Lantegian bere buruaz beste egin duen 20 urteko gazteak pairatzen zuen esplotazioa salatu dute

  • Uztailaren 30ean suizidatu zen Luis Enrique Soriano dominikarra, lan egiten zuen Azpeitiko Manuel Aizpuru S.M enpresan. Elkar-ekin taldeak lantegian bizi zuen esplotazioa eta jazarpena salatu ditu.


2021eko abuztuaren 09an - 09:47
Azken eguneraketa: 11:50
Argazkia: uztarria.eus

Gutun baten bitartez eman du Elkar-ekin taldeak gertatuaren berri, uztarria.eus atarian. Dominikar Errepublikan jaiotako gaztea 17 urterekin heldu zen Apeitira, bertan bizi ziren senide batzuekin elkartu eta “bizitza hobe” baten bila. “Iritsi bezain laster aurkitu zuen lana herriko lantoki txiki batean, zehazki Manuel Aizpuru S.M enpresan. Lanean hastearekin batera, bere ingurunea egiten joan zen herrian: senideekin bizi zen, lagun berriak egin zituen eta bizitzaz gozatzen saiatu zen, horretarako tarterik zuenean”. Hiru urte geroago hil da Soriano, gauean lantegian bertan bere buruaz beste egin ostean, 20 urterekin.

Umiliazioa eta esplotazioa lantokian

Muturreko lan-baldintzak bizi izan ditu lantegian Sorianok hiru urtez, Elkar-ekinek salatu duenez. Ordu “zenbatezinak” sartzen zituen, 12 orduko lanaldia zuen “gutxienez”, eta larunbatetan ere egiten zuen lan. “Behartu egin zuten horretara, eta, bere egoeran, ez zuen hori egitea beste aukerarik ikusi”. Horrez gain “jazarpena” etengabea zela salatu du mugimenduak, horren hainbat edibide emanez. Tratu umiliagarria edo soldataren jaitsiera akatsen aurrean, lan-karga zela eta langile berri bat kontratatzeko eskaerari erantzun negatiboa... “Duela asko ez, COVID-19 gaitzak erasanda egon arren, lanera joatera behartu zuen nagusiak: gauez eta bakarrik egin behar izan zituen lanaldiak”. Bere buruaz beste egin zuen egunean ere akats baten aurrean nagusiak “betiko jarrera” izan zuen, gaztea ez zen etxera azaldu eta senideak arduratzen hasi ziren. “Luis Enriquek, ordurako, bere buruaz beste egitea erabaki zuen, hainbeste zoritxar ekarri zizkion lantegian bertan”.

Ez da kasu isolatua

Sorianok sufritutakoa errealitate orokorrago baten adibide dela dio Elkar-ekinek gutunean, eta arduradunak dituela. “Prekarietate eta jazarpen egoerak ohikoak dira herriko enpresa askotan, eta ohikoa da, aldi berean, egoera horiek okerrera egitea langileak migratzaileak direnean. Errealitate latz horiek Azpeitian (ere) gertatzen dira, eta arduradunak izan badituzte”. Sorianoren senideei, lagunei eta Azpeitiko dominikar komunitateari doluminak agertzearekin batera, “injustizia egoerak” gainditzeko elkartasuna antolatzera deitu du antolakundeak. “Herrian isilik igaro den heriotza latz hau ez dugu ahanzturan galtzen utziko. Horregatik, hitz hauen bidez, Luis Enriqueren memoria eta duintasuna aldarrikatu nahi izan ditugu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lan eskubideak
Tubos Reunidos enpresako sindikatuek salatu dute amiantoa agertu dela labe batean eta zenbait egunez lana ez zela gelditu

Enpresa batzordeak salatu du otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean amiantoa agertu zela labe kalibratzailean egindako obretan eta egun horietan lanak ez zirela eten. Enpresak azaldu du ohartu bezain pronto hartu zituela neurriak.


Greba mugagabean daude Gasteizko Udaleko autobus zerbitzuko langileak

Lehen bi egunetan %100eko jarraipena izan du grebak TUVISAn, enpresa batzordearen arabera. Jaurlaritzak %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Lan baldintzak eta zerbitzu publiko osoa hobetzea eskatzen dute langileek.


2023-12-11 | ARGIA
Astebeteko grebari ekin diote Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetan

Bost egunetik hirutan manifestazioak egingo dituzte hiru hiriburuetan. ELAren arabera, jarraipena %70ekoa izan da lehen egunean.


2023-11-27 | Hala Bedi
Michelinek 150 langile kaleratzeko mehatxua egin du

Enpresak komunikabideei filtratu die berria langileei eta batzordeari jakinarazi aurretik. Kaleratzeen iragarpena langileek eta LAB sindikatuak Michelineko zuzendaritzaren "deriba autoritarioa" salatu ostean etorri da.


Bost hilabetez kobratu barik egon ostean, Bizkaiko Correoseko langileek greba mugagabea abiatu dute

Correos posta-zerbitzuak garbiketarako azpikontratatutako Limpiezas J. Cordoba enpresako langileek salatu dute bost hilabete daroatzatela soldata kobratu barik eta, egoera konpontzeko neurririk hartu ez delakoan, greba mugagabera joatea erabaki dutela jakinarazi du ESK... [+]


Eguneraketa berriak daude