Biarritzeko aireportuan lanean aritu den enpresa bati eginiko sabotajea aldarrikatu dute, G7aren aurka

  • Colas-Sud-Ouest enpresa Biarritzeko aireportuan lanak egiten ari zen, G7ko gailurrari begira. “Colasen kolaboratzea salatzeko” enpresaren makinariaren aurkako sabotajea egin dutela adierazi dute.


2019ko uztailaren 16an - 13:23
Colas enpresaren maiknariaren artxibo irudi bat. Argazkia: www.colas-landes.fr

Herritar talde batek G7ko gailurraren aurkako sabotajea egin du igande gauean. Colas-Sud-Ouest enpresaren aurkako ekintza izan da, eraikuntza enpresa horrek nazioarteko gailurraren prestaketa lanetan parte hartzen ari dela argudiatuta. Horrela dio ARGIAk jasotako mezuak, hitzez hitz: “Colas-Sud-Ouest konstrukzio enpresak Biarritzeko aireportua konpondu du G7ko partaideen erabilerarako. Colasen kolaboratzea salatzeko Arbona zentro guziaren berreraikuntza beregain duela, lanetan ari diren egunetan, uztailaren 15 gauean, makineriak sabotatu dira”.

Colas-Sud-Ouest enpresaren aurkakoa ez da G7ko gailurraren aurka egiten den lehendabiziko ekintza zuzena. Asteotan ekintza gehiagoren berri ematen duten eskuorriak agertu dira Euskal Herriko puntu ezberdinetan, hala nola: Mc Donald’s eta Decathlonen kontrako ekintza Donostian, hainbat kutxazainen sabotajea Bilbon, Casino eta beste lau ostaturen kontrako sabotajeak Biarritzen, higiezinen agentzien sabotajea Baionan eta Getarian, “G7ak ordezkatzen duen sistema kapitalista heteropatriarkalaren aurkako sabotajeak” Donostiako Zara Kids, Stradivarius, Bershka, Orange edo Women Secret enpresetan.

Gailurraren aurkako ekimenak, biderkatzen

Abuztuaren 24tik 26ra elkartuko dira munduko zazpi herrialde aberastuenetako agintariak Biarritzen. Macronen gobernuak Miarritz eta inguruneak polizia eta militarrez inguratzea erabaki du, eta tokiaren arabera protesta eskubideak mugatu edo zuzenean indargabetu ditu. Azken hilabete eta asteetan gailurraren aurkako ekimen askotarikoak ugaritu egin dira.

Euskal Herriko 40 kolektibotik gora biltzen dituen G7 Ez! plataformak, eredu patriarkal kapitalistari “alternatibak” kontrajartzeko kontragailurra antolatu du Irunen eta Hendaian, abuztuaren 19a eta 23a bitartean. Iragan larunbatean manifestazio nazionala egin zen Biarritzen plataformak deituta, eta aurreko asteetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan izan ziren mobilizazioak. Uztailaren hasieran G7 Blokatu kolektiboa aurkeztu zen, “desobedientzia zibil masiboa” baliatuta gailurra “oztopatzea” helburu duena. Frantziako Estatuko eta Europako beste herrialde batzuetako mugimenduak ere ari dira antolatzen abuztu amaieran izango diren ekimen eta protestekin bat egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: G7ren aurkako mugimendua
2020-06-09 | ARGIA
G7aren kontrako manifestari bat kolpatu zuen polizia epaituko dute Baionako auzitegian

Ekainaren 26an epaituko dute polizia Baionako auzitegian. Poliziak jaurtiriko flashballa aurpegian jasorik, manifestariak zauri larriak ukan zituen aurpegian.


G7koen bileraren garaian atxilotutako gehienak errugabetzat jo dituzte

Defentsako abokatuek azpimarratu dutenez, prozedura akatsak egon dira haien aferetan. Azken auzia atzo iragan zen Baionako auzitegian.


G7koen bileraren garaian atxilotutako gehienak errugabetzat jo dituzte

Defentsako abokatuek azpimarratu dutenez, prozedura akatsak egon dira haien aferetan. Azken auzia atzo iragan zen Baionako auzitegian


Eguneraketa berriak daude