Kale zati bat egoiliarrek haizea hartu dezaten

  • Arrasaten izan gara, Iturbide zahar egoitzan. ETBn ikusi dugu inora ateratzeko baimenik ez daukaten egoitzako erabiltzaileek kalea zapaldu dezaten aurkitutako irtenbidea. Egoitzaren atarian kale zatia hesitu dute. Olatz Etxabe zahar etxeko zuzendariarekin hitz egin dugu.

Gune hesitua, Garibai kalearen erdian

2020ko azaroaren 02an - 10:56

Erabaki hori hartzera iritsi behar izan dira, badaudelako Iturbide egoitzan martxotik kalea zapaldu ez duten erabiltzaileak. Hesiaren lehen egunak dira, baina egoitzako bizilagunek eskertu dute haizea hartzera irteteko aukera. “Euria egiten badu ere, batzuk aterpea dagoen zatian geratu ohi dira, euria entzun eta ikusi nahi dutelako” kontatu digu Olatz Etxabe egoitzako zuzendariak. Etxaberi hesiaren nondik norakoak galdetu dizkiogunean, beharrezko irtenbidea zela adierazi digu: “Bageneukan horrelako patio moduko bat eraikitzeko intentzioa, baina pandemiaren egoerak aurreratu egin du. Beharra genuen eta luzerako zihoala ikusi genuenean, udalarekin hitz egin genuen”.

“Egoiliarren bizi kalitatea hobetze aldera, guk proposamena udalari luzatu genionean, bi familiak eskakizuna eginda zuten dagoeneko”. Senideek ere zeresana izan dute pandemian, eta egoiliarren egoera ikusita arnasa hartzeko tokiari harrera ona egin diote. Etxekoen eta herritarren artean harrera ona izan duela jakinarazi digu Etxabek: “Egoiliarrak gustura daude, kalea herriko erdigunean egonda beti dago zeozer begira egoteko”. 

Egoitzak burbuiletan funtzionatzen du eta horrela irtengo dira hesitutako gunera ere. Hesia bukatuta baldin badago ere, oraindik bere erabilera aztertzen ari dira egoitzako langileak. Segurtasuna bermatu nahi dute egoiliarrentzat. Arazo kognititboak ez dituzten egoiliarrak gune horretara beraien kabuz irteteko autonomia izatea nahi dute langileek, “lehen ere horrela zen, ateak irekita izaten genituen eta nahi zutenean irteten ziren pareko parketxoan eguzkia hartzera” aitortu digu Etxabek. Ea egoiliarrengan beldurra sumatzen duen galdetu diot. Ezetz erantzun dit, ez dela beldurrik sumatzen, baina arduraz jokatu beharra dutela, pandemian izan dituzten momentu txarretan berriz ez erortzeko. Goiena.eus-ek apirilaren 21ean emandako informazioaren arabera, egoitzan 21 erabiltzaile hil ziren COVID-19ak kutsatuta.

“Ximelduta ikusten nituen” 

Martxoaz geroztik ez dira garai gozoak izan adinekoen egoitzatan lana egiten dutenentzat, ezta ere bertako egoiliarrentzat. Itxialdi garaian guztiz isolatuta bizi izan ziren. Ordutik, egoitzaz kanpokoon bizia aldatu den arren eta bizitokitik kanpo dena egiteko aukera izan dugun arren, zahar etxeetako egunerokoa oso bestelakoa izan da. Arrisku taldetzat hartu da eta haien osasuna babesteko argudioari jarraiki, kalera ateratzeko aukerarik ia ez dute izan, eta bisitak ere oso urri.

Zer izan dute ordainetan, ordea? Lau pareten arteko konfinamendua ez da osasungarria, batik bat Iturbideren kasuan bezala kanpoko airea arnasteko aukerarik ez badago. Iturbide egoitzan, lehen momentutik amaitu ziren erabiltzaile denek parte hartzen zuten jarduerak: bingorik ez, paseo gutxi kalean, taldekako ariketa saiorik ez... Horrek guztiak egoiliarren arteko harremanak moztu zituen, eta isolatuta eta bakardadean pasa dituzte hilabeteak. Kutsatzeko beldurrak, estimulu ezak, etxekoen goxotasun faltak eta kalera atera ezinak adinekoak gainditu ditu. Aita Iturbiden duen senide batek ETBko saio batean hala esan zuen: “Helduak zimeltzen ikusten ditut, tristetzen, maskaltzen”. Egoiliarrak COVID-19aren gaitzak jota hil daitezke, baina baita bakardadeak eta tristurak erasanda ere. 

Bisitak neurriak eta txandak hartuta 

Denbora bat elkar ikusi gabe egon ondoren, pentsatzekoa zen bisiten irrikan izango zirela egoiliarrak eta haien etxekoak. Ez dira bada, uste bezain bisita gozoak izan. Beti pertsona berak bisitatzen du egoitza. Txanda hartu, musukoa jantzi (FFP2 bada, askoz hobe), eskuak garbitu eta egoitzara sartu aurretik orritxo batean sinatu behar da, dena behar bezela erresgistratuta geratzeko. 

Iturbiden, gela bereziak egokitu dituzte egoiliarrak senideekin egoteko, ezin dira goiko pisuetara igo. Goizetan edo arratsaldeetan izaten dituzte bisitak eta ordua aurrez hartu behar da. “Besarkatzeko edo hurbiltzeko tentazioa badago ere, metro eta erdiko distantzia gorde behar da”, dio Etxabek. 

Bigarren olatua ez dadin etorri

Arrasateko egoitzan garai txarrak pasa badituzte ere, gaur egun positibo bakar bat ere ezin daiteke zenbatu: “Garbi gaude, eta honela eutsi nahi diogu bigarren olatua ez dadin gure egoitzan sartu”. 

Inork sintomarik izanez gero, badakite nola jokatu behar duten jada egoitzan. Eraikineko zati bat hustu dute norbait isolatu beharra balego, PCR proba egingo zaio eta negatibo ematen badu, medikuaren aginduz isolatuta egongo da berrogeialdian. Positiboa balitz, Eibarko edo Ordiziako egoitzetara lekualdatuko lukete gaixoa, horretarako egokituta dauden egoitzak baitira. Langile batek sintomak izanez gero, lanera ez etortzeko eskatzen zaio. “Hori da prozedura momentuz, pandemia honetan gauzak egunez egun aldatzen dira”, aitortu du Etxabek. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaharren egoitzak
2023-10-11 | ARGIA
Elizondoko adinekoen egoitza publifikatu du Baztango Udalak

Orain arte kudeaketa zeraman enpresa pribatuarekin kontratua eten eta Patronatuko Batzordeak erabaki du Zaintza Lanak SL udal enpresa publikoren esku uztea egoitza. Eraikinean obrak egingo dituzte eta egoiliarrentzako lekua murriztuko dute eraberritze lan horien ondorioz.


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


Analisia
Publiko-pribatu elkarlana

Urkulluk askotan aldarrikatu du sistema kapitalistaren muinean dagoen publiko-pribatu elkarlana, baina lotura hori gaur zertan den azaltzeko inolako asmorik gabe. Publikoa osagarria eta menpekoa denean, ezin dituenean merkatuaren interesak zanpatu, eta lege bidez inposatutako... [+]


2023-05-23 | ARGIA
Greba berria hasi dute Arabako egoitza pribatuetako langileak

Maiatzaren 23 eta 24an grebara deitu dute Arabako zaharren egoitza pribatu eta etxebizitza komunitarioetako langileek. Patronalaren “blokeoa” salatu dute ELAk eta LABek, eta soldata igoera eta lanaldi murrizketa jasoko dituen lan hitzarmena eskatu.


Grebaren azken egunean, Bizkaiko erresidentzietako langileek ez dute baztertzen lanuzte gehiago egitea

Otsailaren 1ean zortzi eguneko greba abiatu zuten Bizkaiko erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek. Lan baldintzen hobetzea eta zentroetan eskaintzen den arreta ereduaren errotiko aldaketa exijitzen ari dira. Asteazkena dute azken greba eguna, baina ez dute... [+]


Eguneraketa berriak daude