Maialen Kortabarria: "Hainbat hedabide nazional Bizkaian eta Gipuzkoan zentratzen dira eta albo batera uzten dituzte beste lurraldeak"

  • Arrosa sareak ekoizten duen Zebrabidea magazinaren gidaritza eskuz aldatu da. Hiru urtez Nekane Zinkunegiren eskutan egon ostean, Maialen Kortabarriak hartu du lekukoa (1993, Gasteiz). Euskal Herriko txoko guztiak elkarrengandik “ahalik eta gertuen egon daitezen” lortu nahi du. Beldur puntu batekin bada ere, gogoz heltzen dio erronka berriari.


2017ko azaroaren 27an - 12:24

Zer da zebrabidea?

Zebrabidea Arrosa sareak ekoizten duen Euskal Herri mailako magazin bat da. Arratsaldetan emititzen da, Arrosa sareko ia irrati guztietan. Arrosa sarea osatzen duten irrati guztiek hartzen dute parte eta bakoitzak bere tokiko gauzak kontatzen ditu. Horrela Euskal Herriko hainbat kontu biltzen ditugu eta Zebrabidearen bitartez leku jakin bateko kontuak beste leku batera iristen dira. Gehien bat gauza kulturalak lantzen dira, arratsaldeko magazina delako. Gaurkotasunari ere egiten diogu lekua.

Zenbat urte daramatzazue Zebrabidea egiten?

Historia luzea du Zebrabideak, baina gertuenari eutsiz, duela hiru urte gauzak aldatu ziren:Arrosa sarea hasi zen saioa ekoizten eta Donostiatik emititzen zuten Nekane Zinkunegik zuzenduta. Aurten, berrikuntza gisa, Gasteiztik egingo dugu.

Eta  berrikuntzetako bat ere zu zeu zara. Nekane Zinkunegi ordezkatu duzu. Nola jaso zenuen albistea?

Hasiera batean guztia igerileku handi bat izango balitz bezala ikusten nuen; itota egongo nintzela pentsatu nuen, igerilekutik irten ezinik. Beldur handia ematen zidan eta oraindik ematen dit. Beharbada, beldurra baino errespetua da. Izan ere, Nekanek lan handia egin du eta listoia oso altu dago.Hala ere, azkenean, animatu egin nintzen. Erronka bezala hartzen dut eta joango naiz pixkanaka erritmora ohitzen.

Denbora kontua izango da.

Bai, dudarik gabe. Hasieran estutu egin nintzen, izan ere ondo nahi dut egin lana, mimoz.Jada nabaritu dut gauza batzuk sistematizatu ditzakedala eta pixkanaka joango naizela nire estiloa ematen saioari. Nire helburua jendeak Zebrabidea ahalik eta gustuen entzutea da; atsegina izan dadila magazina entzutea. Hori lortzeko gogo guztiak jarriko ditut eta nibela altu dagoela jakinda ere, gutxienez mantentzen saiatuko naiz.

Helburu betetzen saiatzeko, Gasteiztik jardungo duzue. Zergatik leku aldaketa hau?

Bai, uste dut garrantzitsua dela hori azpimarratzea. Askotan hitz egin izan da, esaterako, Arabako kontuak jakiteko zailtasun gehiago daudela. Gauza bera gertatzen da Iparraldearekin. Izan ere, hainbat hedabide nazional Bizkaian eta Gipuzkoan zentratzen dira orokorren eta, nolabait, albo batean uzten dituzte beste lurraldeak. Gasteiztik egitean eta gidaritza gasteiztar baten esku dagoela jakinda, bigarren maila batean geratzen diren informazio horiei lagunduko diegula uste dut. Batez ere, hurbiltasunagatik.

Beraz, aukera bat da Gasteizik aritzea?

Bai, aukera polita da eta uste dut ateak zabalduko dizkiola beste gauza batzuei: Iparraldeko hedabideekin ere elkarlanean aritzen garenez, saiakerak egingo ditugu beraien kontu gehiago sartzeko. Euskal Herri guztira iritsi nahi dugu eta hedabideek ere gugana jotzea espero dugu.

Gainontzeko hedabideek utzitako hutsuneak bete nahi dituzue?

Ez bere horretan. Ez dugu ezarrita helburu bezala, baina izan daiteke. Lanketa honek funtzionatzen duela ikusten bada, ( Arabatik egitean lurralde honetako kontu gehiago kontatu daitezkeela), ba zeinek ez du esaten hurrengo urtean Iparraldetik egingo ez denik? Auskalo. Aukerak zabaltzen ditu eta gu aukerak hartzeko prest gaude.

Zeintzuk dira Zebrabidearen helburuak ikasturte hasiera honetan?

Hasierako helburu berak dira: Euskal Herri guztiko eta Euskal Herriko txoko guztietako gauzak Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu nahi ditugu. Nik uste dut, Zebrabideak aukera ematen duela Euskal Herriko txoko txiki batean ematen diren kontuak beste leku batera iristeko. Eskualde ezberdinetako jendeari aukera emanez, tokian tokiko kontuek euren lekua izatea lortzen dugu. Lapurdiko kontuak Arabar Errioxan entzun ahal izatea guretzat “puntazo” bat da.

Zaila da zabaltasun hori lantzen duen irrati bat bilatzea Euskal Herrian

Bai, baina zailtasunak daudelako ere bada: hegoalde eta iparralde begiratuz gero, nahi edo ez muga hori hor dago eta askotan kosta egiten da Iparraldeko kontuak hegoaldera zabaltzea. Agian bi mundu ezberdin bezala ikusi izan dituelako jendeak, baina, funtsean, kontu guzti horiek txapel berdinaren baitan kontatzen badira, Euskal Herriari osotasuna ematen zaio eta hori abantaila bat da.

Edukiei dagokionez, zer landuko duzue?

Eduki ezberdinak jorratzeko kolaboratzaile sare indartsua lotu dugu. Bakoitzak bere arloa landuko du. Asko Nekanerekin lan egiten zuten berdinak dira eta denetik aurki daiteke: Argiako Estitxu Eizagirrek astero aldizkariaren errepasoa egin eta gai bat landuko du. Gaur8ko aurrerapena ere izango dugu eta Nekane Zinkunegi kolaboratzaile gisa arituko da astean behin. Gaiei dagokionez ere, anitzak izango dira: literatura, sormena, gazte mugimenduak, maskulinitatea, hezkidetza, feminismoa … Daukagun denboran arlo asko ukitzen saiatzen gara. Agenda kulturalari asko begiratzen diogu. Baita, euskararen inguruko kontuei ere.

Landuko dituzuen gai berrien artean gazte mugimenduak aipatu dituzu. Hedabide askori zaila egiten zaie publikoa gaztea erakartzea. Gazteentzat edukiak sortzea zaila dela esango zenuke?

Uste dut ezetz. Gazteek sortutakoa bada, ez da zaila. Zaila dena da gazteentzat edukiak sortzea heldu baten ikuspuntutik. Horregatik aurten apustuetako bat izan da gazteak sartzea. Gazteok eremu hauetan egon behar dugu, izan ere zeresan handia dugu horrelako espaziotan ahotsa izateko.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


35 urteurrena emanaldi berezi batekin ospatuko du gaur Euskalerria Irratiak

1988ko azaroaren 7an egin zuen lehen emisioa Iruñerriko irratiak. Urteurrena aitzaki hartuta, Zentral aretoan “musika eta hitza” uztartuko dituen ekitaldi bat antolatu dute.


Eguneraketa berriak daude