Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

  • 89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen. Militante komunista eta antiinperialista izatetik neoliberalismoa babestera igaro zen.


2025eko apirilaren 14an - 11:06
Azken eguneraketa: 12:24
Mario Vargas Llosa idazle perutarra hil da, 89 urterekin.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Mario Vargas Llosa idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri, ohar baten bidez, eta iragarri dute ez dela ekitaldi publikorik egingo haren omenez, "familiarekin eta lagunekin agurtzeko pribatutasuna" izatea nahi baitute. Vargas Llosa 1936an jaio zen Arequipan (Peru), eta gaztelaniazko literaturaren erreferente garrantzitsuenetako bat izan zen, 1960ko hamarkadaz geroztik Latinoamerikan literaturak hartu zuen ospearen arrazoi nagusienetako bat izateaz gain. Jaso zituen hamaika sarien artean, Literaturako Nobel saria eman zioten 2010ean eta Asturiasko Printzearen Literatura saria 1986an.

1959an argitaratu zuen bere lehen ipuin liburua, Los jefes, eta 2023ko urrian azken nobela, Le dedico mi silencio. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan idatzi zituen bere lan ospetsuenak; hala nola, La ciudad y los perros (1962), La casa verde (1966), Conversación en la catedral (1969), Pantaleón y las visitadoras (1973). Hain zuzen, azken hori da euskaratu den Vargas Llosaren lan bakarra; Santi Leonek euskaratu zuen Pantaleon eta bistariak izenburupean, eta Elkar agitaletxeak argitara atera zuen 2011n.

Militante komunista izateatik neoliberalismoa besarkatzera

Bizitza osoan zehar bere ideia politikoak azpimarratu eta nabarmendu zituen Vargas Llosak. 1960ko hamarkadan militante komunista izan zen, eta behin baino gehiagotan bere jarrera antiinperialista azaldu zuen: Kubara heldu zen "justizia soziala" Latinoamerika osora "ahalik eta azkarren" hedatzeko nahia adierazi zuen. Gerora, ordea, Kubako Gobernua gaitzestera eta neoliberalismoa babestera igaro zen.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!