Bilboko Udaltzaingoak kale saltzaileak Bilboko Gas plazatik kanporatu ditu, bertan bizi baitira kale egoeran Aste Nagusian salmentak handitzeko asmoarekin. Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta elkarretaratzea egin dute.
Astelehenean Polizia hasi zen kanporatzen manteroak Gas plazatik, plaza horretan kanpin dendak jarri zituzten txosnagunetik minutu batzuetara Aste Nagusian lan egin ahal izateko. Gehienak gazteak eta senegaldarrak dira, Madrildik, Valentziatik edo Murtziatik etorritakoak, Orainen arabera. Asteartean berriz ere bertaratu zen Polizia plazan lotan zeuden pertsonak kanporatzeko
Horri erantzuteko Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta asteartean 19:00etan elkarretaratzea egin dute Arriaga Antzokiaren aurrean "Polizia indarkeria" salatzeko. Horrekin batera, eraso homofoboak salatu dituzte konpartsek, bata Gogorregi konpartsako kide batek pairatutakoa, eta bestea Unamuno plazan gertatutakoa. Elkarretaratzean "Erasoen gainetik... Aste Nagusia" eta "Bilboko Konpartsak manteroekin bat" aldarrikatu zituzten, "Euskal Herria, harrera herria", eta "Inor ez da ilegala" oihu artean.
Kanporatu dituzte lo egiteko eta atsedena hartzeko zeukaten momentuan
Erasoen kontrako protokoloari jarraituta, konpartsek lapikoak jo dituzte gaueko hamabietan, eta Bilboko Udalari eskatu dizkiote "egiazko irtenbide eta alternatiba duinak" kale saltzaileentzat. Manteroekin bat plataformak salatu du gertatutakoa "lotsagarria" eta "lekuz kanpo" dagoela. Gainera, plataformak azpimarratu du kanporatu dituztela lo egiteko eta atsedena hartzeko zeukaten momentuan, gauean lan egiten baitute, NAIZekin hitz egin dutenaren arabera.
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok esan du Bilboko saltoki txikien defentsan aritu direla. Alkatearen hitzetan: "Saltoki txikien defentsa eguneroko betebeharra da, eta ezin dugu onartu kaleko salmentak egitera etorri diren pertsonak kanpamentu batean instalatzea". Kanpamentuetan zeuden manteroak egoera "kritikoan" daudela esan du, baina auzokoen kexak erabakigarriak izan direla, eta horrek bultzatu duela Polizia manteroak kanporatzeko erabakia. Modu berean aipatu du Polizia "bere lana" egiten jarraituko duela, "ezin baitugu onartu horrelako kanpamentu bat hirian egotea".