Mamarru Fest-a: feminismotik oholtzak eta kontzientziak astintzera

  • Hiru eguneko jaialdia antolatu dute Errekaleor auzo okupatuan maiatzerako. Oholtzak ez ezik jaialdi eredua bera irauli nahi du Mamarru Fest-ak. Otsailaren 1eko larunbatean aurkezpen jaialdia egingo dute Gasteizko Gaztetxean.


2020ko urtarrilaren 28an - 14:01
Gasteizko Gaztetxearen aurrean aurkeztu dute jaialdia bere bultzatzaileek.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Musikarekin harremana duten Gasteizko hainbat emakumek* Mamarru Fest-a jaialdia aurkeztu dute Gasteizko Gaztetxean. Mamarruak euskal mitologiako izaki “txiki eta bihurriak” dira, eta haiekin lotu dituzte “identitate disidente eta zapalduak: Mamarratxak, transak, bollerak, subiditak, putikornioak, barriobajerak…”.Maiatzaren 8, 9 eta 10ean ospatuko da, Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan. Hiru egunez, ohiko musika jaialdi eredua irauli nahi dute, hainbat zentzutan.

Batetik, oholtza eraldatuko dute: “Zis gizonak ikusten ditugu oholtzan. Botere harremanen bitartez, oholtzara igotzeko behar den ahalduntzea, segurtasuna eta ausardia gutxi batzuen esku egon da. Nazkatuta gaude. Orain arte isilik egon gara, beste batzuen showa ikusten, baina hori amaitu da”. Horretarako, “zis gizonen” aurrean “bestelako subjektuei” egingo diete lekua oholtzan.

Oholtzatik harago

Baina helburua jaialdiaren espazio eta modu guztiak iraultzea da, ez oholtza soilik. Kontsumoari arreta berezia eskaini diote. Drogak “desmobilizazio estrategia baten baitan” ulertzen dituzte. “Desfasea”  ekidin nahian, “edari fermentatuak edota etxekoak” soilik salduko dira, eta, hala ere giro desegokia sortzekotan, barra itxiko dute. Gune itxiak espaziorik gabekoak bihurtzeko pertsona guztien kolaborazioa eskatu dute, eta bestelako drogen kontsumoari dagokionez, egitekotan “kontzienteki” kontsumitzeko deia egin dute.

“Jaten duguna gara” diote jaialdiaren antolatzaileek. Horregatik saiatuko dira produktu guztiak “bertakoak edo birziklaturikoak” izan daitezen. “Euskaraz hitz egitera” gonbidatu dituzte bertaratuko direnak, eta edozein motako erasoen aurrean protokolo ezberdinak martxan jarriko dituztela azaldu dute.

Aurkezpen jaialdia Gaztetxean

Otsailaren 1ean egingo dute Mamarru Fest-aren aurkezpen jaialdia Gasteizko Gaztetxean. Arratsaldeko 18:00etan hasita hitzaldia, kontzertuak, DJ-ak eta afaltzeko jakiak eskainiko dituzte, eta egun horretan aktibatuko dute jaialdiaren web orria (mamarrufesta@riseup.net).

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jaialdiak
2025eko ekainaren 9
Mahai ingurua: Aurelia Arkotxa eta Rakel Pardo
Bidaide eta gogaide, poesiaren ibilietan

2025eko ekainaren 9
Ziburuko Liburu eta Disko Azoka
Euskal sorkuntza patxadaz aurkezten dizun plaza

Eguneraketa berriak daude