Putin: "Ez sinetsi Krimea ondoren beste eskualde batzuk geureganatuko ditugula diotenei"

  • Astearte eguerdian jendaurrean egindako ezohiko agerraldian Vladimir Putinek ontzat eman du Krimea Errusiaren parte izatea berriz ere. Penintsularen bilakaera historikoa errepasatu du Putinek, horren zergatiak esplikatzeko. Gainera, igandeko erreferendumaren emaitza gogora ekarri du.


2014ko martxoaren 18an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Ezohiko agerraldia egin du Errusiako presidenteak Krimeako egoeraz hitz egiteko (argazkia: Telesur).

Ukrainarekin harreman onak edukitzearen alde agertu da Errusiako presidentea. Maidan plazako protesten atzean dauden arrazoiak ulertzen dituela esan du, baina zenbaitek (neo-naziak, anti-semitak eta nazionalista ukrainarrak seinalatu ditu) estatu kolpea egiteko baliatu dutela mugimendua.

Errusiak ez du Krimeatik haragoko mugimendurik egingo Ukrainan, Putinek adierazi duenez. "Ez sinetsi Krimearen ondoren beste eskualde batzuk geureganatuko ditugula dioten horiei, ez baititugu behar", esan du zehazki. NATOrekin hitz egiteko prest agertu da, Errusiako mugan aliantzako soldaduak ez egotea baldintza gisa jarrita.

AEBek zigor ekonomikoak iragarri dituzte

“Beraien erabakia” izango zela, esan zuen joan den ostiralean Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, Errusiak Krimea bereganatuz gero AEBek ezar zitzaketen zigorrei buruz hizketan. Eta erabakia hartu dute AEBek. Astelehenean Barack Obamak Gerra Hotza amaitu zenetik Errusiari ezarri zaizkion zigor handienak iragarri ditu.

Washingtonek argitara eman du Errusiako goi-kargudunen zerrenda bat eta adierazi du pertsona horiek AEBetan dauzkaten aktiboak blokeatuta geratuko direla. Kommersant agerkari errusiarraren arabera zerrendan agertzen dira Vladimir Putin presidentearen bi aholkulari (Vladislav Surkov eta Sergei Glaziev), Andrei Klitxas senataria eta Dumako bi parlamentari (Leonid Slutski eta Elena Mizulina).

11 izeneko zerrendan ukrainarrak ere badaude, Viktor Janukovitx presidente ohia tartean.

Europar Batasunak ere antzeko neurriak har ditzakeela iragarri du eta 21 izeneko zerrenda osatuko duela dio, nahiz eta Bruselatik oraindik ez den argitu zein izango diren zigortutako politikariak.

Errepublikarren presioa

John McCainek, Obamarekin AEBetako presidente kargurako lehiatu zuen errepublikarrak, neurri gogorragoak eskatu ditu Errusiaren kontra. “[Obamak] Esan behar zuen Ukrainari laguntza militarra emango diogula, hori behar baitute, azkar gainera”.

Momentuz, AEBek zigorren bidetik joko dutela dirudi ordea. Obamak asteleheneko agerraldian azaldu zuenez, Putini jakinarazi dio Krimeako erreferendumak Ukrainako konstituzioa “bortxatzen” duela bere ustez. “Ukrainako interbentzio militarrak jarraitzen badu, bakartze diplomatikoa sakontzeko bakarrik balioko du eta Errusiako ekonomiak bidesari handia ordainduko du”.

Krimean dauden soldadu errusiarrak euren kuarteletara itzultzea eta nazioarteko begiraleek gidatuta Kieveko gobernu berriarekin hitz egitea dira AEBen baldintzak Krimeako krisia bideratzeko.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Krimeako krisia
Krimeako tatarerazko telebista lizentziarik gabe utzi du Errusiak

Krimeako tatareraz lan egiten duen munduko telebista kate bakarra, ATR, lizentziarik gabe utzi du Errusiak. Erabakia teknikoa izan dela adierazi diete Nationalian irakur daitekeenez, legedia betetzeko eskabideak ez dituela garaiz bete argudiatuz. Internet bidez emititzen... [+]


2015-03-26 | Ibai Trebiño
Sebastopol "hiri heroikoa"

2014ko otsailaren 28an; Sebastopolen milaka pertsonek Nakhimov almirantearen plaza hartu eta hiriaren defentsa antolatzen hasi ziren. Egun batzuk lehenago, Kieveko Maidan plazako ekintzaile europarzaleek eraikin publikoa okupatu eta botere aldaketa bortizki gauzatu zuten.


Eskoziaren independentzia onartzeko prest da Espainia, Salmondek dioenez

Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiak jada adostu du Espainiako Gobernuarekin Eskoziak independentzia lortzen badu, onartu egingo duela.


Eguneraketa berriak daude