Louise Michel izena jarri diote Baionako kale bati, Parisko Komunako iraultzailearen omenez

  • Parisko Komunan parte hartu zuen Louise Michel iraultzailearen izena eman diote Baionako karrika bati. Herriko Etxeak ekainean erabaki zuen hala egitea, eta Paulette Fritz-Iribarne tenislariaren ibilbideari aitortza egitea ere adostu zuen.

Argazkia: Baionako Herriko Etxea

2022ko abenduaren 07an - 10:37
Azken eguneraketa: 12:22

"Louise Michel (1830-1905). Irakaslea, Parisko Komunaren heroia". Hala dio Baionako Thiers karrikatik gertu, beste karrika bati izena emanez, jarri berri duten plakak. Astelehenean inauguratu dute, Jean-Rene Etchegaray auzapeza eta zenbait udal kontseilari presente izan direla.

Baionako Herriko Etxeak ekainaren 3an erabaki zuen herriko karrika bati Louise Michel iraultzailearen izena ematea, emakumeen ikusgaitasuna eta oroimen historikoa bultzatzeko motibazioz. Hala adierazi zuen udal gobernuak erabakia hartzean: "Baionako hiriak emazteek merezi duten tokia atzeman dezaten gure memorian lan egiteko engaiamendua hartu du eta aurrera begira ere horrelako ekimen gehiago plantan emanen ditu". Momentuz, Paulette Fritz-Iribarne (1914-2010) tenislari euskal herritarraren ibilbideari aitortza egitea dute adostua. Fritz-Iribarne emakumezkoen banakako txapelduna izan zen 1943an Frantziako Txapelketan.

Louise Michel, iraultzaile eta irakasle

1830ean Vroncourt-la-Côte-n sortua, aiton-amonek hezi zuten, eta nagusitan irakasle izateko ikasi zuen. Alabaina, Napoleon III.ari zin egiteari uko egin ziolako, ezin izan zuen irakaskuntza publikoan aritu. Ondorioz, aiton-amonen partetik oinordetzan jasotakoak inbertitu zituen eskola libreak sortu ahal izateko, eta horietan haurrak hezi zituen pedagogia berritzailearen bidez eta errepublikaren aldeko balioetan.

1856an Parisera lekualdatu zen. Urte batzuk lehenago hasitako bideari jarraipena emanez, bertan ere irakasle jardun zen, eta beste bi eskola ireki zituen Frantziako hiriburuan, bata 1865an eta bestea 1868an. Literaturari ere eskaini zion denbora, eta kazetaritza lanak ere egin zituen, Le cri du peuple (Herriaren garrasia) bezalako egunkarientzat kolaboratuz. Ingurune iraultzailean murgildu zen, eta 1870ean Napoleon III.aren porrotaren ostean eta Prusiako armada hirian sartua zela, hiriburuaren defentsan parte hartu zuen; Montmartre auzoko auzokideen elkartean hartu zuen parte, zehazki.

1871ko martxoaren 18an altxatako Parisko Komunan presente egon zen. Tarte horretan ere, eskola eta haurtzaindegien sorkuntzan aritu zen, besteak beste. Versalleseko Gobernuaren oldarraldia hasi zenean, gizarte alorreko eginkizun horiek barrikada atzeko erresistentziagatik ordezkatu zituen. 1871n, gerra-kontseiluaren aurretik pasa ostean, espetxe eta deportazio zigorrak ezarri zizkioten, gobernua botatzeko saiakera eta beren buruaren defentsan herritarrak armak erabiltzera bultzatzea leporatuz. 1905ean hil zen pulmoniaz, Marseillan, langileei zuzenduriko konferentziak ematen ari zela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude