Laborategiko haragia: Donostiatik mundura

  • Etorkizuna dirudiena gertatzear da: Donostian, Zubietako Eskusaitzeta industrialdean, haragi sintetikoen fabrika bat eraikitzen ari da BioTech Foods enpresa. Munduko laugarren laborategia izango da Eskusaitzetakoa, oraindik Europan salmenta debekatuta dagoen bitartean. Zelula ametatik abiatuta, benetako haragiaren egitura berreraikitzen dutela ziurtatzen dute sustatzaileek, eta munduko elikaduraren arazoari irtenbidea eman nahi diote, jasangarritasuna eta animaliekiko tratu etikoa sustatzen duten bitartean. Ikerketak eta agroekologiaren aldeko ekintzaileak ez dira horren baikorrak, arazo guztien soluzio izan nahi duen «Frankenstein haragi» honen aurrean.


2023ko uztailaren 04an - 09:10
Azken eguneraketa: 01:07

2013an aurkeztu zen mundu guztiko hedabideen aurrean laborategi batean sortutako lehen «hanburgesa» jangarria. Herbehereetako Utrechteko Unibertsitateko Mark Post ikerlariak garatu zuen proiektua, eta, ordutik, hazi besterik ez da egin laborategiko haragiaren inguruko ikerketa, eta, are, ekoizpena. Mundu osoan ari dira enpresak sortzen, etorkizuneko merkatua nork dominatuko duen lasterketan.

Izan ere, ekonomia aldizkari eta webguneetan baieztatzen denez, 2030. urterako, mundu osoan jaten den proteinaren %16 laborategitik eratorritako honen bidez kontsumituko da, horrek suposatzen duen dirutzarekin.

Donostia dago lasterketa horren buru, bai Europan, eta baita munduan ere. Izan ere, Zubietako Eskusaitzeta industrialdean eraikiko da munduko fabrikarik handienetako bat: 11.000 m2 eta 150 langile, urtean 4.000 tona haragi sintetiko egiteko gai, aurreikusten denez.

Mundu osoko ehunka hedabidetan, benetako haragiaren alternatiba nagusi gisa ari dira aurkezten laborategiko haragia; ingurumena zaintzeaz gain, animalien ongizateari eta elikadura segurtasunari lotutako arazoak konponduko ditu, antza.

Etorkizuna etorkizun, ohiko haragiaren alternatiba honek milioika dolarreko inbertsioak erakarri ditu mundu osoan, batez ere teknologia digitaleko enpresa ezagunenen aldetik: Bill Gates da horietako bat, eta «klima aldaketari aurre egiteko» alternatiba gisa ikusten du laborategiko haragia.

Hedabideetan izandako diskurtso optimistez gaindi, argitalpen akademikoei begiratuz gero, komunitate zientifikoak eszeptikoagoa dirudi, gaiari buruz «nahikoa ez dakigula» nabarmentzen dute eta. Eztabaida hartzen ari den norabidea ikusteko: 2020. urtean 12.900 albiste zeuden sarean, baina soilik 327 artikulu zientifiko.

Baina zer da laborategiko haragia?

2013an aurkeztu zen jendaurrean, baina oraindik ez da normaltasunez komertzializatzen hasi. 2021 bukaeran Singapurren onartu zen lehen aldiz, eta joan den astean AEBetan, oilasko haragi sintetikoa merkaturatzea.

Izena bera ere eztabaidagai dago: laborategiko haragi, haragi artifizial, haragi sintetiko, in vitro haragi edo kultibaturiko haragi erabiltzen baita erdaretan. Badago, are, haragi hitza bera ere erabiltzea zalantzan jartzen duenik.

Edonola, haragi artifizial hau ez dago orain arte merkatu beganoarentzat bereziki pentsatutako «haragien ordezkoak diren» produktuekin lotuta: sojazko hanburgesak, tofuzko saltxitxak edo seitan xerrak. Kasu honetan, animalien zelula ametatik abiatuta egiten da prozesua: zelula biderkatuta eratzen den ehunak benetako haragiaren testura eta propietateak dituela baieztatzen dute enpresek.

Nola sortzen da haragi sintetikoa?

Haragi sintetikoaren bertuteetako bat da ez dela animaliarik hil behar prozesuan: animalia bizi baten muskulu ehunaren lagin txiki bat ateratzen da biopsia baten bidez, «animaliari minik egin gabe». Zelula amek bereizteko eta ugaltzeko gaitasuna dutenez, hazkuntza ingurune batean jartzen dira aminoazidoekin, karbohidratoekin, bitaminekin eta mineralekin, haien hazkundea sustatzeko.

Hurrengo urratsa bioerreaktore batean gertatzen da, eltze handi moduko batean, tenperatura, hezetasun eta abarreko mantenugai eta baldintza kontrolatuekin. Helburua zelulak hazten eta ugaltzen jarraitzea eta hiru dimentsioko masa zelularra osatzea da. Behin masa zelular tridimentsionala lortuta, muskulu zuntz bihurtzeko, estimulazio elektrikoa eta luzatze mekanikoa aplikatzen da. Zuntzak biderkatu egiten dira honela, eta benetako haragiaren testura berbera garatzen dutela ziurtatzen dute industriaren bultzatzaileek.

Behin behar bezala garatuta, bioerreaktoreetatik atera, findu eta azken produktu batean moldatuko dira, hainbat teknika erabiliz, tartean, 3D inprimaketa.

Ingurumenarentzako hobea al da?

Merkaturatu daitekeen produktu bat inork baino lehenago lortzeko lehian, enpresek eta start-up-ek sekretismo nabarmena dute. Hedabide honek ezin izan du telefonoz ere elkarrizketarik egin BioTech Foods enpresarekin, eta ale hau inprentara bidaltzerako orduan emailez bidalitako galderek erantzunik gabe jarraitzen zuten.

Ez dakigu, adibidez, haragia hazteko metodo hori industrialki garatzeak ingurumenean duen eragina. Oxfordeko Unibertsitateak 2019an egindako ikerketa baten arabera, laborategiko haragiaren ingurumen onurak epe luzera benetakoak izan daitezen, «energia iraultza» jazo beharko litzateke; zelulak kultibatzen diren bioerreaktoreek elektrizitate asko kontsumituko dute eta.

Izan ere, haragi sintetikoaren ekoizpenaren ustezko ingurumen onurak oraindik ez dira sakon aztertu. Hainbat azterlanen arabera, haragi sintetikoa ekoizteko egungo teknikak merkatua hornitzeko zabalduko balira, animaliak hazteko eta hiltzeko baino lau eta 25 aldiz karbono dioxido (CO2) gehiago sortuko lukete. CO2a da, hain zuzen, klima aldaketaren erantzule den berotegi efektuko gas nagusia.

Teknologia horrek lurraren, uraren eta antibiotikoen erabilera murriztuko lukeen arren —erabat ziurra ez den arren—, CO2 gehiago sortuko luke, hazitako zelulei mantenugaiak ematen dizkieten arazketa prozesuen atzean erregai fosilen tonak erretzen direlako.

Honela diote Californiako Unibertsitateko hainbat ikerlarik bioRXiv atarian argitaratu duten ikerketaren emaitzak: «Epe laburrean, haragi sintetikoaren ekoizpenak ingurumenean izango duen inpaktua, behi haragiaren batez besteko ekoizpenarena baino magnitude handiagokoa izango da ziurrenik, ekoizteko bitarteko oso findu bat erabiltzen baldin bada».

Arazo legalak saihestear?

2020ko abenduan onartu zuen Singapurko Errepublikak oilasko sintetikoa komertzializatzeko baimena, eta bidea ireki zen gainontzeko herrialdeentzat. Ordea, aurtengo ekainaren 23ra arte, hau da, joan den astera arte, itxaron behar izan dute AEBetan lehen baimena, oilasko sintetikoa merkaturatzeko.

Inbertsioari eta fabrikazioari dagokionean, AEB eta Israel dira aurreratuen dauden herrialdeak: bigarren herrialdean eraiki zuten lehen fabrika eta lehenengoan daude handienak izan asmo dutenak.

Eta Europan, orduan zer? Oraingoz debekatuta dago erabat. Enpresek, aldiz, konfiantza dute ekoizpenak aurrera egin ahala argituko direla merkaturatzeko aukerak. Badira, ordea, hainbat zailtasun. Europako legeak ez baitira transgenikoekin eta hormonen erabilerarekin beste herrialdeak bezain malguak. Transgenikoetan oinarritzen ez diren arren, BioTech Foods enpresak genetikoki modifikatutako Escirichia coli deitzen den bakteria erabiliko zuela jakinarazi zion Eusko Jaurlaritzari. 2021eko martxoan eman zion baimena Jaurlaritzak, 1 tipokoa dela ziurtatuta, eta beraz, legezkoa.

Europako estatuak hasi dira euren kabuz legeak egiten: Italian, Giorgia Meloniren gobernu eskuindarrak debekatu egin du laborategian sortutako elikagaiak eta intsektuak kontsumitzea, «gure kulturaren eta tradizioen osasunaren, kalitatearen eta babesaren» izenean. 2021ean, Frantziako Batzar Nazionalak zuzenketa bat egin zion Klimari eta Erresilientziari buruzko legeari, eskola jantokietan haragi sintetikoak debekatuz. Bitxia da debekua, herrialde osoan oraindik kontsumitu ezin denean.

Diru laguntzak, milioika

2017an sortu zuten Iñigo Charolak eta Mercedes Vilak BioTech Foods start-up-a, eta denbora gutxian diru laguntza eta inbertsio ugari jaso ditu. EHNE sindikatuak jakitera eman zuenez, Eskusaitzetako haragi laborategia egiteko proiektuak 5,2 milioi jaso zituen Espainiako Gobernuaren eskutik 2021ean, eta beste 753.000 euro ICEX Espainia Esportazioa eta Inbertsioak erakunde publikoaren eskutik. Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Handitu programak 18 milioi euroko diru laguntza aurreikusi du BioTech Foodsentzat.

El Salto aldizkarian xeheago jaso dituzte diru laguntzok: Handitu programatik 250.000 euro jaso zituen 2022an BioTech Foodsek eta 1.442.505, 2023an. Bilakatu programaren esparruan, 1.000.000 euro jaso zituen 2022an; Sumeat proiekturako 170.000 jaso zituen 2021ean, 65.636 2019an, eta 35.130 2020an. Hazitek programatik, 137.600 izan dira 2022an, eta 87.400 2023an.

Espainiako Zientzia Ministerioko Teknologia eta Industria Garapenerako Zentroaren eskutik 3,7 milioi euro jaso dituzten nekazaritzako elikagaien eta teknologiaren sektoreko zortzi enpresetako bat da BioTech Foods, haragi sintetikoaren fabrikazioa sustatzeko, Culturedmeat programaren esparruan. Europako Batzordetik ere jaso du dirua, zehazki 2,7 milioi euroko diru laguntza Meat 4 All programaren barruan [haragia guztiontzat]. Donostiako Udalak iaz eman zion enpresa berritzaileen saria eta errekonozimendua.

 

 

 

Donostiako Udalak berrikuntza saria eman zion BioTech Foodsi joan den urtean. Vila eta Charola sortzaileak, eskubitik hasita, bigarren eta hirugarrenak.

 

 

 

 

Nekazari eta abeltzainak haserre

Joan den astean elkarretaratzea egin zuen EHNE sindikatuak Eskusaitzetan, eta proiektua kritikatu zuten. Sindikatuko lehendakari Garikoitz Nazabalen arabera, «isiltasunean eta gezurrean» oinarritutako proiektu bat da haragi faltsuaren laborategia: «Frankenstein haragia» deitzen diote, hain zuzen.

Nazabalek proiektuaren atzean dauden «gezurrak» salatu ditu: «Abeltzaintza baino jasangarriagoa dela diote. Inondik inora ez da horrela, hori gezurra da. Unibertsitate ikerketa batzuek baieztatzen dutenez, abeltzaintzak baino 25 aldiz CO2 gehiago kutsatuko dute laborategiek».

Jasangarritasunaz harago, etorkizunean zein norabidetan garatzen ari den beldur da Nazabal: «Herria elikadura burujabetzarantz eraman beharrean, multinazionalen eskuetan ari gara uzten gure elikadura, eta gure menpekotasuna haiekiko. Herriak ahalik eta elikadura gehien bertan ekoitzi beharrean, eta ahalik eta elikagai dibertsifikatuenak eduki partez, enpresa hauei uzten diegu zelula amak komertzializatzen, haien eskuetan utziz patenteak eta jakintza hau». Eta ohartarazi du: «Interes ekonomikoen eta multinazionalen esku ari gara uzten gure elikadura».

 

 

 

EHNE sindikatuak Eskusaitzetan egin du elkarretaratzea, Biotech Foodsen laborategiaren irekiera salatzeko. (Argazkia: Xalba Ramirez / Irutxulo)

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura industria
2023-12-20 | ARGIA
Biomendi txerri granjan 80.000 tona hondakin industrial tratatu dituzte, 33.000-rentzako izan arren baimena

Abenduaren 16an Mendigorriako Biomendi txerri granja eta biometanizazio instalakuntzan elkarretaratzea egin du Nafarroako Makroetxaldeen Aurkako Plataformak. Bertan salatu du Biomendin 2022an 80.000 tona hondakin industrial-organiko tratatu zituztela, soilik 33.000 tonarentzako... [+]


2023-08-29 | Ilargi Manzanares
Nafarroako VIII. Azoka Ekologikoa egingo dute irailaren 15etik 17ra

Noaingo Zentzumenen parkean egingo da. Nafarroako elikagai ekologikoen merkatu handiena da; gune gastronomikoa, jarduerak, haurrentzako gunea eta gehiago eskainiko dute.


2023-07-18 | Leire Artola Arin
Zergatik eten du Errusiak Itsaso Beltzeko zereal esportazioen ituna?

Ukrainako gerra egonda ere, Errusia eta Ukrainako Gobernuek hitzartuta zeukaten laboreen esportazioa ahalbidetuko zutela, 2022ko uztailetik. Astelehenean Vladimir Putinek erabaki du ez luzatzea, arrazoituta NBE ez zela betetzen ari adostutakoa.


"Urtean 4.000 tona Frankenstein haragi egingo dituen munduko laborategirik handiena egin nahi dute Donostia"

Eskusaitzeta industriagunean BioTech Foods enpresa eraikitzen ari den haragi sintetikoen laborategi erraldoiaren aurrean elkarretaratzea egin du EHNE sindikatuak, makroproiektua salatzeko. Garikoitz Nazabal EHNEko lehendakariak salatu du “isiltasunean eta gezurrean”... [+]


Gaubeako tomate hidroponikoen plantako lan baldintzak: "Ezin da erlojua sartu lanera, denbora ez kontrolatzeko"

Gaubean ireki berri duten makro-negutegian lan baldintza "basatiak" salatu dituzte, eta kontratazio politikan hitzemandakoa ez betetzea. Arabako Alea-k tomate hidroponikoen plantan lan egin duten hainbat langilerekin hitz egin du.


Eguneraketa berriak daude