Krisi klimatikoak bereziki kolpatzen ditu emakumeak

  • Larrialdi klimatikoa eragiten ari den kalteak geroz eta leku gehiago hartzen ari dira hedabideetan eta pentsatu ohi da munduko biztanle guztientzat eragin negatibo horiek berdinak direla, mundu guztia bizi delako planeta honetan. Baina gaia zehatzago aztertuz, munduko zenbait biztanlerengan inpaktu gogorragoa izaten ari dela ikusten da. Bereziki, herrialde pobreetako emakumeengan. 


2019ko abenduaren 11n - 10:45
Ugandako emakume batzuk ur bila nola doazen erakusten du goiko irudiak. Munduan, emakumeek hamasei milioi ordu igarotzen dituzte egunero ur bila joaten, gizonek baino askoz gehiago (argazkia: Silvia Zappi).

Planetako toki askotan, emakumeak dira etxea zaintzearen, elikagaiez hornitzearen edo higienea bermatzearen arduradun nagusiak, eta horrek ahulago bihurtzen ditu krisi klimatikoak dakartzan ondorioekiko, bai nekazaritzan, bai uretan, bai energian eta bai osasunean.

"Klima aldaketak larritu egiten du ezagutzen den ahultasun oro, eta emakumea arrisku handieneko egoeran dago", esan du Helen Clarck Zeelanda Berriko lehen ministro ohiak Efe agentziari eskainitako elkarrizketa batean.

Krisi klimatikoak eragiten du, adibidez, emakumeek eta neskek distantzia handiagoak egin behar izatea ura eta janaria lortzeko, eta horrek eragotzi egiten die eskolara joaten jarraitzea, edo, muturreko kasuetan, beren lurraldeak uztera behartzen ditu, leku seguruago baten bila.

Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, nekazaritza da klimaren krisiak gehien kaltetutako jardueretako bat, eta emakumeak direnez etxerako elikagaiak lortzeaz arduratzen direnak, "haien biziraupenerako bitartekoak arriskuan daude, elikagai iturri tradizionalak gero eta fidagarritasun gutxiago baitute".

Saharaz hegoaldeko Afrikan, esaterako, emakumeak eskulanaren %75 dira, lurraren %1 baino ez duten arren; eta ikusten ari dira euren uztak nola ari diren etengabe murrizten, "etxaldeentzako hobekuntza teknologiko berberak lortzeko aukerarik ez dutelako eta lehorteei aurre egiteko haziak erosi ezin dituztelako", salatu du Clarckek.

Ur faltak, nekazarien lana zailtzeaz gain, beste ondorio batzuk ere ekar ditzake; besteak beste, NBE Emakumeak erakundeak atzeman duenez, emakumeen aurkako indarkeria areagotzea, amen heriotza, haurren ezkontza, infekzioak, gosea, malnutrizioa, lurren legez kanpoko usurpazioa edo pobrezia.

Erakunde horrek hogeita bost herrialdetan egin duen ikerketa batean, agerian geratu da, oro har, emakumeek hamasei milioi ordu igarotzen dituztela egunero ur bila joaten; gizonek, berriz, sei milioi ordu inbertitzen dituzte zeregin berean.

"Ura urriagoa bihurtzen den heinean eta sarbidea arazo bihurtzen den heinean, ikusten dugu emakumeek denbora gehiago pasatu behar dutela biltzen, beharrezkoa baita beren haurtxoentzat, garbitzeko edo janaria prestatzeko", azaldu zion Efeministari Saniye Gülser Corat UNESCOko Genero Berdintasunerako zuzendariak.

Horrek eskolara joateko aukerak ere mugatzen ditu, izan ere, Gülser Coratek ziurtatu zuen bezala, "Gehienetan ur hornidura neska gazteenen esku dago".

NBE Emakumeak erakundeak adierazi du garapen bidean dauden herrialde gehienetan emakumeak direla etxeko energiaren hornitzaile eta administratzaile nagusiak. Ondorioz, horretan inbertitzen duten denbora eta ahalegin fisikoa hezkuntzatik kentzen dute eta diru-sarrera propioak sortzeko beharko luketen denboratik.

Gainera, etxeko lanak egiten dituztenez, ordu asko ematen dituzte sukaldean, egurrez, ikatzez, uzta-hondarrez eta simaurrez egindako erregai solidoetatik eratorritako kutsatzaileen kea arnasten.

Datu kezkagarri bat, kontuan hartzen badugu "sukalde bateko su ketsu bat orduko 400 zigarroren errekuntzaren baliokidea dela", Kirk Smith Kaliforniako Unibertsitateko Ingurumen Osasun Globaleko irakasleak Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) artikulu batean dioenez.

Faktore horiek guztiek zuzenean eta zeharka eragiten dute emakumeen osasunean, eta emakumeak dira desberdintasun handienak dituzten gizarteetan hiltzeko probabilitate handiena dutenak, azaldu zion Efeministari Garapenerako Nazio Batuen Programako generoan, garapen iraunkorrean eta ingurumenean aditua den Andrea Quesadak.

Hondamendi egoeretan, emakumeen hilkortasuna gizonekin alderatuta 14 eta 1 artekoa izatera irits daiteke, Quesadak adibide gisa jarri zuenez.

Gainera, OMEren arabera, emakumeek osasun-arreta gutxiago jasotzen dute, eta, oro har, gaixorik dauden pertsonak zaintzeaz arduratzen dira; hori dela eta, gaixotasunez kutsatzeko joera handiagoa dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak

Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek eta diotenaz, ondorioak izanen ditu gainontzeko estatuengan ere, besteak... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


Eguneraketa berriak daude