PORTZELANAZKO IRUN

Izebaren etxeko salako apaletan distiratsu eta hauskor begiratzen gaituzten iruditxo gorrotagarri koadrilaren atzean, zabal, aberats eta, batez ere, erabilgarri ageri da portzelanaren eta, oro har, zeramikaren mundua. Noski, Ming dinastiako jarroi autentikoa ez dugu kantinplora moduan erabiliko. Baina egia da artelan gisa erakutsi ohi zaigun antzinateko hainbat pieza garai hartan sukaldean erabiltzen zela. Eta egia da egun ere artista ezagunen diseinu berritzaileetan zopa edo entsalada jan daitekeela.

Egunotan eta uztailaren 8a bitartean, Irungo Amaia Kultur Zentroan paratu duten «XX mendeko Formak eta Objektuak: Buztinetik portzelanara» izeneko erakusketan agerian geratzen da hori. Eta toki egokian antolatu dute, gainera, erakusketa hau, Irunek tradizioa bai baitauka langintza honetan, Porcelanas Bidasoa fabrikari esker batez ere.
Baina erakusketaren ibilbidea lehenago hasten da, 2.000 urte lehenago hain zuzen ere. Erromatarren garaian, Estrabon, Plinio edo Ptolomeok, besteak beste, Oiasso izeneko hiriaren aipamena egin zuten euren testuetan. Oiasso egun Irun dagoen tokian zegoen eta bertako Santiago auzoan 1992 eta 1993. urteetan burututako indusketetan hainbat objektu aurkitu zuten. Horietako batzuekin (guztira 14.000 zeramika puska aurkitu ziren) osatu dute erakusketaren lehen zatia, gure garaiko I. eta II. mendeko objektuei dagokiena. Buztinezko fusaiola, pitxer edo adreiluak daude ikusgai, baita zeramikazko anfora eta kaikuak ere. Baxera eta sukaldeko tresna ugari dago terra sigilata bezala ezagutzen den materialak emandako ohiko kolore gorrixka dutenak.

Kikaratik orinalera.

Denboran salto handi samar bat egin (erakusketan urrats pare bat baino ez) eta XIX. mende erdialdera iritsiko gara. Pasai Donibaneko Portzelana Fabrika 1851. urtean sortu zen. Hasieratik pasta zuri eta arina erabili zuten fabrika horretan, Limoges-ko eran. Materialaz gain, estiloak ere Frantziako eragina uzten zuen agerian, errestaurazio estiloari jarraitzen baitzioten. Horren lekuko hainbat plater, kafe joko, zutargi eta irudi bildu dute. 1878an fabrika honek hondoa jo zuen eta nekez aurrera egitea lortu bazuen ere, handik aurrera eta 1915ean bere ateak behin betiko itxi zituen artean bere ekoizpena pitxartxo oroigarri, orinal eta instalazio elektrikoen isolatzaileetara mugatu zen.
Hurrengo jauzia ez da denboraz horrenbestekoa. Bai, ordea, jatorrian behintzat, geografikoki. Francisco Ybañez valentziarrari eskaini baitiote erakusketaren hirugarren zatia. XX. mende hasieran iritsi zen ingeniari hau Gipuzkoara eta Hernanin Cerámica San Miguel fabrika fundatu zuen. Abangoardiako ikuspegia erantsi zion Ybañezek zeramika produkzioari. Artista ezezagun honek art nouveau kutsuko lanak egin zituen, baita eskultura modukoak ere. Azken hauen artean Goya edo Beethoven-en bustoak dira aipagarri (Beethovenena Irungo erakusketan ikus daiteke). Horretaz gain, ontziak emakume irudiak, fraide baten eskultura txikia eta beste hainbat pieza bildu dituzte bertara. Portzelana modernoaren aitzindaritzat jotzen dute valentziarra eta erakusketa honetan, orain arte behar bezala jaso ez duen errekonozimendua eman nahi izan diote.

Bidasoa eta artistak.

Erakusketaren azken zatia, zabalena, Porcelanas Bidasoaren lanen bilduma da. Fabrika honen Irungo Ventas auzoko eraikina 1935ean hasi ziren altxatzen. Lehen garai haietan estilo klasikoa izan zuten ardatz Bidasoaren lanek: Sevres, Luis XIV, Napoleon, Sajonia... Estilo horien isla moduan, hainbat baxera, ontzi, azpil, kikara, pitxer eta jarroi bildu dituzte Amaia Kultur Zentroan. 60ko hamarkadatik aurrera nazioarteko hainbat sari jaso zuen fabrika honek eta, ondorioz lortutako ospea medio Picasso, Dali, Tharrats, Rueda, Benedito, Laca eta beste hainbat artista ezagunekin elkarlanean jardun zuen. Egun artistekiko elkarlana ez du eten eta erakusketako lan berrienen artean hainbat adibide aurki daitezke. Quatrum baxera zuriaren forma sinpleak Agatha Ruiz de la Pradaren diseinu asimetriko eta koloretsuekin kontrastean ipini dituzte. Ondoan Arzakentzat Andres Nagelek diseinaturiko baxera, zuria eta zimurra. Eskultore beraren kafe jokoak, ordea, ez du aurreko lanarekin zerikusirik: forma geometrikoak eta kolore biziak dira nagusi. Azkenik, Mariscalen lana erraz identifikatzen da koloredun plateretan ipini dituen irudiei esker.
2.000 urtetako ibilbidea amaiturik, bisitariak asko ikasi duela pentsa dezake. Hala ere, gehiago ikasi nahi duenak badu horretarako aukera: «Mahaiaren aurkezpena» bideo ikustaldia. Ba al zenekiten mahaian jartzen ditugun loreek ez dutela usainik izan behar? Janariaren usainekin nahastea ez omen da komeni. Eta aurkezpen platerak mahaiaren ertzetik bi zentimetrora jarri behar direnik? Eta labana jartzeko orduan, mozten duen aldea beti platerera begira jarri behar denik? Horiek eta gehiago azaltzen dira bideo horretan Subijana edo Arzak bezalako sukaldari ezagunen laguntzaz. Portzelana erabiltzeaz gain, nola erabili ere jakin behar baita.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erromanizazioa Euskal Herrian
Baskoiak, erromatarrek sarituak ala zigortuak?

Irulegiko indusketek, Antzinaroko euskarazko inskripzioak dituen eta mundu osoari bira eman dion brontzezko xaflaz gain, beste hamaika aztarna baliotsu azaleratu dituzte jadanik, eta, sarritan mitoekin bete izan dugun Euskal Herriko historiaren hutsune bat betetzen lagun... [+]


Izenik gabeko erromatar hiria

2018an Artiedako (Zaragoza) udalak El Forau de la Tuta aztarnategiko arrastoak ikertzeko laguntza eskatu zion Zaragozako Unibertsitateko Arkeologia Sailari.


Antzinaroan ere Pirinioak ez ziren muga

Ibañetako lepoa, duela 2.000 urte inguru. Erromatarrek galtzada eraiki zuten, Pirinioak puntu horretatik igarotzeko. 2008an hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea antzinako iturriek aipatzen duten galtzadaren bila.


Foruko erromatar herrixka

Hil honetan hasi eta abuztuaren 28a bitartean, Foruko (Bizkaia) erromatar herrixkaren arrastoetara hurbiltzen denak bisita gidatu berezia egin ahal izango du, aurrez aurrekoa eta birtuala, aldi berean.


Ebroko urak daramana
Mantibleko zubiaren gainbehera

Urtarrilaren 24tik 25erako gauean erori da oraindik zutik mantentzen ziren Lantziegoko Mantibleko zubiaren bi arkuetako bat. Arabar Errioxako monumenturik garrantzitsuenetakoa da. Josu Narbartek artikulu honetan azaldu du bere jatorria, eta hainbat elkartek iragarria zutela... [+]


Eguneraketa berriak daude