ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea

Marienia proiektuaz hitz egitea ez du onartu Kanboko herriko etxeak

  • CADE ingurumenaren alde dabilen elkartea, Lurzaindia eta Marienia ez hunki herritar kolektiboaren gomita ez du onartu Christian Deveze auzapezak. Oposizio handia eragiten du Marieniako laborantza lurretan dagoen etxebizitza eraikuntza egitasmoak –Tokiko Hirigintza Planan eraikigarri sailkaturik daudenak, eta Bouygues Immobilier enpresak erositakoak–.

Marienia eremuko lurrak laborantzarako atxikitzearen aldeko manifestazioa, Kanbon (Argazkia: Euskal Irratiak)

2023ko otsailaren 10a - 10:23
Azken eguneraketa:11:47

"Marieneko lurrak biziki onak dira laborantzarako, baina artifizializatu ondoan ez dira gehiago emankorrak izanen", dio Lurzaindiako Maryse Cachenautek. Urteak orain laborantzarako lur horien artifizializazioaren aurkako borroka daramatela herritarrek. Dinamika horren lehen lerroan diren Marienia ez hunki kolektiboak, Lurzaindiak eta CADEk deitoratu dute Kanboko herriko etxeak ez duela beraiekin hitz egin nahi. Berandu izan baino lehen, elkarrizketa onartzea eskatzen diote agiri berri baten bidez, eta hori "aterabideak bilatzeko" asmoz, beti ere "kooperazio jarrera hartuz".

3,7 hektarea lur eskuratu ditu etxebizitza arloko enpresa potoloak, 94 etxebizitza eraikitzeko ideiarekin. Elikadura ekoizpenarentzat nahi dituzte, ordea, Marienia ez hunki kolektiboan antolaturikoek. "Gogora dezagun lur hauek gaur egun Ossau-Iraty sormarka pean diren ardien hazkuntzareko erabiltzen direla, eta horrek neurri handi batean erakusten digula eremu horrek nekazaritzarako duen balioa", irakurri daiteke Lurzaindiaren webgunean.

Bestalde, oposizioko Nahi dugun Herria taldeak, CADEk eta Lurzaindiak errekurtsoa abiatu zuten 2019an Paueko Auzitegi Administratiboan, eta pausaturiko helegitearen emaitzaren beha daude. Bouygues Immobilier-ek lorturiko baimenean dauden "irregulartasunak" ikertzeko ere jo dute auzitegira.

Espekulazio kasu berria Ainhoan

Jarrera espekulatzailea hartuz eta laborantza lurren kudeaketaren ardura daukan SAFERa saihestuz bideraturiko salerosteak biderkatuz doaz azken garaietan. Azkena Ainhoan, Kazeta.eus-ek zabaldu duenez. SAFER egiturak 13.800 eurotan estimatzen ditu bertako lurrak, baina etxe eta lur saila 1,4 milioi eurotan salgai jarri du jabeak –hasiera batean 2 milioi eurotan ziren–. Hain zuzen, SAFERak pausarturiko preempzio partzialerako eskubidea –lurrak lehentasunez erosteko eskubidea– ez dio onartu saltzaileak eta guztia berak proposaturiko prezioan erosteko aukera luzatu dio. Arazoa da prezio espekulatibo horretan ezin duela erosi SAFERak. Hori horrela, eta legediari segi, horretan bukatzen da egitura horren eragiteko gaitasuna. Horregatik ezinbestekotzat daukate hainbat eragilek –besteak beste, Lurzaindiak, ELBk, SAFERak berak eta hautetsi andanak– legediaren aldaketa, oraindikan eraginkorragoa izateko asmoz.

Iragan ekainean mobilizatu ziren hamarnaka herritar. Urte batzuk lehenago 470.000 eurotan erosia izan zen etxebizitza.


Lurraren espekulazioa kanaletik interesatuko zaizu...
Isabelle Pargade (Euskal Hirigune Elkargoko presidenteordea)
“Nahiago nuke laborari gehiago, herritar gehiago baino, baina nola egiten da hori?”

Euskal Hirigune Elkargoan elikadura eta laborantzaren ardura du Isabelle Pargadek. Laborantza lurren desagerpenari buruz galdetu dio ARGIAk, eta lehen sektorearen funtsa guzion plateretan ageri denez, elikadura burujabetzaz hitz egiten bukatu dugu.


Laborantza lurren desagerpena
Espekulatzaileen parean Safer-ak dituen mugak begi-bistakoak dira

Batean Arbonan, bestean Bidarrain, ondokoan Lakarrin, laborantza lurren gaineko espekulazio kasu andana plazaratzen da aldi hauetan. Alta, fenomenoa ez da berria, baina herritarren eta ELB zein Lurzaindiaren begirantza lanari esker argiratzen dira dirudun handi horien... [+]


2023-01-23 | Euskal Irratiak
"Espekulazioari Stop!" errateko, 200 bat lagun bildu ziren Sarako herriko etxe aintzinean larunbatean

Saran 945.000 eurotan etxe bat salgai jarri dutela eta, espekulazioa salatu dute 200 bat herritarrek larunbatean. Iragarkiaren arabera, 160 metro karratu eta sei gela ditu, orotara 1.543 metro karratuko lursailarekin. Elkarretaratzearen ostean, saltzaileak hitza hartu eta azaldu... [+]


Lurzaindiaren eta ELBren presioak eragin dezake Bidarraiko salmenta espekulatiboan

Salmentaz arduratzen den notarioaren egoitzaren aitzinean elkartu dira 50 bat herritar, ELBk, Lurzaindiak eta Bidarraiko herriko etxeak deiturik. Notarioarekin hitzordua lorturik, ondokoa segurtatu die: salmenta horren segipena utziko du notarioak, baldin eta saltzaileak ez badu... [+]


2022-12-21 | Jon Torner Zabala
Elurraren turismoari lotutako espekulazioa salatu du Kataluniako Stop Jocs Olímpics plataformak

Baqueira Beret-eko eski estazioan eman du prentsaurrekoa 2030eko Neguko Joko Olinpikoak antolatzeko 'Bartzelona-Pirinioak' hautagaitzaren kontrako Stop JJOO plataformak, luxuzko 38 etxebizitza eraikitzen ari diren lekuan bertan.


Eguneraketa berriak daude