"Lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, aukera galdua izango da"

  • "Azaroaren 29an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean onartu den Lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, Euskal Hezkuntza Sistema eraldatzeko aukera galduko dugu", adierazi dute Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak eta zuzendari nagusi Jose Luis Sukiak, legearen gaineko balorazioaren berri emateko egindako agerraldian.

Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi Jose Luis Sukia eta lehendakari Nekane Artola.

2023ko abenduaren 14an - 10:14

"Lehen balorazio moduan, eta lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, esan dezakegu 'aukera galdua' izan dela iruditzen zaigula", azaldu du Ikastolen Elkarteak. "Aurreko agerraldia nola bukatu genuen gogora ekarri nahi dugu hitzez hitz: 'Galdu ezin dugun aukera baten aurrean gaude eta hezkuntza eragileon ekarpenak kontuan hartzeko eskatzen diegu alderdi politikoei eta hezkuntza sistemak behar duen benetako eraldaketari ausardiz heltzeko'".

"Hezkuntza sistemaren egoerak eraman gaitu eragile gehienoi diagnostikoan bat egitera: Euskal Herriko hezkuntza sistemek errotiko eraldaketa behar dute eremu guztietan, euskararenean, pedagogikoan zein antolaketan", gaineratu dute Artolak eta Sukiak. "Uste genuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Lege berri hau eraldaketa hori emateko oinarri sendo bat ezartzeko markoa izango zela. Oinarria eraldaketarako eta abiapuntua hezkuntza sistema propio baterako. Ikastolen Elkarteak ez du hezkuntza legea helburu, abiapuntutzat jotzen dugu. Hori bai, ahalik eta lege onena eta zehatzena nahi dugu".

"Guk geuk gure ekarpena egin behar genuela uste genuen eta hala jokatu dugu", diote. "2022ko apirileko Hezkuntza akordioak itxaropenerako bidea ireki zuen, alderdien artean zerbait berria eraikitzeko borondatea bazegoela sinistu genuen eta iruditzen zaigu ausardia erakutsi zutela publikotasun berri baten definizioan zein euskararen normalkuntzaren bidean. Bidea luzea izan da, eta ausardiak indarra galdu duela uste dugu".

Maiatzean, orduan aurkeztutako lege aurreproiektuaren balorazioa egin zuen Ikastolen Elkarteak: "Balekoa zela aipatu genuen, aukera esanguratsuak jasotzen zituela, baina baita gabezia ugari zituela ere. Halere, prozesuak artean zabalik jarraitzen zuela eta hainbat gai bideratzeko aukera bazegoela uste izan dugu orain arte. Beraz, zergatik diogu, orain, aukera galdua izan dela?".

Hainbat arrazoi eman ditu Ikastolen Elkarteak. Laburrean:

Euskara, euskal kultura eta Euskal Curriculuma: besteak beste, "murgiltze eredu orokortua lortzeko zehaztasunik ez eta berriro ere hizkuntza ereduak jaso dira lege proiektuan; Lege aurreproiektuan ez da ageri Euskal Curriculuma, ezta Euskal Curriculumean ardaztutako hezkuntza sistema bat eraikitzeko premiarik ere".

Gobernantza eredua. Publiko-pribatua dikotomia eta Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren definizioa: "Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren inguruan zehaztapen sakonagoa falta da, ez da bermatzen Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren barruan egongo diren ikastetxe guztiak baldintza beretan arituko direla, eta zerbitzuaren parte izango diren ikastetxeen betebeharrak ez dira zehaztasunez aipatzen, zeinak publiko-pribatu dikotomia betikotzeko arriskua sortzen duen".


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko Hezkuntza Legea
Eraikuntza nazionala

Hezkuntza Lege berria, adostasunetik jaio behar zena, haserrean eta desakordioan onartu da. Publiko-pribatu auziak eta hizkuntza ereduek eragin dute akordio falta. Pena handia.

Horretan Espainiako ereduari jarraitzen diogu, EAEn ez garelako gai oinarri amankomun batzuk jarri... [+]


EHEko kideak legebiltzarreko atarira kateatzen saiatu dira, Hezkuntza Legea salatzeko

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute protesta Euskal Herrian Euskarazeko kideek, “iraungita” dagoen Hezkuntza Legearen onarpena salatzeko. Goizeko 9:00etan elkarretaratzea burutu dute eta bi kide Legebiltzarreko atera kateatzen saiatu dira.


Oposizio guztia aurka duen Hezkuntza Legea onartu dute EAJ-PSEk

Iritsi da eguna: Eusko Legebiltzarrean ostegun goiz honetan onartu da soilik EAJ eta PSEk babesten duten Hezkuntza Legea. Legebiltzar atarian, Euskal Eskola Publikoaz Harrok eta Euskal Herrian Euskarazek protestak egin dituzte. Duela hogeita hamar urte onartu zen azken hezkuntza... [+]


Eguneraketa berriak daude