Lehen Arretaren zerbitzu murrizketa langile faltagatik dela eta puntuala dela dio Osakidetzak

  • EAEko hainbat anbulatoriotan ordutegia murriztu dutela jakinarazi dute –Donostiako Amara auzoan, esaterako, 20:00etatik 17:00etara aurreratu dute itxiera ordua– eta Osakidetzak argudiatu du Lehen Arreta eta Pediatriako profesionalen profil eskasiagatik dela, “hainbat ordutegi egokitu” behar izan dutela baina “egoera puntuala” dela. Sindikatuak kolapsoaz mintzo dira eta Osakidetzako Mahai Sektoriala utzi dute aste honetan, “negoziatzeko jarrera falta” salatuta.

2022ko ekainean sindikatuek osasun publikoaren defentsan deitutako manifestazioa. Argazkia: @LAB_sindikatua.

2022ko urriaren 11n - 10:58

Osakidetzak dio zerbitzuan eman diren murrizketen jatorria langileen eskubideak direla: bajak, oporrak eta baimenak, hutsune horiek betetzeko ez dagoela nahikoa profesionalik, behar den profila betetzen duenik. “Lan merkatuan libre dagoen langile oro” kontratatzen ari direla nabarmendu dute. Ohiko argudioa du hori erakundeak, eta ziurtatu du egoera koiunturala dela eta EAEn osasun arreta bermatuta dagoela.

Bestelako iritzia dute sindikatuek: osasungintza publikoa kolapso egoeran dela diote, eta besteak beste lan baldintzak direla profil falta honen jatorria. Artikulu honetan kontatu genuenez, osasun publikora gero eta baliabide gutxiago bideratzen da Hego Euskal Herrian, ohe gutxiago eta mediku gutxiago ditugu eta aldiz, diru publikoarekin gero eta gaixo gehiago bideratzen dira sistema pribatura.

Buruko osasunarentzat ere, baliabide gutxi

Hain justu, buru osasunaren nazioarteko eguna baliatuz, osasun mentalera bideratutako baliabideak indartzea eskatu du astelehen honetan Agifes, Asafes, Avifes eta Asasam elkarteak biltzen dituen federazioak. Federazioak egindako azterlanak hainbat gabezia atzeman ditu EAEko haur, nerabe eta gazteen osasun mentalari lotutako zerbitzuetan: plaza kopuru nahikoa duten osasun-baliabide intentsiborik eza (etxez etxeko arreta edo eguneko ospitaleak lurralde guztietan), larrialdietako ohe kopuru murritza, eta adingabe, gazte zein haien familiei laguntza psikologiko egokia emateko bitarteko urriak, besteak beste.

"Praktikan ez dago negoziaziorik"

Aste honetan, Osakidetzako Mahai Sektorialetik alde egin dute ELA, LAB, SATSE, SME, CCOO eta UGT sindikatuek. Osakidetza “gaiak mahaira ekartzera mugatzen” dela diote, “baina praktikan ez da inolako negoziaziorik egiten, eta azkenean ia hasierako terminoetan behin betikotzat jotzen den proposamen itxia planteatzen da. Horrekin, sindikatuekin negoziazio bat dagoela ere simulatu nahi da, baina ez da hala”.

Lan Eskaintza Publikoa egonkortzeko oinarriak jarri dituzte adibide –“sindikatu bakar baten abalik ere ez zuen izan”–, baita %4ko soldata parekatzearen eskakizuna eta PAC direlakoen ordutegiak berriro berreskuratzeko eskaera ere.

Osakidetzako zuzendaritzak erantzun du “harrituta” dagoela erabakiarekin, “sindikatuen aldarrikapena onartu delako eta alegazio-epe berria ireki delako gai-zerrendako lau gaietatik birentzat”. Sindikatuek alegazioak egiteko epea luzatu da honako bi arloetan: Osakidetzako kontratazio-zerrenda eta langileek baimenak hartzeko erregimena. Sindikatuek oharrean aipatzen duten %4ko igoeraren inguruan, Osakidetzak dio Ogasunaren eta Funtzio Publikoaren oniritzia behar dela.

Osasun Sailak eta Osakidetzak “elkarrizketarako eskua luzatuta” dute, eta eskatu diete sindikatuei “negoziazioaren bideari berriro ekiteko”. Sindikatuek ohartarazi dute “negoziaziorik eta edukirik ez dagoen bitartean” ez dutela berriro joko mahai sektorialera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetza
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


Jaioberrien orpo-probak 14 gaitz bilatuko ditu aurrerantzean EAEn, antzeman daitezkeen 50 gaitzetatik oraindik urrun

Jaioberriaren orpoan zizta eginez, hainbat gaitz aztertzen ditu osasungintza publikoak. Osakidetzak 14ra igo berri du aztertzen diren gaitzen kopurua, baina beste lurralde batzuekin konparatuta, atzeko postuetan dago EAE: Nafarroan 28 gaitz aztertzen dituzte, Galizian 33,... [+]


1.431 lanpostu sortzeak ez du Osakidetzaren plantilla handituko, ELA eta ESK sindikatuek salatu dutenez

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan iragarritako lanpostuak behin-behinean dauden langileen plazak formalizatzeko izanen direla esan dute ELA eta ESK sindikatuek.


Lehen arreta eta lan-baldintzak indartzeko premia

Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu ospitaleak handitzeko, eta ESK sindikatuak “desegokitzat” jo du erabakia.


Eguneraketa berriak daude