Mantibleko zubiaren gainbehera

  • Urtarrilaren 24tik 25erako gauean erori da oraindik zutik mantentzen ziren Lantziegoko Mantibleko zubiaren bi arkuetako bat. Arabar Errioxako monumenturik garrantzitsuenetakoa da. Josu Narbartek artikulu honetan azaldu du bere jatorria, eta hainbat elkartek iragarria zutela galera hau, erakundeen axolagabekeriaren ondorio.


2021eko urtarrilaren 26an - 10:59

Euskal Herrian hainbat dira “erromatar” izenaz ezagutzen diren bideak eta, batez ere, zubiak: Larresoro, Azkaine, Baigorri, Orbara, Aribe, Elo, Zirauki, Artziniega… Zalantzarik gabe, toki hauetako herritarrek ondare baliotsutzat jo izan dituzte inguruetako azpiegitura zahar eta sendoenak, eta hortik datorkie zibilizazio klasikoekin identifikatu izana; ezaguna da Erromaren ekarpen erabakigarria Europako komunikabideen historian, galtzada-sare sofistikatu baten bidez lotu baitzituen Inperioko bazter guztiak. Baina, izen hori jaso duten arren, elementu hauetariko asko berantiarragoak dira: Erdi Arokoak, gehienak.

Antzeko zerbait gertatzen zaio Mantibleko zubiari. 164 metroko luzera eta 30eko garaiera dituen zubi honek Ebro ibaia gurutzatzen du, Logroño ingurua Assa herriarekin (egun Lantziego) lotuz. Betidanik erromatar jatorrikotzat jo izan den arren, ez da garaiko galtzada garrantzitsurik ezagutzen inguru horretan, eta berriki ikerketa batek proposatu du litekeena dela, berez, XI. mendean jasoa izatea, Nafarroako erresumako bi hiri nagusiak, Iruñea eta Naiara lotzeko. Hipotesi horren arabera, Garesko zubiaren garai berekoa litzateke, antzeko teknikekin eta, agian, lan-esku berberarekin eraikia, gainera.

Erromatarra ala erromanikoa izan, argi dago Lantziegon dagoen Mantibleko zubia Arabar Errioxako monumenturik garrantzitsuenetakoa dela. Donejakue Bidean egonik, Interes Kulturaleko Gune eta UNESCOren Gizateriaren Ondare izendatuta dago, baina bere kontserbazio egoera beti izan da prekarioa. Izatez, ia berrogeita hamar urte ere ez zituen bete zutik, XII. mende hasieran abandonatu baitzuten, Logroñoko zubiak ordezkatuta. Erdi Aroaren amaieran, hainbat agirik aipatzen dute zubia jada erabilgaitz zegoela. Ordutik, egitura hondatzen joan da, eta bere jatorrizko zazpi arkuetatik bik baino ez dute iraun XXI. menderaino, horiek ere gero eta oreka kaskarragoan.

Hainbat elkartek urteetan erakundeen axolagabekeria salatu ondoren, 2019an aurkeztutako txosten batek alarma piztu zuen, zubia erortzeko arrisku larrian zegoela erakutsi baitzuen. Behar-beharrezkoa zen egitura egonkortzea, lehenbailehen; baina, hala eta guztiz ere, ez zen larrialdiko esku-hartzerik egin. Azkenean, 2021 hasieran onartu zuten zubiaren zaharberritze-proiektua, eta lanak udaberrian ziren abiatzekoak. Beranduegi, ordea. Urtarrilaren 24tik 25erako gauean, oraindik zutik mantentzen ziren bi arkuetako bat erori egin zen; harekin desagertu zen mila urteko ondare arkitektonikoa, agintarien arretaren zain egoteaz nekatuta.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erromanizazioa Euskal Herrian
Baskoiak, erromatarrek sarituak ala zigortuak?

Irulegiko indusketek, Antzinaroko euskarazko inskripzioak dituen eta mundu osoari bira eman dion brontzezko xaflaz gain, beste hamaika aztarna baliotsu azaleratu dituzte jadanik, eta, sarritan mitoekin bete izan dugun Euskal Herriko historiaren hutsune bat betetzen lagun... [+]


Izenik gabeko erromatar hiria

2018an Artiedako (Zaragoza) udalak El Forau de la Tuta aztarnategiko arrastoak ikertzeko laguntza eskatu zion Zaragozako Unibertsitateko Arkeologia Sailari.


Antzinaroan ere Pirinioak ez ziren muga

Ibañetako lepoa, duela 2.000 urte inguru. Erromatarrek galtzada eraiki zuten, Pirinioak puntu horretatik igarotzeko. 2008an hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea antzinako iturriek aipatzen duten galtzadaren bila.


Foruko erromatar herrixka

Hil honetan hasi eta abuztuaren 28a bitartean, Foruko (Bizkaia) erromatar herrixkaren arrastoetara hurbiltzen denak bisita gidatu berezia egin ahal izango du, aurrez aurrekoa eta birtuala, aldi berean.


Mattin Ayestaran
"Irulegiko hiri baskoiaren aurkikuntza oso garrantzitsua da"

Burdin Aroko baskoien hiri baten aztarnak aurkitu ditu Aranzadik Irulegi mendiko magalean eta honek Erromatarren aurreko baskoiak duela 2.700 urte nola bizi ziren hobeto ezagutzeko aukera emanen du.


Eguneraketa berriak daude