur daitekeenez, "milaka lagunek egin dute bat deialdi horiekin".

Emakume langileek pairatzen dituzten eraso eta zapalkuntzak salatu zituzten, baita horien egoerak okerrera egin duela ere. Beren hitzetan, "emakume langileok bigarren mailako subjektu izatearen ondorioz, krisi kapitalistak gogor kolpatu gaitu". Beren arabera, horri gehitu behar zaizkio, besteren artean, gizartearen sexualizazioa dakarren burgesiaren "ofentsiba kulturala", edota zaintza zerbitzuetan egindako murrizketak eta pribatizazioak. Horren guztiaren aurrean aterabidea argi dutela adierazi dute: "Emakume langileok gure zapalkuntza egoeratik askatzeko modu bakarra Estatu Sozialista eraikitzea da, eta horretarako ezinbestekoa da komunismoaren eraikuntza helburu duen antolakuntza politikoa gorpuztea".

Mobilizazioen laburpenak, bideoan

Zenbait hedabidek bideoan jaso dute atzoko mobilizazioen laburpena. Nafarroakoa, Ahotsa.info bidez:
 

 

Donostiakoa, Irutxuloko Hitzaren eskutik:
 

 

Aiaraldekoa, Aiaraldea bidez:
 

 

Itaiarenak, sarearen beraren eskutik:  

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Martxoak 8
Zapi morea

Andre zahar dotorea senarraren besotik zihoan gurutzatu ginenean. Bistaz ezaguna, oker samar zegoela ikusi nuen, adinaren ajeak. Benetako señora eibartarra: perlazko lepokoa; ilea kardatuta harro-harro, ostirala izanda, ile-apaindegian goizean egon zela ezagun zuen. Gure... [+]


2024-03-10 | Leire Artola Arin
Emakumeak borrokan, instituzioak entzungor

Martxoaren 8a egun garrantzitsua da mugimendu feministarentzat, eta azken urteetako olatuari jarraiki, aurten ere ehunka herri eta hiritako kaleak beteko dituzte emakume langileen eskubideen aldeko aldarriz. Azaroaren 30eko greba orokorraren ildotik, zaintza eskubide publiko eta... [+]


Jone Gil Landaburu, Euskal Herriko Mugimendu feministako kidea
"Gure indarra instituzioen hipokrisiaren eta diskurtsoez jabetzeko ahaleginen gainetik dago"

Azaroaren 30eko Greba Orokorretik "indartuta" eta "saretuta" atera dira feministak. Jone Gil Landaburu, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak nabarmendu du horri esker mugimendu feministak zaintzaren auzia erdigunean jarri duela. Horrez... [+]


2024-03-04 | Leire Artola Arin
Martxoaren 8an “bizitzekin negoziorik ez” egiteko aldarrikatzera kalera aterako da EH Mugimendu Feminista

Martxoak 8a “borroka eta salaketa eguna” dela gogorarazi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta mobilizazioetara batzeko deia zabaldu du. Aldaketa kultural eta instituzional sakonak eskatu ditu, emakumeen aurkako indarkeriei aurre egiteko.


Eguneraketa berriak daude