Langabezia jaitsi da, prekarietatea igo

  • 2017an 13.000 langabe gutxiago izan ziren Hego Euskal Herrian eta bosgarren urtez jarraian behera egin du langabezia tasak. Hala, lanik gabe daudenen kopurua 2009koaren parekoa da orain: 163.000 lagun.


2018ko urtarrilaren 04an - 10:48
Deliveroo, autonomo "faltsuekin" lan egiten duen enpresa Bilbon ere ezarri da (arg: Deliveroo)

Abenduan langabe kopuruak behera egin du Araban (-129) eta Bizkaian (-763), gora berriz Gipuzkoan (+149) eta batez ere Nafarroan (+511). Baina azkeneko urtean lurralde guztietan saldoa beheranzkoa izan da nabarmen. Gizarte Segurantzaren afiliazioak, berriz gora egin du eta 27.600 lagun gehiago daude izena emanda.

Datuak, ordea, ez dira etxafuegoak botatzeko modukoak. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu kontseilariak berak onartu du urtez urteko beherakadak “moteltzeko joerarekin” jarraitzen duela. Jaurlaritzak %10etik beherako langabezia maila nahiko luke –egun %12,2koa da, EBko batez bestekoaren lau puntu handiagoa–.

Bestalde, enplegu berririk apenas sortu da urteotan guztiotan, 2008an krisia hasi zenean baino 137.000 lanpostu gutxiago daude orain.

Kalitate eskaseko enplegua

Kopuru erlatibo eta osoari erreparatu beharrean, sorturiko enpleguaren kalitateak sortu du kezka handiena azkenaldian. 2017an sinaturiko lan kontratuen %92 aldi baterakoak izan ziren eta lanaldi partzialak gero eta gehiago dira, batez ere emakumeen artean. Datuok eskuan, LAB sindikatuak “prekarietatearen kronifikazio” bat dagoela ondorioztatu du.

Lanik gabe daudenen artean, gainera, langabezia saria jasotzen duten portzentajea gero eta eskasagoa da: langabetuen %61,37k ez du inolako kobertura edo laguntzarik momentu honetan.

Aitzitik, badira kalitate hobekuntza sumatzen dutenak. Hala, Miguel Laparra Nafarroako Eskubide Sozialetako lehendakariordeak “enplegu berriaren kalitatea hobetu” dela ziurtatu du. Gauza bera esan du EAEko Confebask patronalak, kontratu mugagabeak behin-behinekoak baino gehiago handitu direla esanez.

Lupa zertxobait altxatuta, Frantziako Estatuan hala nola Espainiakoan ere langabeziak behera egin du. Lehenengoan, Emmanuel Macron presidenteak bultzatutako langabetuen gaineko “kontrol” neurriek hizpide izaten jarraitzen dute. Bigarrengoan, Mariano Rajoyren txio honek eman du zeresana:

 

Baikortasun horren aurrean, kontratazioan egiten diren iruzurrak (autonomo faltsuak, kontratutik kanpoko lan orduak…) eta prekarietatea gogorarazi diote herritarrak ugarik presidente espainiarrari, euren esperientzia pertsonalak Twitterreko hari batean kontatuz:

“Gabonetako kanpainan lanean aritu naiz –dio erabiltzaileetako batek–. Bi hilabete eta erdiko kontratua, astea 6 egun, jaiak eta igandeak barne. Egunero 6 ordu egiten dut lan eta 600 euro irabazten ditut”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langabezia
2023-09-07 | Euskal Irratiak
Inflazioa izanik ere, langabezia nabarmen beheititu da Ipar Euskal Herrian

Langabezia nehoiz baino apalago da Iparraldean, baina inflazioa beti traba izaten segitzen du ekonomian. 2023ko lehen sei hilabetetako tendentzien berri eman du Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak. 210 enpresabururen sentipena bildu dute inkesta batean. Heren batek... [+]


Emakumeen artean aldizkako lan kontratuen %65 eten egin da maiatzetik hona

LABek salatu du Espainiako Estatuko lan erreforma onartu zenetik aldizkako lan kontratua dela emakumeen artean nagusi.


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
ESK sindikatuak Tubos Reunidos enpresako lan-erregulazio espedientearen "iruzurra" salatu du

Enpresak ABEE bat aplikatzen du, soldata murrizketak, plantillaren langabeziaren kontsumoa eta gastu publikoen igoera dakarrena, nahiz eta irabazi errekorrak izan. Gainera, malgutasuna handitzeko, plantillari "xantaia" egiten diola adierazi du sindikatuak prentsa... [+]


2023-02-14 | Gedar
Biztanleria ez-aktiboa inoiz baino handiagoa da Espainiako Estatuan: 16,7 milioi pertsona

Haurrak eta adinekoak zaintzeagatik lana utzi behar izan duten pertsonen kopurua %42 hazi da Espainiako Estatuan, eta horrek biztanleria ez-aktiboaren igoeraren erdia eragin du. Lanik egiten ez zuten pertsonak ia landunak bezainbeste ziren 2022ko azken hiruhilekoan.


Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian, batez ere emakumeen artean

144.903 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horien artan %60 emakumeak. 


Eguneraketa berriak daude