Baskoien herri gotortu bat Pirinioen magalean

  • Bi aste lanean eman ondoren, bukatutzat jo dituzte 2020ko indusketa-lanak Irulegiko aztarnategi arkeologikoan. Uztailaren 9an lehen emaitzak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte proiektuaren parte diren Aranzadi Zientzia Elkarteko, Arangurengo Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek. Batez ere Erdi Aroko gaztelua ezagutzen den arren, Nafarroako Protohistorian eta Antzinaroan sakontzeko ere funtsezko aztarnategia izango da, datozen urteetan, Irulegi.


2020ko uztailaren 10an - 07:38

Kanpaina berezia izan da aurtengoa, COVID-19aren pandemiak eragindako egoera korapilatsuaren ondorioz. Proiektuaren zuzendari den Mattin Aiestaranek adierazi duenez, aurten ezin izan dute indusketan parte hartzeko deialdi publikorik zabaldu, eta aurreko urteetako pertsonekin osatu dute, gehienbat, hamar kideko lantaldea. Historia eta arkeologia ikasleak dira nagusi, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorriak; baina badira Aranguren ibarra osatzen duten herrietako gazteak ere, auzolanean. Indusketak iraun artean bertaratu den bisitari-kopurua ikusita, argi dago proiektuak interesa piztu duela, inguruko herrietan ez ezik, Nafarroa osoan.

Emaitza harrigarriak

Irulegiko ikerketa-proiektua 2007an abiatu zen, Aranguren ibarreko Udalak elkarlan-akordioa sinatu zuenean Aranzadi Zientzia Elkartearekin, Lakidain herritik hurbil, 893 metroko garaieran kokatuta zegoen Erdi Aroko gazteluaren aurriak induskatu eta bisitarientzat egokitzeko xedez. Gotorlekuaren garrantzia ezaguna zen, besteak beste, Nafarroako Erresumako agiri historikoek XII. mendeaz geroztik aipatzen dutelako; gainera, bere kokapenari esker, bertatik Iruñerri osoa zaintzen ahal da –hiri buruzagia barne–, bai eta Pirinioetara doazen bide nagusiak ere. Garrantzia estrategiko horren lekuko, 2007 eta 2017 arteko lanek agerian utzi zuten lau dorrez inguratutako eraikin errektangularra, hegoaldera begira duela donjon edo dorre nagusia. Lan haiek material arkeologiko ugari azaleratu zuten, eta gaur egun buru-belarri dabiltza lanean, emaitza horiek argitaratu ahal izateko.

Aiestaranek 2016an hartu zuen proiektuaren zuzendaritza, bertatik abiatuta doktorego-tesia osatzeko asmoz. Handik bi urtera beste dimentsio bat hartu zuen, ordea, gazteluaren inguruan egindako miaketa geofisikoak lurrazalaren azpian hainbat eraikin zeudela erakutsi zuenean. Lehen ikerketek ustekabeko emaitzak eman zituzten: hainbat fasetan garatutako herri protohistorikoa zen Irulegiko gazteluaren azpikoa, baskoien lurraldeko garrantzitsuenetarikoa.

Aztarnategiak 12 hektarea inguruko hedadura hartzen du, eta harresi-sistema konplexu batez inguratuta dago. Arrastorik zaharrenak Brontze Arokoak (K.a. XIV. mendekoak) diren arren, gunea bigarren Burdin Aroan garatu zen batik bat, K.a. VI. mendetik aurrera. Une horretan, giza-okupazioaren zantzuak arras zabaldu ziren, Irulegiko mendialde osoa hartuz.

Argazkia: Josu Narbarte.
Baskoiak eta erromatarrak, Sertorioren Gerraren garaian

Azken fase horri dagokio, hain zuzen ere, aurten induskatzen aritu diren eraikina. 60 metro koadro inguruko esparrua da, harrizko zokaloz eta adobezko hormaz egina. Bertan azaldu diren materialek (zeramikak, kontsumitutako landareen haziak eta abereen hezurrak, harrizko errotarriak bezalako lanabesak…) gizarte konplexu bati dagokion bizimodua islatzen dute; espezializazio-zantzuak ez ezik, inportatutako elementuak ere agertu dira, garaiko elkartruke-sareen adierazgarri.

Eraikinaren alde batean, haur baten hilobia topatu dute; arrastoen ezaugarriak kontutan hartuta, ezin da esan jaio berria ala jaio gabekoa zen, baina ikerlariek uste dute etxe barruan hilobiratu izanak nolabaiteko erritualtasuna isla lezakeela. Erradiokarbono bidezko datazioak K.a. IV. mendean kokatu du haren heriotza.

Paradoxa dirudien arren, eraikina guztiz suntsitu zutelako kontserbatu da ia bere horretan. Sabaia eta hormak bertan behera erorita ageri dira, eta erreketa-zantzu argiak dauzkate. Hori K.a. I. mendean gertatu zen, 70eko hamarkadan hain zuzen ere. Garai hartan, Iberiar penintsularen iparraldean Sertorioren Gerra gertatzen ari zen: alde batean Sertorio, Hispaniako kontsul errebeldea, zenbait tribu zeltiberiarren babesa lortu zuena; bestean Ponpeio, senatuak Erromatik bidalia ordena berrezartzera. Garaiko iturriek aipatzen dute Ponpeiok negu bat pasa zuela baskoien artean, eta haren kanpalekuak hiri bati iturburua ere eman ziola: Pompaelo, geroko Iruñea.

Haatik, ez dago oso argi baskoiek zein bandoren alde egin zuten; baliteke, hurrengo urteetan, Irulegiko herriaren suntsiketak pista gehiago ematea gatazka horrek gurean izan zuen eraginaren inguruan. Argi dagoena da gertaera honen ondoren gunea guztiz abandonatuta gelditu zela, handik kilometro gutxira, Argaren hegian, garatzen hasia zen hiri berriaren mesedetan.

Argazkia: Josu Narbarte.

Nolanahi ere, Irulegiko aztarnategiak berebiziko garrantzia dauka, Sertorioren gerratik harago, Nafarroako Protohistoria eta Antzinaroa markatu zuten zenbait gertaeraren gakoak ulertzeko orduan. Aiestaranek nabarmendu duenez, Burdin Aroan ez dira arraroak molde honetako herri gotortuak Ebro haranean, eta Nafarroako Erriberan ere badaude zenbait adibide: Alto de la Cruz (Cortes), La Custodia (Viana)… Pirinio magaleko ibarrak, aldiz, pobreagotzat jo izan dira, orain arte ez baitzen halako aztarnategirik ezagutzen bertan; Iruñerri betean entitate hau duen gunea identifikatu izanak zenbait ideia birplanteatzeko beharra nabarmendu du, oraindik ere ikertzeko asko dagoela erakutsiz. Gauzak horrela, datozen urteetan ere zeresana emango du, zalantzarik gabe, Irulegiko ikerketa-proiektuak, honezkero mugarri garrantzitsua baita gure iragana ezagutzeko bidean.

Argazkia: Josu Narbarte.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erromanizazioa Euskal Herrian
Baskoiak, erromatarrek sarituak ala zigortuak?

Irulegiko indusketek, Antzinaroko euskarazko inskripzioak dituen eta mundu osoari bira eman dion brontzezko xaflaz gain, beste hamaika aztarna baliotsu azaleratu dituzte jadanik, eta, sarritan mitoekin bete izan dugun Euskal Herriko historiaren hutsune bat betetzen lagun... [+]


Izenik gabeko erromatar hiria

2018an Artiedako (Zaragoza) udalak El Forau de la Tuta aztarnategiko arrastoak ikertzeko laguntza eskatu zion Zaragozako Unibertsitateko Arkeologia Sailari.


Antzinaroan ere Pirinioak ez ziren muga

Ibañetako lepoa, duela 2.000 urte inguru. Erromatarrek galtzada eraiki zuten, Pirinioak puntu horretatik igarotzeko. 2008an hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea antzinako iturriek aipatzen duten galtzadaren bila.


Foruko erromatar herrixka

Hil honetan hasi eta abuztuaren 28a bitartean, Foruko (Bizkaia) erromatar herrixkaren arrastoetara hurbiltzen denak bisita gidatu berezia egin ahal izango du, aurrez aurrekoa eta birtuala, aldi berean.


Ebroko urak daramana
Mantibleko zubiaren gainbehera

Urtarrilaren 24tik 25erako gauean erori da oraindik zutik mantentzen ziren Lantziegoko Mantibleko zubiaren bi arkuetako bat. Arabar Errioxako monumenturik garrantzitsuenetakoa da. Josu Narbartek artikulu honetan azaldu du bere jatorria, eta hainbat elkartek iragarria zutela... [+]


Eguneraketa berriak daude