ERROMAREN PAUSOA GURE ZILARREZKO KOSTALDEAN

Ager eta Saltus. Bi hitz horiek datozkio askori gogora eskola garaian erromatarren inguruan irakasleak esandakoetatik. Euskal Herria horrela banatzen omen zutelako: lautada eta mendialdea; isuri mediterraneo aberatsa, batetik, eta interesik gabeko isuri atlantiarra, bestetik. Euskal Herriko kostaldean erromatarrak ez zirela sartu ikasi zuen eta pentsatzen du oraindik askok, Antzin Aroko inperio indartsu eta zabalenak Iberiar penintsula osoa eta Galia guztia mendean hartuta, Bizkaiko golkoko zati hau ez ukitzea erabaki zuela. Nolatan, ordea? Ustezko Obelix baskoi, autrigoi edo dena delako baten beldurrez, akaso? Kostalde heze eta malkartsuan gari printza txikiena hazten saiatzea alferrikakoa delako? Egia da erromatarren nekazal ustiaketarako egokiagoak zirela Nafarroa hegoaldeko eta Arabako lurrak. Baina kostaldean ere bazuten zer ustiatu. Ondorengo orrialdetako irudiei begirada azkarra botatzea besterik ez dago erromatarrek gure kostan zenbat gauza utzi zuten ikusteko. Irudiak Lapurdi eta Gipuzkoaren arteko Txingudin kokatutako Oiasso hirikoak dira, azken urteetan Arkeolan taldeak ikertutako aztarnategikoak. Baina Balmasedatik hasi eta Baionaraino, kostalde guztian ari dira erromatarren arrastoak topatzen, bertatik pasa ez ezik, bertan bizi izan zirela islatuz. Datorren urtean Bizkaiko Golkoko Erromanizazioaren Museoa egingo da Irunen eta, argi dago, museoak ezin dira hutsetik egin.
Marte, Jupiterren seme eta gerraren jainkoa; bere arreba Minerva, anaiak bezala gerra gogoko zuena, nekazariak eta artisauak ere babesten zituena; Helios eguzkiaren jainkoa; Isis Egiptotik etorritako jainkosa sentibera, familiaren babeslea. Zer egiten zuen laukote honek duela 2.000 urte Txingudiko badian, testuek ez badute garai eta toki hartan gatazka belikorik jasotzen? Bertako familiek, artisauek edo nekazariek babesik behar al zuten? Heliosen izpiek inolako eraginik izan al zuten gure kostalde euritsuan? Auskalo. Gauza da duela hamazazpi urteko San Martzial egun batez, lerro hauen gainean ipini ditugun erromatar garaiko brontzezko irudiok aurkitu zituztela Irunen.

Eta ez hori bakarrik. Egungo Irungo kaleen azpian erromatar hiri oso bat aurkitu eta industu dute azken urteetan Arkeolan elkarteko arkeologoek: Oiasso, baskoien kostaldeko herri bakarraren gainean erromatarrek eraikitako hiria.
Hirigunea egungo Irungo alde zaharrean zegoen kokatua, baina elementu ugari topatu da inguruetan ere: Higerren, Asturiagan, kaia topatu dute, Hondarribiko alde zaharrean aztarnak agertu dira, Hendaian bezalaxe; Arditurrin edo Aiako Harrien inguruan meategi ustiaketaren aztarnak daude...
Ez gara garaiko bidaiari galdu bati eroritako txanpon pareaz ari. Kaiaren egurrezko egiturak, adreiluak, teilak, orraziak, orratzak, amuak, zeramikazko piezak, zapata zatiak, termen arrastoak, fruta haziak, arrantza sareetarako pesak, beirazko objektuak, soka zatiak, lepokoak, eraztunak, sarrailak... denetik agertu da Oiasso zaharreko lurretan. Baita erraz desegin ohi diren material organikoak ere; egurra, haziak edo larrua ederki mantendu dira Txingudiko lokatzetan. Eta horrek guztiak Oiassoko bizitza nolakoa zen asmatzen laguntzen du. Arrantzan egiten zutela zalantzarik ez dago, eta euren dietan frutak garrantzi handia izango zuen seguruenik. Zorriekin arazoak izango zituztela pentsa daiteke erabiltzen zituzten orrazi estuei begiratuta, eta estetikari ere ez zioten uko egingo, forma desberdinetako zapatak, ilerako orratzak, lepokoak eta beste baitzituzten.
Horiek guztiak ezagutu ditugu Mertxe Urteaga Arkeolaneko zuzendariaren eskutik. Arkeolaneko egoitzaren ateak zabaldu zizkigun, baita almazeneko hozkailuetakoak ere. Eta hozkailuen barrura begiratuta, Irungo aurkikuntzen garrantziaz ez zaio zalantzarik geratuko inori. Ez baitira bi, hiru edo hamar pieza, ehunka hazi daude bildurik poltsa handietan, makina bat tupper-ware larruzko zolez beteta, inguruan kaxak eta kaxak bestelako materialak gordetzen... guztia Oiasso zaharrean aurkitua.
Ez da hau ordea, Euskal Herriko isuri atlantikoan egindako aurkikuntza bakarra. Balmasedatik hasi eta erromatarrek Lapurdum izenez bataiatu zuten Baionaraino asko dira erromatarren aztarnak gorde dituztenak: Forua, Bermeo, Amorebieta, Orduña, Lekeitio, Deba, Zestoa, Eskoriatza, Zarautz, Ataun, Idiazabal, Tolosa... Donostian bertan, gutxi badira ere, arrasto batzuk azaldu dira. Baina Getariako kasua edo, hobe esanda, bi Getarien kasua bereziki argigarria da. Lapurdiko Getarian arraina gatzatzeko erromatarrek erabilitako tokiaren arrastoak daude eta «asmatu nola esaten zitzaien erromatarren garaian latinez arrain kontserba tokiei?» diosku Mertxe Urteagak. «Cetaria». Duela gutxi Gipuzkoako Getarian ere garai horretako aurkikuntza garrantzitsuak egin dira. «Zalantzarik balego, Joakin Gorrotxategi, EHUko katedradunak etimologia hori onartu du berriki».
Araban, Nafarroan eta Iparraldean ere (Kanboko termak, Donibane Garaziko kanpamendu militarra...) erromatarrak modu finkoan egon zirela onartu bada, hainbeste aztarna izanik, zergatik ukatu da hori Bizkaia eta Gipuzkoan? Zergatik izan behar zuten salbuespen? Mertxe Urteagaren esanetan, «erromatarren eraginaren adierazpenak desberdinak izan direlako isuri atlantikoan, isuri mediterraneoarekin alderatuta». Eraikinak egiteko, kostaldean egur gehiago erabili da, harria ordezkatuz. Mediterraneoan nekazaritza landu zen, garia eta olibondoak bereziki, eta hiri handiak sortu ziren. Kostaldeak garia landatzeko oso baldintza kaskarrak eskaintzen ditu eta hiri handiak osatzeko aukera gutxi. Horregatik, basoa edo abeltzaintza izan ziren ekonomikoki ustiatuak. Eta meatzgintza bereziki, zilarretan oparoak baitziren kostako lurrak. «Kostaldea aztertzeko Mediterraneoko parametro berdinak erabiltzen badituzu, ezinbestez emaitzak deformatu egiten dira».
Zorionez aztarnak agerian geratzearekin batera, aurreko ustea baztertuz joan da. Urteagaren hitzetan, «aztarnak topatzean, hari bat sortu zaigu, eta hari horri tiraka, orain arte ilun mantendu den txanponaren aldea ezagutu ahal izan dugu». Eta ingurumen baldintzei eskerrak eman dizkie, lohi artean, ohiko aztarnategietan mantendu ez diren material organikoak gordetzeagatik.

Zergatik eta zertara?

Baina zergatik etorri ziren hona erromatarrak? Egokiena galdera beste era batera egitea litzateke: zergatik ez ziren, bada, etorriko? «Iberiar Penintsula osoa, Galia osoa, Akitania barne, menperatu ondoren, nola pentsa genezake Euskal Herria isolatuta geratu zitekeela?». Bertan zilarra zegoela esan dugu eta hasiera batean, K.o. lehen mendean, horren bila etorriko ziren seguruenik, bertako ondasunak hartu eta beste nonbait saltzera. Garai horretan erromatarren eragina ikusten hasten da.
Baina elementurik garbienak K.o. 80 urte ingurutik aurrera agertuko dira, Vespasianoren garaian bereziki. Vespasianok penintsula osoan Ius Latinus delakoa zabaldu zuen. Modu horretan hirietan kargu munizipalak zituztenek erromatar hiritartasuna eta horri zegozkion eskubideak jaso zituzten. Gure kostan ere orduan eman ziren hiriak osatzeko baldintzak eta azpiegiturek ere garapen handia izan zuten, kostaldeko merkataritza aurrera eraman ahal izateko loturak, arrain kontserbaren industria, Nafarroatik zetorren olioa eta Iparraldeko ardoa trukatzeko merkatalguneak...
Erromatarrak etsaien aurka gogor joan ziren beti. Baina euren interesa ekonomikoa zen, eta gainerako herriek euren agindu eta asmoei oztoporik jartzen ez zizkioten bitartean jarrera irekia agertu zuten. Ez dirudi erromatarrek hemen erresistentzia handirik topatu zutenik. Testuek, esaterako, kantabroen aurka aritu zirela esaten zuten, baina hemengo aipamenik ez da inon ageri. Horregatik bertakoen eta erromatarren arteko harremanak onak zirela pentsa daiteke. Horregatik eta, »Erromako inperioa desegin ondoren ere, hemengo nortasun kulturala eta hizkuntza mantendu egin zirelako».
Honenbestez, froga nahikoa bildu dugu erromatarrak euskal kostaldean ere finkatu zirela onartzeko. Hala ere, aztarna berriak ateratzen ari dira oraindik. Azken aztarna esanguratsuaren bila Iruna joan behar dugu berriro, duela hilabete gutxi batzuk Bidasoa ibaiaren alde biak lotzen zituen zubi erromatarraren arrastoak topatu baitzituzten Arkeolango kideek. Mertxe Urteagaren ustez, «Egun Irunek komunikabide sarean duen funtzioa ikusita, 2.000 urte atzera egin eta sare berean koka genezake». Estrabonek dio Tarracotik zetorren kaltzadak Oiasson zuela amaiera eta, hain ongi ezagutzen ez bada ere, kostaldeko kaltzada ere bertan bukatuko zen. Beste aldetik, gaur Hendaia denetik Frantziako Tolosa alderako kaltzada abiatzen zen, Mediterraneo aldera zihoana, gero Rodanotik gora jotzeko. Hendaiatik bertatik iparraldera, Baiona pasa eta Bordele aldera edo Dax eta Agen aldera beste bide bat abiatzen zen. Aurkitu berri den Irungo zubiak komunikabide horiek guztiak lotzen zituen. «Azkenean, naturak berak eman dio garrantzia puntu honi. Pirinioek bi pasabide natural dituzte ertzeetan eta horietako bat da Irun». Bestea Figueres da eta han Muga izeneko erreka bat omen dago. Figueres eta Higer hitzen arteko antzekotasuna ere ez al da susmagarria?
Azken urteetan susmo baino gehiago bilakatu dena erromatarrak euskal kostaldean finkatu zirela da. Dirudienez, arazo handiegirik gabe gainera. Beharbada erakargarriagoa da garai hartako Euskal Herria Asterix eta Obelixez beteta zegoela pentsatzea. Baina erromatarren aurka borrokatzea, kaltetarako izan zen gehienetan eta, hemen ez bezala, Galian hizkuntza latinoa hitz egiten dute ordutik

Arkeolan: garai iluneko profesionalak
Arkeolan 1989an sortu zen, Artelekun buruturiko arkeologia ikastaro bateko hausnarketak bultzatuta. Garai hartan, unibertsitateko ikasleak aritu ohi ziren gehienbat udako oporretan indusketak egiten. Arkeologo talde batek, ordea, arkeologia egunero egin nahi zuen. Estatutu bereziak ezarrita, Arkeolan lan profesionala egitea ahalbidetuko zuen euskarri modura sortu zen. Egun 12 langilek jarduten dute Irungo egoitzan eta euren lana Garai Iluna aztertzea da bereziki. Zer da, baina, Garai Iluna? Grezian Homeroren aurreko garaiari esaten zaio horrela, eta Escandinavian Erdi Aroari. Euskal Herrian II. mendetik hasi eta X.era bitarteko epeari esaten zaio, ez baita orduko testu idatzirik eta arkeologia bezalako bideak erabili behar dira ordukoak ikertzeko. Horrek ez du esan nahi garai hori soilik ikertzen dutenik, berau ulertzeko erromatarren garaia edo hiribilduen sorrera garaia ulertzea ezinbestekoa baita. Gipuzkoan jarduten dute gehienbat, baina inguruko lurretara ere zabaldu ohi dute ikerketa

Bizkaiko Golkoko Erromanizazioaren Museoa Irunen
Irungo Udala bertan kokatuko den Bizkaiko Golkoko Erromanizazioaren Museoko behin betiko proiektua onartzear dago. Berau onartuta, lanei ekiteko deialdia zabalduko da berehala. Horrela 2002rako Junkaleko eskola zaharretan museoak bere ateak zabaltzea da asmoa. Museoaren proiektua talde multidiziplinar batek burutu du, Arkeolanen ardurapean. Baina zer izango da Bizkaiko Golkoko Erromanizazioaren museoa? Bordeletik Kantabriara bitarte erromatarrek izan zuten eragina azalduko duen proiektua da. Hala ere, egungo Irunen azpian zegoen Oiasso hiri erromatarra landuko du gehienbat museoak, bertan azken urteetan egindako aurkikuntza garrantzitsuak direla medio.

Kokapen ezin egokiagoa du museoak, Junkaleko parrokiaren ondoan, erromatarren hiriaren gainean baitago eskola zaharra eta atzeko aldean aurkitu baitziren termen arrastoak. Berrikuntza lanetan eraikinaren estilo neoklasikoa mantentzeko asmoa dute gainera. Proiektuaren arduradunek ez dute museo tradizionala izaterik nahi, hots, bilduma eta erakusketaz gain beste zerbitzu batzuk eskaini nahi dituzte. Horrela kafetegia, denda eta bidaia agentzia bat izango dira bisitariaren eskua. Laborategi bat, material arkeologikoen depositoa eta almazenak ere izango ditu museoak.
Museoko izarra erromatar garaiko Oiassoko kaiaren egurrezko egituraren zati bat izango da. Egun egurrezko egitura Frantziako Grenoblen dago, gamma izpi bidezko kontserbazio tratamendua jasotzen. Baina ez da hura izango, noski, museoak erakusgai izango duen bakarra. Larruzko zapatak, haziak, orraziak, orratzak, amuak, argizaiolak, txanponak... Oiassoko bizimodua islatzen duten tresna asko jarriko dira museoan. Eta ez nolanahi gainera. Multzoka antolatu nahi dituzte objektuok: arrantza munduarekin zerikusia dutenak batetik, eraikuntzaren ingurukoak bestetik, meategietan erabiltzen zirenekin beste multzo bat...
Lanak datorren urtean amaitzea da asmoa eta horretarako, orotara, 400 milioi pezeta (2.410.000 euro) inguru erabiliko dira

Agorregiko burdinolatik Tomb Raider-era, arkeologia kalera hurbilduz
Joan den hilaren 6tik 9ra Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa burutu zen lehenengo aldiz Irunen, bertako udalak eta Arkeolanek antolatuta. Zortzi film ikus ahal ziren bertan, oso desberdinak denak, baina arkeologiaren gaiak loturik guztiak: «En construcción», «Dendrocronologia», «El oro de los Galos; de la roca al metal», «Inagina, la última morada del hierro», «La momia», «Tomb Raider» ezaguna eta bertan egindako «Burnia eta tradizioa Agorregiko burdinolan». Marian Gereñu Arkeolaneko kideak garbi adierazi digu zinemaldi honen xedea: «Jendeari arkeologia zer den azaltzea». Espainiako Estatuko arkeologia zinemaldi bakarra da hau. Frantzian hiruzpalau badira, Italian ere, Bruselaskoa, baina Euskal Herrian ez zen orain arte horrelakorik. Jende asko bildu da lehen edizio honetan filmak ikustera, eta ez bakarrik arkeologia munduan ibili ohi direnak; «denetik etorri da» dio Gereñuk. Film batzuen amaieran eztabaidak ere antolatu izan dituzte, arrakasta handiz gainera: «‘Ponpeia’ filmaren ondoren debateak ordu eta laurden iraun zuen, amaiera eman behar izan genion». Oraindik ez dakite zinemaldi hau urtero edo bi urtez behin egingo duten. Filmak erakusten jarraituz gero urtero egiteko asmoa dute; lehiaketa bilakatuz gero, ordea, lan gehiago eskatuko lukeenez, bi urtez behin egingo litzateke.

Ea zinemaldi berriak zinema arkeologikoaren ekoizpena bultzatzen duen gurean. Izan ere, orain artean esparru hau ez da gehiegi garatu. Aipatutako Agorregiri buruzko filma Arkeolanek egina da eta erromatarrei buruz ere beste bat egingo litekeela esan digute, «baina oraindik ez, horrelako produktu bat egiteak zailtasun handiak dituelako. Hori bai, ikusi ahal izan dugunez, gero oso erraz iristen da jendearengana»


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erromanizazioa Euskal Herrian
Baskoiak, erromatarrek sarituak ala zigortuak?

Irulegiko indusketek, Antzinaroko euskarazko inskripzioak dituen eta mundu osoari bira eman dion brontzezko xaflaz gain, beste hamaika aztarna baliotsu azaleratu dituzte jadanik, eta, sarritan mitoekin bete izan dugun Euskal Herriko historiaren hutsune bat betetzen lagun... [+]


Izenik gabeko erromatar hiria

2018an Artiedako (Zaragoza) udalak El Forau de la Tuta aztarnategiko arrastoak ikertzeko laguntza eskatu zion Zaragozako Unibertsitateko Arkeologia Sailari.


Antzinaroan ere Pirinioak ez ziren muga

Ibañetako lepoa, duela 2.000 urte inguru. Erromatarrek galtzada eraiki zuten, Pirinioak puntu horretatik igarotzeko. 2008an hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea antzinako iturriek aipatzen duten galtzadaren bila.


Foruko erromatar herrixka

Hil honetan hasi eta abuztuaren 28a bitartean, Foruko (Bizkaia) erromatar herrixkaren arrastoetara hurbiltzen denak bisita gidatu berezia egin ahal izango du, aurrez aurrekoa eta birtuala, aldi berean.


Ebroko urak daramana
Mantibleko zubiaren gainbehera

Urtarrilaren 24tik 25erako gauean erori da oraindik zutik mantentzen ziren Lantziegoko Mantibleko zubiaren bi arkuetako bat. Arabar Errioxako monumenturik garrantzitsuenetakoa da. Josu Narbartek artikulu honetan azaldu du bere jatorria, eta hainbat elkartek iragarria zutela... [+]


Eguneraketa berriak daude