Langabetuak agroekologian murgiltzeko ikastaroak abian

  • Nafarroako Gosearen Aurkako Ekintzak abiatutako egitasmoa da AgroecologiCO2 ekintzailetza proiektua, eta Economias Bioregionales, Nhoalab eta Anaue elkarteak izan ditu lagun. Proiektuaren helburua sinple bezain interesgarria da: Nafarroan langabezian dauden pertsonei agroekologiarekin lotutako negozio-ideiak garatzen laguntzea. Horretarako, doako ikastaroak egin dituzte; ekoizpenaren alorrari begirakoa izan zen antolatutako lehena, eta orain, berriz, eraldaketari dagokiona eginen dute. Otsailaren 14an hasiko da Iruñean egiten ari diren ikastaroa, eta adi, oraindik bada lekurik eta. Hori bai, klaseak gazteleraz izanen dira.


2022ko otsailaren 10an - 06:54
Azken eguneraketa: 07:59

Astelehenetik ostegunera, goiz osoko saioak eginen dituzte martxoaren 18ra arte. “Langabezian dagoen edonork agroekologiaren bueltan zerbait egiteko ideia bat badu, tresna gehiago eskuratzeko aukera izanen du ikastaroan”, azaldu du Ione Andia Celaya Economias Bioregionales elkarteko kideak. Zerbait martxan jartzeko zalantzetan dabiltzan pertsonei behar duten bultzada ematea da asmoa, baina Andiak azpimarratzen duenez, gai horren bueltan ideia konkreturik ez duenak ere badu bere tokia ikastaroan. “Hasiberriak eta agroekologiarekin loturarik ez dutenak ere etor daitezke, noski”. Emakumeek lehentasuna dute.

Hiru ataletan banatuko da elikagaien eraldaketaren inguruko ikastaroa. Batetik, ikaskuntza komunitateen bidez hausnarketa eta jakintzen partekatzea eginen dute lau orduko hiru saiotan. “Sareak sortzeko, talde ikerketak egiteko eta sektoreko esperientziak partekatzeko helburua dute saiook”. Sektoreko hainbat ekintzaileren bisita ere izanen dute, haien esperientziatik ikasteko. Bigarren atala formazioarena da: eraldaketa prozesuei, tresneriari, ekintzailetzari eta bestelakoei lotutako kontuak landuko dituzte. Azkenik, behin ikastaroa amaitutakoan, partaide bakoitzak banakako aholkularitza eta jarraipena izanen du bere proiektua garatu ahal izateko.

Ekoizpen agroekologikoa lantzen

Irizpide agroekologikoetan oinarrituta, eraldaketari lotuta antolatu duten ikastaro honen aurretik, ekoizpenaren alorrekoa abiatu zuten duela gutxi Azkoienen. “Ikastaro hartan sumatu genuen bazegoela edozertan lan egiteko beharra zuelako hurbildu zen jendea, baina horiek bazutela gogoa ere. Bestetik, badaude gutxi batzuk lehenagotik baratzea lantzen ari zirenak eta gaiarekin oso motibatuak daudenak”. Pozik daude izandako erantzunarekin, batez ere, ikusita Azkoienen erabilpenik gabe zeuden udalaren baratze sozial batzuk orain lantzen ari direla.

Lehen bi ikastaro hauen ondotik, formazio gehiago antolatzen jarraitzeko asmoa dutela azaldu du Andiak, nahiz eta oraindik zehaztu gabe egon zertaz eta non izanen diren: “Pena da, oraindik gaiaren inguruan interes falta ere sumatzen delako. Askotan eskatzen ditugu horrelako gauzak martxan jartzea, baina gero, pena da izen ematean leku guztiak ez betetzea”. Interesa dutenek, informazio gehiago dute vivesemprende.org webgunean. 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Estitxu Eizagirre
#2
Gorka Bereziartua
#3
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#4
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


2024-03-25 | Garazi Zabaleta
Hazien liburutegia
Liburuak eta haziak, aberastasun publiko

Urteak dira Nafarroan eta beste zenbait tokitan hazien liburutegi proiektuak martxan dituztela. Hazien liburutegiak, liburuen liburutegietan. Euskal Herriko Hazien Sareak antolatutako hitzaldi batean izan zuen egitasmo horien berri Ane Leturia Delfrade Antzuolako liburuzainak,... [+]


Eguneraketa berriak daude