2024ko azaroaren 23an - 13:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri lanbroak konturatzerako bustitzen dituela oiloak. Antza, ez dira bakarrak.

Orain ez asko, eskolak ematen ari nintzen bitartean, azken aldian behin eta berriz entzuten ari naizen esamolde baten inguruan hausnartzen ari nintzela, ikasleei hari buruz galdetzea otu zitzaidan. Neure barnean erantzuna zein izango zen susmoa izan arren, zalantza izpi bat izan nuen. Agian, esperantza. Honako hau bota nien: zer uste duzue dela egokiagoa, arratsaldean geratuko gara ala arratsaldean geratzen gara? Edota, bazkalondoren deituko dizut ala bazkalondoren deitzen dizut? Ikasleek, nola ez, bi aukeretan bigarrena egokiagoa zela erantzun zidaten, inolako zalantzarik gabe.

Akaso bihar, ikasleek klasea amaitzean 'gauzak jasotzen ditugu?' galdetzen didatenean, 'bai, batzuk egunero' erantzun beharko nieke

Buruan dut duela urte batzuk bazela iragarki bat, “tzen metodoa” deiturikoa, euskara ikastea nahi zutenentzat zuzendua. Gogoan dut garai hartan iragarkiaren mezuaren kontura txantxa ugari egin genituela. Aitzitik, gure belaunaldiko jendearen artean esamolde hori oker erabiliz entzuten hasiak geunden, gutxi entzuten zen arren. Nik, neure ezjakintasunean, espresio modu hori begi onez onartzen nuen, modernoagoa zelakoan edo. Tamalez, urte gutxiren buruan, badirudi guztiz hedaturik dagoela; konturatu ere egin gabe geure egin dugula. Bizikidetzan dugun hizkuntzaren euri-langar etengabea ote...

Beti moduan, burura datorkit zein izan daitezkeen esaera arrotzak hain natural barneratzeko aldagai adierazgarrienak, eta horretaz gain, zerbait egiterik dugun. Gailuen bidez kontsumitzen ditugun edukien eragina? Globalizazioaren eragina? Biak ala biak? Ziur aski, aldagai askoz gehiago ere izango dira tartean.

Egun, zoritxarrez, uste dut esamolde horrekiko borroka galdua dugula. Esango nuke, neure lagun arteko solasaldi batean entzutean norbait zuzenduko banu, hainbat, zerri buruz nabilen konturatu ere ez liratekeela egingo. Segurutik, purrustadaren bat entzutea ere egokituko litzaidake; agian, arrazoiarekin gainera.

Akaso bihar, ikasleek klasea amaitzean “gauzak jasotzen ditugu?” galdetzen didatenean, “bai, batzuk egunero” erantzun beharko nieke.

Ioritz Gonzalez, irakaslea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Irakurleen gutunak kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 26
Itxurazkoa

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...