Abuztuaren 19tik 23ra antolatuko dute G7aren aurkako gailurra Hendaia eta Irun artean

  • G7 EZ! plataformak, Alternatives G7erekin batera, kontragailurra eta hainbat mobilizazio antolatu ditu Miarritzen bilduko den G7aren gailurrari erantzuteko.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko uztailaren 10an - 16:06
Egitaraua aurkeztu dute G7 EZ plataforma osatzen duten eragileek. (Argazkia: LAB)

G7 EZ! plataformak asteazken goizeko prentsaurrekoan hurrengo hilabeteetarako mobilizazio eta ekimenen berri eman du.

Azaldu duten moduan, azaroan hasi zen plataforma osatzen; Euskal Herriko hainbat eragile, mugimendu, sindikatu eta alderdi bilduz. Egun, 49 eragilek osatzen dute plataforma. Hala ere, nazioarteko atxikimenduak ere biltzen dabiltza eta datorren egunetan horien berri emango dutela iragarri dute.

"G7ak ordezkatzen duen kapitalismoaren kontra eta eredu berri batean oinarrituriko mundu bat eraikitzeko arrazoiak" asko direla azpimarratu dute. Eta hain zuzen ere, antolatu duten kontragailurra alternatibak partekatzeko eta eraldaketaren aldeko mezua zabaltzeko aukeratzat jo dute. Zentzu horretan, hiru helburu jarri dizkiote ekimenari: "Bata, G7-ak ordezkatzen duen kapitalismo basatiari ezetz esatea. Bestea, mundu berri baten aldeko ahalik eta herritar gehien elkartzea, alternatibak partekatu eta eraldaketa aldarrikatuz. Azkenik, bertako zein nazioarteko eragile zein herritarren elkargune bilakatzea."

Mobilizazio egitaraua

Lehen hitzordua larunbat honetan izango da: 17:00etan Biarritzeko Baratze publikotik, Midi geltokitik, abiatuko den manifestazioa, alegia.

Abuztuaren 19tik 23ra, Hendaia eta Irun artean kontragailurra antolatu dute. Eremu itxi zein irekietan gauzatuko da "Alternatiben Lurraldea".

19an eta 20an akanpalekua ireki eta harrera egingo zaie bertaratutakoei.  Jakinarazi dute bertan akanpatzeko oinarrizko baliabideak izango direla, baita jatekoa ere. Arratsaldez animazioak antolatuko dituzte eta Hendaia eta Irunera joateko autobus zerbitzuak eskainiko dira.  Lehen bi egunen xedea kontragailurra prestatzeko auzolana egitea izango da.

Abuztuaren 21, 22 eta 23an, bestalde, jardunaldiak izango dira. Ficoba izango da erdigunea, baina hainbat eremutan izango da egitarauaren eskaintza: konferentziak, eztabaidak, tailerrak, ekintza kulturak, jateko eskaintza, azokak...  Zazpi gairen bueltan oinarrituko da programa guztia:

    Mundu berria eraiki, kapitalismoa  eta multinazionalen diktadura gainditu!

    Planetaren suntsiketa gelditu... Lurra eta bizitzak zaindu!

    Mundu feministaren alde, heteropatriarkatua arrakalatu.

    Herrien aniztasuna eta askatasuna defendatu! Diskriminaziorik gabeko mundu (dekolonial) baten alde

    Demokrazioa eta eskubide guztiak guztiontzat! Autoritarismoarekin amaitu.

    Herrien arteko elkartasuna, gerra eta inperialismorik ez!

    Inor ez da ilegala, mugak eraitsi.

Abuztuaren 24an manifestazioa antolatu dute Hendaian. 11:30etan bi zutabe abiatuko dira; bata Pausutik eta bestea hondartzatik. Herriko erdigunean elkartu eta Santiago zubian amaituko da.

Abuztuaren 25ean ortzadarra eremua osatuko dute G7a ospatuko den eremuaren inguruan; "G7ak ordezkatzen duen kapitalismoari planto herritar masibo bat" egiteko asmoz. Adierazi duten moduan, plataformaren lan egiteko moldeak masa mobilizazioa, borroka ideologikoa eta desobedientzia zibila izanik, "soilik bide baketsuak" erabiltzeko apustua azpimarratu dute, "ahalik eta herritar gehien biltzeko helburuarekin."

Azkenik, kontragailurra antolatzeko zailtasunak azaldu nahi izan dituzte: "salatu behar dugu kontragailurra modu duinean egiteko tokiak lortzeko autoritate frantses zein espainolen aldetik izan ditugun oztopoak." Egun oraindik erabili ahal izango dituzten azpiegiturak zeintzuk diren ez dakitela argitu dute eta eskaintza baldintza horien pean antolatu behar izan dutela adierazi.

Traba horiek guztiek gastu ekonomikoa ere sortu dutela-eta; hainbat ekimen jarriko dituzte martxan udaran zehar. Kontu korronte zenbaki bat ere zabaldu dute ekarpenak jasotzeko: CREDIT MUTUEL FR76 1027 8022 7800 0443 5234 150.

Kanpainarako sortu duten irudia.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: G7ren aurkako mugimendua
2020-06-09 | ARGIA
G7aren kontrako manifestari bat kolpatu zuen polizia epaituko dute Baionako auzitegian

Ekainaren 26an epaituko dute polizia Baionako auzitegian. Poliziak jaurtiriko flashballa aurpegian jasorik, manifestariak zauri larriak ukan zituen aurpegian.


G7koen bileraren garaian atxilotutako gehienak errugabetzat jo dituzte

Defentsako abokatuek azpimarratu dutenez, prozedura akatsak egon dira haien aferetan. Azken auzia atzo iragan zen Baionako auzitegian.


G7koen bileraren garaian atxilotutako gehienak errugabetzat jo dituzte

Defentsako abokatuek azpimarratu dutenez, prozedura akatsak egon dira haien aferetan. Azken auzia atzo iragan zen Baionako auzitegian


Eguneraketa berriak daude